Desagertuta zegoen Labrazako Foruaren pergaminoa erosi du Jaurlaritzak

Dokumentuaren irudia/
Dokumentuaren irudia

Testuak, besteak beste, herriko biztanleen elkarbizitza arautzen du, baita horien eskubide eta betebeharrak ere. Gai horren inguruko agiri hori zaharrenetako bat da, Arabar Errioxaren historian dokumentu «garrantzitsua»

Nafarroako erregeak, Antso VII.a Azkarrak Arabako San Cristobal de Labraza herriari eman zion Labrazako Foruaren 1196ko lekukotza-dokumentua erosi du Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiarekin lankidetzan. Hilaren 19an erosi zen Madrilgo enkante-etxe batean, 9.325 euroko prezioan. Uste dute aukera handia dagoela erositako pergaminoa XIII. mendeko kopia bat izatekoa.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak ordaindu du diru-kopurua, «ondare baliotsu hori Euskadiko Artxibo Historikoak zaindu dezan».

Labrazako Forua XX. mendean desagertu zen, baina ez dakite data zehatzik. Juan Manuel Martínez Labrazako alkatea, Alicia Marin Perez Oiongo Udaleko artxibozaina, José Ángel Chasco etnografoa eta Pedro Uribarrena historialariak lagunduta lortu dute aurkikuntza egitea. Gero, Arabako Foru Aldundiak eman zion egoeraren berri Eusko Jaurlaritzari, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Kultura Ondareari buruzko legeek lehentasunez erosteko ematen dioten eskubidea gauza zezan.

Agiri zaharrenetarikoa

Testuak, besteak beste, herriko biztanleen elkarbizitza arautzen du, baita horien eskubide eta betebeharrak ere. Agiri hori Euskal Herriko Erdi Aroko biztaleen inguruan ezagutzen den zaharrenetako bat da, eta berreskuratzea, beraz, «betebehar bat izateaz gainera», Euskadiko Dokumentu Ondareari egindako ekarpen «garrantzitsua» izan da erakunde publikoarentzat.

Labrazako Forua «garrantzi handiko» testua da Euskadiko Erdi Aroko Historiaren ikuspegitik, eta Nafarroako erregeak, Antso VII.a Azkarrak, eman zion San Cristobal de Labrazari 1196an. Testua latinez idatzita dago, eta erregearen ikurra agertzen da bertan: arrano beltz bat beheko aldean, erdian, eta Krismoi bat goiko ezkerreko ertzean.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos