Borrar
Iñaki Alegria 1984az geroztik da UEUkide. 1.200 dira guztira, unibertsitateko irakasleak gehienak.
«Online graduak eskaini nahi ditugu, beste unibertsitateekin lankidetzan»
Iñaki Alegria, UEUko zuzendaria

«Online graduak eskaini nahi ditugu, beste unibertsitateekin lankidetzan»

42. ediziorako 42 ikastaro eta jardunaldi antolatu dituzte, jakintzaren alor desberdinen arteko sareak indartu nahirik

NEREA AZURMENDI

Miércoles, 21 de mayo 2014, 00:44

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

1984tik da UEUko kide Iñaki Alegria (Donostia, 1958). Orduz geroztik bide oparoa egin dute bitzuek. Informatikan doktorea, EHUko irakaslea eta ikerlaria (Ixa taldean), duela gutxi arte EHUko Informatika Fakultateko dekanordea izan da Alegria, eta Langune elkartearen zuzendaritza-taldekoa da. Bi hilabete dira UEUko zuzendari berri hautatu zutela. Ardura horrekin biziko ditu aurten UEUren udako ikastaroak: 42. ediziorako, 42 ikastaro eta jardunaldi; ekainaren 30etik uztailaren 23ra bitartean, Eibarren, Iruñean eta Baionan. '#saretu' lelopean antolatu diren ikastaroetarako sarbide zuzenena, ueu.org webgunea.

- Zer izan zen UEU zuretzat orain dela 30 urte? Zer da gaur egun?

- UEUk ekarri zigun guztioi, euskaldun berrioi barne, konbentzimendu bat: euskaraz egin behar zela, eta egin ahal zela. Gero, niretzat, jakintza arlo desberdinetako pertsona interesgarriz osatutako sare bat egiteko aukera izan zen, hainbat urtetan zehar mantendu dudana eta oso baliagarria gertatu zaidana. Gaur egun, horrez gain ardura bat ere bada.

- Ardura nagusiak zein dira?

- Bi ildo aipatuko nituzke. Batetik, belaunaldi aldaketari eta ikerlari gazteei erantzun behar diegu. Ikerlari gazteen bilgune bat ari gara prestatzen, baina ez jakintza arloen araberakoa. Larraonako espiritua berreskuratu nahi dugu nolabait, azken urteetan ez baita lortzen jakintza arlo desberdinen arteko sarea hedatzea. Ohiko unibertsitateek espezializaziora jotzen dute, eta guk nahiko genuke arlo desberdinen arteko interakzio handiagoa lortzea, gazte horiek sarea egin dezaten. Bide batez UEUra hurbiltzen baditugu, askoz hobeto...

- Larraona, hainbat urtez UEU hartu zuen Iruñeko ikastegia, eredu bat ere bada, beraz.

- Larraonak ohiko unibertsitateek ondo egiten ez dituzten bi gauza zeuzkan: jakintza arloen arteko harremana eta horizontaltasuna, ikasle, irakasle eta adituen artean sortzen zen harremana. Hori UEUk mantendu egin du, eta uste dut bere balio handietako bat dela.

- Zein da bigarren ildoa?

- Eragile izaera daukagu, txikiak gara eta argi daukagu beste gizarte eragile batzuekin joan behar dugula. Hortaz, nahiz eta jarraitzen dugun pentsatzen euskalduna izatea berezkoa duen bilgune eleanitz batek izaera fisikoa behar duela, gauzak nola dauden badakigu, eta online munduan proiektu estrategiko bat garatzen ari gara.

- Zertan datza?

- Online graduak euskaraz ematea da proiektuaren xedea, beste unibertsitate batzuekin lankidetzan betiere. Hutsune hori egon badago, eta beste inork ez duenez beteko, geu ari gara horretan lanean, administrazioekin eta unibertsitateekin urte askoren buruan osatu dugun sarea baliatuz. Duela hamar urte saiakera bat bidean geratu zen. Agian orduan goizegi zen, baina laster beranduegi izan liteke.

- Katalunian aginte publikoek bultzatu zuten UOC soilik sarean diharduen unibertsitatearen antzeko zerbait izango litzateke?

- Katalunian oso ausartak izan ziren, eta UOC eredugarria da, zalantzarik gabe. Hain zuzen ere, aspaldi gaude haiekin harremanetan eta hitzarmen bat daukagu UOCekin bideragarritasun azterketa egiteko. Egun hauetantxe ari gara azterketa ixten, eta hasi gara administrazioarekin eta unibertsitateekin harremanetan. Proiektua gizarteratze fasean sartu da.

- Gainerako unibertsitateetan, zeuk lan egiten duzun unibertsitate publikoan kasu, euskarak muga jo duela uste duzu?

- Asko aurreratu da, baina gauzak dauden moduan ezin da askoz gehiago egin. Unibertitate publikoak, esaterako, legez dauka debekatuta irakasle gehiago kontratatzea, eta euskarazko irakasleek momentu honetan gaztelaniazkoek baino askoz ere lan gehiago daukate, eskaera handia delako. Guk uste dugu euskara hutsez ikasteko aukera bultzatu egin behar dela, eta hor ekarpen garrantzitsua egin dezakegula. Azken batean, euskararen eta unibertsitatearen artean zubiak eraikitzea da gure izateko arrazoi nagusietako bat.

- Saretuz, lankidetzan?

- Legeak unibertsitate sistemaz hitz egiten du. Guk sistema horretan sinesten dugu, baina uste dugu jokalari euskaldunek indar gehiago eduki behar dutela. Saretze lanean ere sinesten dugu, bistakoa da, eta iruditzen zaigu lan horren zati handi bat UEUk egin dezakeela. Esate baterako, ohiko unibertsitateetatik ateratzen diren ikerlari gazteekin. Inoiz baino hobeto prestatuta daude beraien espezialitateetan, zentzu horretan ohiko unibertsitateek oso ondo egiten baitute beraien lana, baina irakaskuntzan, adibidez, ezin dute esperientziarik hartu. Guk eskaini diezaiekegu aukera hori, EHUrekin batera antolatzen ditugun graduondokoetan, ikastaroetan..., eta euskal komunitate zientifiko-intelektuala sendotzen jarraitu, aldi berean.

- UEUk aspaldi utzi zion udakoa izateari. Zergatik eutsi izenari?

- Bai, badira hamar-hamaika urte. Eibarren, udalari esker, egoitza iraunkorra dugunetik orekatuta daude udako jarduerak eta gainerako sasoietakoak. Baina guretzat 'Udako' hori da bukatu gabeko proiektu baten sinboloa, eta orain jarduera urte osokoa izan arren proiektua osatu gabe dagoenez, eutsi egingo diogu.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios