Borrar
Las diez noticias clave de la jornada
Aldaketaren aurka dago Nafarroako Gobernua, eta ikastolen esku utzi nahi du soilik euskarazko irakaskuntza eremu ez euskaldunean. Hori da, esaterako, aurtengo Nafarroa Oinez antolatu duen Zangozako ikastolaren kasua.
Urrats 'historikoa' egin dezake euskarazko irakaskuntzak Nafarroan

Urrats 'historikoa' egin dezake euskarazko irakaskuntzak Nafarroan

Aste honetan abiatu dituzte Parlamentuan Euskararen Legea aldatzeko tramiteak

MIREN IMAZ

Sábado, 1 de noviembre 2014, 07:49

D ereduak Nafarroako eremu mistoko ikastetxe publikoetan duen hala-nolako ezarpena ikusita, euskara hutsezko eredua eremu ez euskalduneko sare publikora zabaltzeak ez dio epe motzean mirarizko soluziorik ekarriko euskarak Foru Erkidegoan bizi duen egoerari. Hala eta guztiz ere, abian den Euskararen Legearen aldaketa urrats 'historikotzat' jo izan dute askok azken asteotan. Besteak beste, berehalako eraginaz haratago, gutxieneko aintzatespen administratiboa emango lioke euskarari eremu ez euskaldunean, eta aukera gehiago seme-alabak euskaraz hezi nahi dituzten gurasoei. Euskalgintzako eragile guztiek aldarrikatzen duten erabateko ofizialtasunetik oso-oso urrun jarraituko du, baina Nafarroako zati handi batean 1986ko legeak ukatzen dion existentzia ofiziala aitortuko dio aldaketak euskarari, irakaskuntzara mugatua bada ere.

Oraingo honetan, legea aldatzeko aurreko saio gehienetan ez bezala, aritmetika parlamentarioa alde du euskarak Nafarroan. Abagunea eta, horren baitan, Nafarroako sozialisten euskararen inguruko diskurtsoaren aldaketa baliatuz, urria hasieran hasi ziren gauzak mugitzen. Hasiera batean Euskararen Legea aldatzeko hiru proposamen mahairatu baziren ere, azkenean Izquierda-Ezkerra koalizioarenak egin du aurrera, PSN eta Geroa Bairen atxikimenduarekin. Proposamena murritzegia delakoan, Bildu eta Aralar-Nafarroa Bai ez dira ekimenera bildu, baina babes betea agindu diote. Hortaz, 50 kideko Parlamentuan, ezustekorik ez bada eta denek emandako hitzari eusten badiote, 27 parlamentarik baiezko botoa eman beharko liokete aldaketa proposamenari bozketa iristen denean. Ezezkoa agintean dagoen UPNko 19 parlamentarien eta Nafarroako Ppko taldea osatzen duten lau lagunen aulkietatik irtengo da. Iraulketa handirik ez bada, beraz, aurrera egingo du 1986an onartu zenez geroztik Euskararen Legeari egingo zaion bigarren aldaketak.

Eta ez da luze itxaron beharko. Hilaren 20an Izquierda-Ezkerra. PSN eta Geroa Bai-ko parlamentarioek erregistroan aurkeztu zuten aldaketa proposamenak aste honetan gainditu du aurreneko tramitea, astelehenean Parlamentuko mahaiak lege aldaketa bideratzea onartu baitzuen. Hamabost eguneko epea dute taldeek zuzenketak aurkezteko eta testua fintzeko eta, okerrik ez bada, urtea amaitu aurretik onartuko da D eredua eskatzeko eta eskaintzeko aukera Nafarroa osoko hezkuntza publikora zabalduko duen lege aldaketa, zonaldeen araberako bereizkeriarik gabe.

Zertan datza?

Funtsean, Euskaren Legeak irakaskuntzaren alorrean eremu mistorako aurreikusten duena eremu ez euskaldunera eramatean datza proposamena. Orain arte, legearen arabera eremu mistoan «euskara irakaskuntzan sartuko da pixkana-pixkanaka, progresiboki eta behar adina, ikastetxeetan euskarazko irakaskuntza duten lerroak sortuz, hala eskatzen dutenendako». Hartara, «hezkuntza maila ez-unibertsitarioetan euskara ikasketak emanen zaizkie hala nahi duten ikasleei, oinarrizko eskolatzearen bukaeran euskararen jakintza nahikoa izan dezaten».

HIRU EREMU ETA ZORTZI EREDU

  • Nafarroan, euskararen errealitatea 18/1986 Foru Legeak, abenduaren 15ekoak, euskarari buruzkoak (Ley del Vascuence gaztelaniaz) baldintzatu du 28 urtez, asko baldintzatu ere, lege horri atxikitako udalerri zerrenden araberakoa baita euskararen estatusa ofiziala eremu euskaldunean, 'mantenuerdikoa' mistoan eta ofizialki ikusezina ez euskaldunean. Zein zerrendatan dagoen zure herria, halakoak izango dira zure hizkuntza eskubideak. Hiru eremu dira, bai, baina Nafarroa bere osotasunean hartuta, eta euskararen aurrerabidearen ikuspegitik, piso oso desberdina dutenak. Eremu euskaldunean Nafarroak dituen 645.000 biztanleen %10 baino gutxiago bizi dira, 1.000 biztanletik beherako herri txikietan gehienak. Populazioa, eta euskararentzako hazkunde aukera nagusia, hortik at dago, kontuan izanik gainera eremu euskaldunean elebidun kopuruak bere horretan jarraitzen duela azken hogei urteetan, atzeraldian etenda baina asko aurreratu gabe. Biztanleen erdia baino zertxobait gehiago (290.000 pertsona) Iruñea barne hartzen duen eremu mistoan bizi da, eta gainerako %36a lurraldearen zati nagusia okupatzen duen eremu ez euskaldunekoa da. 150 udalerritik gora daude eremu horretan. Euskararen partida eremu horietan jokatuko da Nafarroan.

  • Hiru eremu asko badira, are gehiago dira hizkuntza ereduak zortzi. Jatorrizkoak, EAEko eskematik nahiko hurbil, lau ziren. Hor daude A eredua (irakaskuntza gaztelaniaz eta euskara eta ingelesa irakasgai); ia baztertuta geratzen ari den B eredua (zikloaren arabera, gai batzuk euskaraz ematen dira eta beste batzuk gaztelaniaz eta ingelesa irakasgai bezala ematen da); D eredua (irakaskuntza osorik euskaraz ematen da, gaztelania eta ingeleseko irakasgaiak izan ezik). Laugarren eredua berariazkoa du Nafarroak. Euskarari batere tokirik egiten ez dion G eredua da. Horiei gehitu behar zaie ingelesa bultzatzeko asmoz azken ikasturteetan sortu dituzten beste lau ereduak

Eremu ez euskaldunean, ordea, askoz ere ahulagoa da konpromisoa: Botere publikoek euskararen irakaskuntza lagunduko dute, eta behar denean, osoki edo zati batean finantzatuko dute, sustapen eta promozio irizpideei jarraikiz eta eskariaren arabera. Itunpeko ikastetxeen -hots, ikastolen- gain uzten da erabat euskarazko irakaskuntzaren ardura. Aldatu nahi den 26. artikulu horrek, dena den, eragotzi ere ez du egiten eremu ez euskalduneko ikastetxe publikoek D eredua eskain dezaten.

Garrantzi handiko kontuak ¬esate baterako, zenbat ikasle beharko diren D ereduko gela bat irekitzeko- zehazteke dituen proposamenak aurrera egiten badu, eta inoiz aplikatzen bada, teorian bederen Nafarroako edozein tokitako eskola publikotan ikasi ahal izango dute euskara hutsean neska-mutikoek. Erabakia, edonola ere, politikoa da, eta Nafarroako politikagintzan azken urteotan urak zein harrotuta dabiltzan eta aurreikuspenak kontutan hartuta, baliteke datorren urteko foru hauteskundeen ondoren gauzak orain ez bezalakoak izatea. Zalantza handirik gabe esan daiteke kalkulu politikoek ere badutela eragina aldaketa proposamenak aurrera egin dezan ahalbidetu duen adostasunean...

Gobernuak ezetz

Paradoxikoa bada ere -'iraingarria' hitza erabili du Geroa Baiko Uxue Barkosek-, ikastolen betekizuna defendituz arbuiatu du Nafarroako Gobernuak oposizioaren proposamena. Yolanda Barcina buru duen Exekutiboak esan du, batetik, oso urria dela D ereduaren eskaera eremu ez euskaldunean, %5ekoa, eta nahikoa direla ikastolak horri aurre egiteko. Eta adierazi du, bestetik, sare publikoa D eredua eskaintzen hasteak zalantzan jarriko lukeela Nafarroako eremu ez euskaldunean dauden sei ikastolen (Irunberri, Lodosa, Tafalla, Fontellas-Tutera, Zangoza eta Viana) bideragarritasun ekonomikoa. Baieztapena oinarritzeko aurtengo matrikulazio datuak erabili ditu, esanaz ikasturte honetan eremu ez euskaldunean lehen aldiz eskolaratu diren 1.524 haurretatik 82 bakarrik hasi direla ikastoletan, eta hortik ondorioztatuz horren parekoa dela euskarazko irakaskuntzaren inguruko interesa eremu ez euskalduneko familien artean.

José Iribas Hezkuntza kontseilariak eman berri dituen datuak ez datoz haatik bat 2009an orduko kontseilari Carlos Pérez-Nievasek (CDN) Parlamentuan eman zituenekin. Aurreko urtean egindako inkestaren emaitzen arabera, D eredua zen hain zuen Nafarroa osoan estimazio handienean zeukatena. % 26,3ri egokiena iruditzen zitzaien, preferentzietan hurrengoa (%22,8) gaztelaniazko A eredua zelarik.

Nafarroako Gobernuak zabaldutako oharrak, bestalde, ez du kontuan hartu euskarak existentzia ofizialik ez daukan eremu horretako udalerrietako askotatik gertueneko ikastolara daukaten distantzia handia izaten dela maiz, eta familiek ez daukatela garraiorako edo jangelarako laguntzarik, ez bestelako erraztasunik. Eta ume txiki bat egunero autobusean gora eta behera ibiltzera derrigortzea, eta horrek guztiak dakarren kostua norberaren gain hartzea, batez ere egunotan, disuasio-argudio oso-oso sendoa da.

Eremu ez euskalduneko ikastetxe publiko jakin batzuetan D eredua eskainiko balitz, bere gain hartu beharko lituzke administrazioak bertara joan nahi duten ikasleen garraio eta jangela gastuak.

Hain zuzen ere, arrazoibide horiek guztiak tartean zirela, ikastetxe publikoetan euskaraz ikasi ahal izan nahiak bultzatu zuen nagusiki 2010ean Euskararen Legeari egin zitzaion aldaketa, 1986an onartu zenetik aurrena, saio dezente egin badira ere. aldaketa bakarra. 2010eko aldaketak legearen printzipioak ez zituen ukitu, baina bai Nafarroa hirutan banatzen duen mapa. Lau udalerririri eremu ez euskaldunetik mistora pasatzeko aukera eman zitzaien. Arangurenek, Belaskoainek eta Galarrek baliatu dute honezkero aukera hori. Noaingo udalbatzak, berriz, eremu ez euskaldunean geratzea erabaki du. Beste udalerri batzuk, horien artean aktiboenenetakoa Beriain delarik, urteak daramatzate aldaketaren zain edo, besterik ez bada, euskara ikasi nahi duten herriko umeak Iruñera eramateko laguntza eske. Bidean den aldaketaren eskutik hel dakieke soluzioa.

D eredua, motel

Nafarroa osoko ikastetxe publikoetara hedatu nahi den D eredua, haatik, ez dago unerik osasuntsuenean Nafarroan. Euskara bera bezalatsu, geldi antzean dabil, atzera nabarmen egin gabe baina gehiegi aurreratu ezinean. Esan beharrik ez dago Nafarroako Gobernuak ez duela aparteko ahaleginik egiten sare publikoan euskarazko irakaskuntza sustatzeko, ezta gutxiago ere. Murrizketak inguru ez euskaldunetan euskaraz ikasten ari direnek horren beharrezkoak dituzten eskolaz kanpoko jardueretan, bertan behera gelditu diren programa osoak, D ereduko irakasleak susmopean jarri nahi izan zituzten ustezko txostenak... Horrek guztiak ere eragiten du, eta asko, batez ere kontuan izanik Nafarroan eskaintzen diren D ereduko plazen %70 gora sare publikoan daudela.

Erretratu zehatza egiteko datuak lortzea ere zaila da, Gobernuak kostata eta modu oso partzialean ematen baititu. Adibide bat jartzeko, Nafarroako Estatistika Institutuak 2000-2001 urteko datuak ditu bere web gunean. Honen ondoko atalean dituzue Hezkuntza sailak eskainitakoak, 2011-2012 ikasturtekoak.

Azken bizpahiru ikasturte hauetako matrikulazioan antzeman den motelaldiarekin batera, D ereduaren hedapenak badu beste ezaugarri argi bat: eremukako diferentzia izugarria. Hala, eremu euskaldunean, Haur eta Lehen Hezkuntzako datuak aintzat hartuta betiere,

%88 D ereduan ari dira: mistoan portzentajea %29koa da. Eremu ez euskaldunean, berriz, Gobernuak ikastolek eskaera soberan asebetetzen dutela argudiatzeko erabiltzen duen %5 urri hori dago murgiltze ereduan eskolaratuta.

Euskararen gainerako lurraldeetan geratzen den bezala, harreman nahiko zuzena finka daiteke euskararen egoeraren eta euskarak irakaskuntzan duen presentziaren artean. Iaz argitaratutako V. Inkesta Soziologikoaren arabera -16 urtetik gorakoen ezagutza neurtzen du inkesta honek eta datuak 2011koak dira- eremu mistoan egin du batik bat aurrera euskarak Nafarroan azken urteotan. Nafarren erdia baino zertxobait gehiago bizi den eremu horretan irabazi ditu hiztunak euskarak, elebidunen kopurua %5,2titk %9,8ra igo baita hogei urtean. Nafarroako batezbestekoa %12 ingurukoa da. Mutur batean eremu euskalduna, non %60 biztanle euskaldunak diren; portzentaje altua baina hiztun gutxi, biztanleak ere gutxi direlako. Beste muturrean, eremu ez euskalduna, non %2,3 baino ez diren elebidunak, 4.000 bat lagun.

Garrantzitsua da azpimarratzea eremu mistoan eremu euskaldunean beste elebidun daudela, 30.000 batean zein bestean, 60.000 guztira, Nafarroako elebidun ia denak. Esanguratsua da halaber nabarmentzea eremu mistoan, hazkunde handienekoa izateaz gain, gazteen eskutik datorrela euskararen biziberritzea. Adinean behera egin ahala igoz doa elebidunen ehunekoa eremu mistoan, eta igoerarik handiena 16-24 urtekoen artean gertatzen da, % 22,7koa. Ukaezina da hezkuntza sistemak bilakaera horretan izan duen eragina, D eredua, sare publikoan batik bat, hautu minoritarioa den arren. Eta ukaezina ematen du euskarazko irakaskuntzari trabak kentzen bazaizkio nafar denen aukera berdintasunak ez ezik euskarak ere asko izan dezaleela irabazteko.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Urrats 'historikoa' egin dezake euskarazko irakaskuntzak Nafarroan