Code.org euskarara ekartzeko 'auzolanerako' deia

Egitasmoa sustatzen dutenen artean Facebook-eko buru Mark Zuckerberg dago./
Egitasmoa sustatzen dutenen artean Facebook-eko buru Mark Zuckerberg dago.

UEUk eta UPV/EHUko Informatika Fakultateak deituta, larunbatean bilduko dira Donostian, Fakultatean bertan, haurrei eta gazteei programatzen irakasten dien web gunea Durangorako prest egon dadin

N.A.donostia

Haur eta gazteengan programatzen ikasteak dituen onuren inguruan ez dago zalantzarik. Irakaskuntza arautuan aditu askok ezinbestekotzat jotzen duen 'alfabetatze' mota horrek oso tarte txikia badu ere, baliabide eta ekimen ugari joan dira garatzen azken urteetan, jolasaren bidez-eta gazteenek ikas eta ikus dezaten ez dutela zertan izan erabiltzaile pasibo.

Aukera sorta zabal horretan bada bat, code.org plataforma, 2013an sortu zenez geroztik hedapen izugarria izan duena. Ali eta Hadi Partovi iraniar jatorriko anaia biki estatubatuarrek YouTubera igo zuten bideo batekin abiatu zen proiektua (eguneko bideo ikusiena izatea lortu zuen), eta orduz geroztiz, anaiek teknologia berrien eremuan ibilbide arrakastatsua egin duten bitartean, irabazi asmorik gabeko egitasmo erraldoi bilakatu da, milioika erabiltzaile dituena. Teknologia berrien alorreko izen handi guztien babesa duen ekimenak arreta berezia jartzen dio integrazioari, bestela prestakuntza ona izatea ezinezko izango luketen neska eta mutikoei aukera hori emateari.

Web gunean sartu-irtena egitea nahikoa da ikusteko zer nolako tamaina duen ekimenak, eta zein atsegina egiten zaien erabiltzaileei konputagailuak programatzen ikastea. Izan ere, ezagunak diren film eta marrazki bizidunen bitartez programazioaren oinarrizko kontzeptuak ikasi eta haiekin jolastu egiten dute, beraien joko eta artelanak sortzen dituzten bitartean. Beste aukera batzuk ez bezala, tresna hau doakoa da erabat, irakasleek ikasleekin batera baliatzeko oso egokia, etxean ere erabilgarria.

Euskara, 38. hizkuntza

Weg gunea 37 hizkuntzatan erabil daiteke (katalanak, esate baterako, badu bere bertsioa), baina ez dago euskaraz. Joan den uztailean, Udako Euskal Unibertsitateak ikastaroa antolatu zuen, 'Code.org. Programatzen ikasteko tresna baten erabilpena eta lokalizazioa' izenburupean, tresna ezagutzeko eta hori euskarara ekarriko zuen talde bat osatzeko.

Edurne Larraza UEUko kide eta UPV/EHUko Informatika Fakultateko irakasleak dioenez, «osatu genuen taldea eta adore handiz hasi ginen lanean, Durangorako prest edukiko genuelakoan». Lan handia egin dute harrezkeroztik, bidearen erdia kasik, baina amaitu zen udara, itzuli zen bakoitza bere lanetara eta, aldi berean, hasi zen hurbiltzen Durango, non lehen egunean protagonistetako bat izango den code.org euskaratua. Euskararen Egunaren inguruko ekitaldietan ere emango du esatekorik Code.org-ek

Edukiaren %51 euskaratuta (450.000 hitz dira guztira), azken bultzada behar du ekimenak, eta horretarako antolatu dute UEUk, UPV/EHUko Informatika Fakultateak eta Ikasle Kontseiluak larunbat honetan, azaroak 7, Ibaetako campuseko fakultatean egingo den 'maratoia'. Hogei bat lagunek eman dute izena horretarako epea zabalik egon den bitartean -«lehen eta bigarren hezkuntzako irakasleak, fakultateko ikasleak...»- dio Larrazak, baina esku bat luzatu nahi duenak jo dezake oraindik helbide honetara.

Parte hartzeko baldintza da euskera eta ingelesa jakitea, «eta informatikaz zertxobait jakitea», nahiz eta alor horretan ez den aditua izan behar, ingelesezko bertsioa euskara ekartzea, ikuspegi teknikotik, ez baita oso konplikatua.

Hitzordua, beraz, larunbat honetan, Donostiako Informatika Fakultatean, goizeko 10:00etan. Egitaraua honako hau da:

10:00-10:15 Ongi etorria eta Code.org-ren sarreratxoa

10:15-12:30 Itzulpen-saioa

12:00-12:30 Atsedena

12:30-15:00 Itzulpen-saioa

15:00-16:00 Otordua

16:00-16:30 Sari-banaketa eta agurra (besteak beste, egunean zehar gehien itzultzen duenak jasoko du saria)

 

Fotos

Vídeos