Datuen babesak gero eta gehiago kezkatzen ditu herritarrak

Norberaren datuen zabalkundea ez kontrolatzeak kezkatzen ditu batik bat herritarrak./FOTOLIA
Norberaren datuen zabalkundea ez kontrolatzeak kezkatzen ditu batik bat herritarrak. / FOTOLIA

Datuak Babesteko Euskal Bulegoak 800 aholkularitza eskabide baino gehiago jaso zituen 2017an

M. IMAZ

Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrak gero eta arduratuago daude norbere datu pertsonalak babesteko oinarrizko eskubideari dagokionez. Hori ondorioztatu du Datuak Babesteko Euskal Bulegoak 2017 urteko datuak bildu eta aztertu ostean. DBEBren arduradunek Lehendakaritzako idazkari nagusi Jesús Peñari aurkeztu berri dioten eta orain Eusko Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejeriari helaraziko dioten 2017ko memorian jasotakoaren arabera, iaz 800 aholkularitza eskabide baino gehiago jaso zituen Bulegoak. Kanal anitzeko arreta zerbitzuaren bidez jasotako kontsulten % 59 EAEko herritarrek egin zituzten, eta gehien-gehienak Interneten datuak ezerezteko eta datuei aurka egiteko informazio eskabideak izan ziren. Administrazio publikoek egindako kontsultei dagokienez (guztizkoaren %36), prestakuntza eskaerak izan ziren gehienbat, batez ere EAEko administrazio orokorrak eginak.

Herritarrek egindako kontsulten kasuan, DBEBk ohar baten bidez argitu duenez, «Bulegoaren zeregina izan da datuak ezerezteko (ahaztua izateko eskubidea, alegua) eta datuei aurka egiteko eskubideak behar bezala baliatzeko argibideak ematea eta laguntzea, batez ere Interneten eta sare sozialen ingurunean, kontsulta gehienak eremu horretakoak izan baitira».

Maiatzaren 25ean indarrean sartu zen Erregelamendu Orokorrari buruzko eskabide asko egin dituzte administrazioek, «ez duelako zehazten nola hartu behar diren erabakiak»

Bigarren tokian daude euskal administrazio publikoek egin dituzten kontsultak, hau da, kontsulten % 36. Gehienek zer ikusia izan dute Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrak —2018ko maiatzaren 25etik aurrera nahitaez betebeharrekoa Europar Batasuneko herrialde guztietan— ekarri duen ikuspegi berriarekin. Gehien antzeman den kezka izan da datu tratamenduen arduradunen eta eragileen prestakuntza beharrei buruzkoa.

Erregelamendu Orokorraren eredu berria kontu-ematearen eta proaktibitatearen sisteman oinarrituta dago, eta, horren arabera, arduradunek hartu behar dituzte datu-baseen helburuen eta tratamenduen bitartekoen gaineko erabakiak; baina, Erregelamenduak ez duenez zehazten nola hartu erabakiak, zalantza handiak daude. Hori dela eta, Datuak Babesteko Euskal Bulegoak «dozenaka prestakuntza ikastaro eman ditu, eta hainbat gida lagungarri editatu ditu administrazioak legedi berrira errazago egokitu daitezen». Azkenik, zortziehunetik gorako kontsulta multzoaren % 5 pribatutasunaren arloko profesionalek eta enpresek egin dituzte.

Interneten beldur

Memorian irakur daitekeenez, «2017an zehar Interneten bidez egiten den informazioaren zabalkundea da pertsonen buruhausterik handiena. Eta berretsi egiten da aurreko memorietan adierazitako joera, hau da, herritarren kezka handi bat dela euren datuak ez daitezela betiko hedatu Interneten«. Hori ekiditeko, »ahaztuak izateko eskubidea baliatu dezakete«.

2017an jaso ziren erreklamazioen % 75 onetsiak izan ziren. «Onetsitako eskabideak direla-eta, esan behar dugu askotan administrazioek aintzat hartzen dituztela eskubideak baliatzeko herritarren eskabideak, herritarrek Agentziarengana jotzen dutenean. Horren gainean gogorarazi behar diegu administrazio publikoei herritarren eskubideak beranduegi aintzat hartzea herritarren datuak babesteko oinarrizko eskubidea urratzea dela«. Adibide ugari jasotzen dira Memorian, oso argigarriak izan daitezkeenak arazoak non egin daitezkeen identifikatzeko eta urraketan antzemateko.

Adingabeen irudien tratamenduari eta udal instalazioetan sartzeko datu biometrikoen erabilerari buruzko kontsulta asko jaso dira

Kontsulta konplexuei erantzuteko, berriz, DBEBk irizpenak egiten ditu, eta Bulegoaren web-orrian argitaratzen ditu, antzeko argibideak behar dituzten gainontzeko erabiltzaileek ere baliatzeko moduko doktrina garatuz. 2017ko irizpen gehienak udalek eta foru aldundiek egindako kontsultei erantzuteko izan ziren (% 58). Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrarentzat izan ziren irizpenen % 19, eta entitate eta erakunde publikoentzat irizpenen % 7. Gainontzeko % 16 egin ziren bestelako erakunde batzuk eta pertsona fisikoek aurkeztutako zalantzak argitzeko. Azpimarratu behar dira adingabeen irudien tratamenduei buruz eta udal instalazioetan sartzeko datu biometrikoak erabiltzeari buruz egindako kontsultak.

Datu biometrikoak direla eta, nabarmentzekoa da Erregelamendu Orokorrak ekarri duen berrikuntza bat dela aurrerantzean «datu kategoria berezitzat» joko direla, eta, beraz, halako datuak ezin izango direla tratatu, araudian jasota dauden salbuespenetako bat gertatzen ez bada, adibidez, interesdunak berak berariaz baimena ematea edo tratamendua beharrezkoa izatea funtsezko interes publiko bat dagoelako.

Gainera, Erregelamendu Orokorrak adingabeen babesa ere indartzen du, eta agintzen du hizkera argi eta garbian eman behar zaiela informazioa, ulergarria izateko. Eta, horrez gain, dio adostasuna adierazteko gutxieneko adina 16 urte direla, nahiz eta estatu bakoitzak beste adin bat ezar dezakeen, beti ere 13 urtetik beherakoa ez bada.

Arau-hauste prozedurei dagokienez, 2017an 22 prozedura berri ireki ziren eta guztira 21 ebatzi. Sei arau-hauste oso larri, bost larri eta zazpi arin ezarri ziren, eta hiru artxibatu egin ziren. Arau-hausteen arrazoi nagusia sekretu gorde beharraren printzipioa urratzea izan zen.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos