Donostia Festibala eta Heineken Jazzaldiak ekitaldi jasangarrien ziurtagiria dute

Donostia Festibala eta Heineken Jazzaldiak ekitaldi jasangarrien ziurtagiria dute
Jose Usoz

60 jaialdi eta ekitaldi publikok izango dute Erronka Garbia ingurumen ziurtagiria

DVDonostia

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) antolatutako 60 jaialdi eta ekitaldi publiko edo pribatu jendetsuk baino gehiagok izango dute aurten Erronka Garbia ingurumen ziurtagiria. Bilbao BBK Live jaialdiak lortutako ingurumen ziurtagiriari gehituko zaizkio uda honetan EAEn egin edo egingo diren rock eta jazz jaialdi nagusiak, hala nola Donostia Festibala eta Heineken Jazzaldia, Azkena Rock, Bay of Biscay, BIME eta BBK Music Legends.

Erakunde antolatzaileek hartutako konpromisoak aitortzen ditu ziurtagiriak, hots, ekitaldi bakoitzak ingurumenean eta baliabide naturaletan duen eragina minimizatzeko hartu dituzten konpromisoak.

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, rock zein jazz gerenoetako musika jaialdi nagusiak, herrietako jai ugari eta bestelako ekitaldi jendetsuak atxiki zaizkio Ingurumen Sailak 2016tik sustatzen duen ziurtagiria, sortzen duten ingurumen aztarna minimizatzeko xedez.

Bilbao BBK Live jaialdia da horietako bat, Erronka Garbia ziurtagiria lortu baitu hirugarren urtez jarraian. Nazioarteko jaialdiaren antolatzaileek edizio honetan hartu dituzten neurrien artean daude autobus hibridoak kontratatzea eta haien ibilbideak optimizatzea; edalontzi bakarra ezartzea esparru osoan; birziklapenerako edukiontziak areagotzea edari eta janari establezimenduen inguru, backstage eta ekoizpen eremuetan, eta antolakuntzako langileak prestatzea, besteak beste.

Gainera, jaialdi bilbotarra bere gasolio, ur eta energia kontsumoak eta sortutako hondakinak neurtuko ditu. Ingurumen adierazle horiek ahalbidetuko diote, kanpo erakunde egiaztatzaile baten laguntzarekin, ekitaldiaren ingurumen monitorizazio programa bat egitea, bere ingurumen aztarna ezagutzeko.

Neurri horiekin batera, jaialdiaren antolatzaileek ingurumen mezu ugari hedatuko dituzte ekitaldiaren hiru egunetan, bertaratutako pertsona guztiei zuzenduta, hondakinen kudeaketa zuzenaz eta baliabideen kontsumo neurritsuaz kontzientziatzeko.

Etengabeko hobekuntza eredu

Jaurlaritzak jakinarazi duenez, Erronka Garbia metodologia etengabeko hobekuntza eredu batean oinarritzen da, eta horrek ahalbidetu dio onarpen zabaleko aitortza izatea ekitaldien antolakuntzan. Horren froga da 2016tik 75 ekitaldi ziurtatu direla Euskadin, besteak beste, biltzarrak, hitzaldiak, akziodunen batzarrak, ekitaldi ludikoak, kirol ekitaldiak, musikaldiak edo herrietako jaiak.

Ekitaldi jasangarrien Erronka Garbia ziurtagiria ingurumen aitortzarako tresna bat da, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak garatu duena Ihobe sozietate publikoaren lankidetzarekin. Ziurtagiriak frogatzen du ekitaldien erakunde antolatzaileek hartutako konpromisoa, hau da, ingurumen eragina ekitaldiaren zikloko etapetan murrizteko konpromisoa.

Ziurtagiriak aplikatzen duen metodologia funtsezko hiru printzipiotan oinarritzen da: kutsaduraren prebentzioa egon litezkeen inpaktu negatiboak saihesteko edo murrizteko, gardentasuna eta sentsibilizazioa. Horrekin batera, lehentasunezko sei jarduera ardatz identifikatzen ditu ekitaldien ingurumen hobekuntzan: mugikortasuna, energia, ura, erosketak, azpiegiturak eta hondakinak.

Temas

Euskera