Unibertsitate mailako ikasketak, on-line eta euskaraz?

Iratxe Esnaola eta Iñaki Alegria./
Iratxe Esnaola eta Iñaki Alegria.

UEUren eraginpean, Euskal Herriko hainbat unibertsitatek eta zenbait erakundetako ordezkariek aukera horren inguruko gogoetari ekingo diote datorren astean

N. A.DONOSTIA

Unibertsitario gehienak gazteak dira, ikasketak dituzte egiteko nagusi, ordutegi eta egutegi jakin batzuen arabera klasera joaten dira eta aurrez aurreko tratua dute irakaslearekin. Aspaldi utzi zion eredu klasiko horrek, ordea, bakarra izateari. Urrutiko unibetsitateek lehenik -Espainiar estatuan, esaterako, 1972an sortu zen UNED-, eta teknologia berriek ahalbidetu dituzten formula ugariek ondoren, izugarri malgutu dute unibertsitate mailako ikasketen eskaintza eta, horrenbestez, ikasle profil eta ikasketa erritmo desberdinak ahalbidetu dituzte.

Euskara eta Euskal Herria, alor honetan, atzean gelditu direla esan daiteke. Izan ere, erdaraz aukerak badaude, kanpoko unibertsitateen bidez behinik behin, baina euskaraz ezer gutxi dago. Baliteke, baina, gauzak aldabidean jartzea. Ekainaren 10ean, hain zuzen, 'Euskarazko on-line eskaintza unibertsitateak: egoera eta erronkak' jardunaldia egingo da Donostian, UEUren eraginez. Koldo Mitxelena kulturgunean ostiral goiz horretan burutuko den jardunaldian (doakoa da, baina jardunaldian parte hartzeko izena eman behar da hemen ) erakundeetako eta aurrez aurreko unibertsitateetako ordezkariek gaiaz duten ikuspegia partekatuko dute, besteak beste.

Lankidetzan eta instituzioen eskutik

UEUk denbora darama gaiaren inguruko gogoetan. Iñaki Alegriak jardunaldiaren aurkezpenean esan duenez, «azken hiru urte hauetan euskarazko on-line eskaintza bat sortzen dihardu unibertsitatearen eta euskararen beste erakunde batzuekin batera. Baina, zoritxarrez, orain arte ez da posible izan berau gauzatzen hastea. Egin ditugun azterketek baikorrak izateko zantzuak ematen dizkigute: irakasle-tutoreak aurkitzeko arazorik ez da aurreikusten eta gutxienez bospasei titulazio eskaintzeko ikasle potentzial nahikoa egon daiteke. Gainera, unibertsitatean dugun arazo biri, irakasleen batez besteko adina etengabeko handitzea eta ikerlari gazteak unibertsitate sisteman integratzeko zailtasunak, irtenbidea bideratzen lagun lagun lezake halako egitasmo batek. Baina bide hau, arrakastatsua izango bada, lankidetzan eta instituzioen eskutik egin behar da. Eta horregatik antolatu dugu jardunaldi hau, gai honek duen garrantzia plazaratu eta inguruko hausnarketa egiteko».

Jardunaldien koordinatzailea, eta saio denak gidatuko dituena, UEUko talde eragileko kide eta Deustuko Unibertsitateko irakasle Iratxe Esnaola izango da. Aurkezpenean azaldu duenez, «jardunaldi honek bi helburu nagusi ditu. Batetik, egungo egoeraren argazki bat aterako dugu. Argazki hori lortzeko, hasteko, erakunde publikoek arlo honetan duten ikuspuntua eta etorkizunerako dituzten asmoak ezagutuko ditugu. Horretarako Euskaltzaindia, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza izango ditugu gurekin. Jarraian, lau unibertsitatetako ordezkariak izango ditugu: Deustuko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa. Hauek, gaur gaurkoz, online eta euskaraz duten eskaintza aipatuko dute eta baita, aurrez aurreko gisa jaio arren, nola kokatzen diren online paradigman eta zein diren etorkizunerako urratsak».

Argazki eta radiografia honen ondotik, kaferako tartea hartu eta bigarren helburuari helduko zaio: euskarazko online eskaintzak unibertsitatean dituen erronken gainean sakonduko dugu. Horretarako, hasteko, UOCeko Ikaskuntza eta Irakaskuntzako errektoreordea den Carles Sigalés Conde izango dugu gurekin eta sortu eta 20 urte hauetan UOCek kataluniar jendartean izan duen eraginaz hitz egingo digu eta baita arrakastaren gakoak zein izan diren eta online eskaintzaren etorkizuna nola ikusten duen. Ondoren, UNEDeko zuzendari-ohia eta patronatokidea den Juan Jose Alvarez Rubio eta UEUko zuzedari Iñaki Alegria Loinaz batuko zaizkio Carlesi eta euskarazko online eskaintzak dituen erronkez arituko dira».

 

Fotos

Vídeos