Borrar
Fotolia
EAEko internauten erdiak erosketaren bat egin du sarearen bidez azken aldian

EAEko internauten erdiak erosketaren bat egin du sarearen bidez azken aldian

Sarearen bidez erosten dutenek, erosotasuna eta praktikotasuna, prezio merkeagoa eta denbora aurrezpena dituzte arrazoi nagusi

Viernes, 28 de diciembre 2018, 20:59

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Inoiz baino gehiago erosten dugu internt bidez. Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) internet erabiltzaileek %50,4k adierazi du azken hiru hilabeteetan erosketaren bat egin duela sarearen bidez, internet gizartean sartu zenetik izan den kopururik handiena, hain zuzen. Hala jakinarazi Nora Abete Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutuko zuzendariak, 'Euskadiko Merkataritza Elektronikoko praktikan kontsumitzaileek dituzten ohiturak eta gogobetetze maila' izeneko azterlanaren aurkezpenean.

Horrela, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleria osoaren %78,7k erabiltzen du internet, hau da, 1.461.000 pertsonak. Zifra horiek ikusita, «erabiltzaile horien jokabidea aztertzea erabaki dugu, eta informazio kanpaina bat abiaraztea, internet bidez erostean erabaki informatuak eta arduratsuak hartzen laguntzeko«.

Modu honetan, «Euskadiko Merkataritza Elektronikoko praktikan kontsumitzaileek dituzten ohiturak eta gogobetetze maila» azterlanaren arabera, internet erabiltzaileen erdiek erosteko ere erabiltzen dute bitarteko hori.

Internet bidez ez erostea erabaki dutenen artean, %76k adierazi du nahiago duela ohiko saltokietan erostea, %46k ez duela behar, eta %38k kezka azaldu du internet bidez erostearen segurtasunaren inguruan. Sarearen bidez erosten dutenen artean, berriz, arrazoi nagusiak dira erosotasuna eta praktikotasuna (%31), prezio merkeagoa (%17,1) eta denbora aurrezpena (%10,8).

Erosle motak

Euskadin Internet bidez erosi dutenen %32 ohiko erosleak dira, alegia, urtean hamar erosketa baino gehiago egin dituzte; %19,5ek adierazi du urtean 6-10 erosketa egin dituela, %43,5ek 2-5 erosketa eta %5ek bakarra. Sareko hamar erosletik zortzik 100 eurotik gora gastatu dituzte urtean, eta horietatik lauk 500 eurotik gora.

Ordaintzeko erari dagokionez, erabiltzaileen %67k txartela erabili du ordaintzeko, eta %22k ordaintzeko plataforma seguruak, adibidez, Paypal edo Apple Pay. Bidaiak, arropa eta osagarriak izan dira eskari handieneko produktuak, ikuskizunekin eta produktu elektronikoekin batera.

Erosketari buruzko gogobetetzeari dagokionez, erabiltzaileen %17k gorabehera garrantzitsuren bat izan duela adierazi du, batez ere produktua akastun edo hautsita heldu delako, produktua ez zaielako heldu edo berandu heldu zaielako, edo ordaintzeko arazoak izan dituztelako.

Eskubide eta gomendioak

Kontsumobidek sarean erosteko kanpaina bat abiatu du, erosketa horiei buruzko erreklamazioak %28 izan direla kontuan izanda. Abetek azaldu duenez, «internet bidez kontsumitzen duten pertsonei haien eskubideei eta erosketa seguruagoak egiteko bete behar dituzten neurriei buruzko informazioa eman eta sentsibilizatzeko» asmoa du kanpainak.

Hain zuzen, kanpainaren bidez eskaintzen diren gomendio batzuk dira produktuari buruzko balorazio eta iruzkinak irakurtzea, dendak sareko konfiantza zigilua edo antzeko jokabide kode bat duela eta kontsumoko arbitrajeko sistemari atxikirik dagoela egiaztatzea, eta saltokiko webgunearen segurtasun maila identifikatzea, zerbitzari seguruaren adierazle (https://), giltzarrapo edo giltzaren bitartez.

Gainera, ordaintzeko era erosoena aukeratzea gomendatzen da, eta produkturik edo tasarik aldez aurretik ez ordaintzea diru bidalketarako enpresen bitartez. Halaber, eskainitako prezioa guztizko prezioa dela egiaztatu behar da, tartean direla zergak eta garraioko edo beste gastu batzuk.

Azkenik, ordenagailuan gorde edo inprimatu behar da eskaintzari buruzko informazioaren eta egindako eragiketen frogagiriak edo frogak, eta produktua jasotzean, dena behar bezala dagoela eta arauzko informazioa eta dokumentazioa dituela egiaztatu behar da. Heltzean produktuak akatsak baldin baditu, emate agirian adierazi eta enpresari lehenbailehen jakinarazi behar zaio, produktu akastunari argazkia ateraz. Erosketan atzera egin nahi bada, 14 egun baino lehen egin behar da.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios