Datorren igandean egingo dute Araba Euskaraz, Gasteizen

Antolatzaileen arabera, festa «parte-hartzailea, dibertigarria eta multikulturala» izango da/Araba Euskaraz
Antolatzaileen arabera, festa «parte-hartzailea, dibertigarria eta multikulturala» izango da / Araba Euskaraz

Armentia Ikastolak iragarri duenez, egunean zehar bilduko den dirua beka sistema bat sortzeko erabiliko dute, besteak beste

DVDonostia

Arabako Ikastolen jaia Gasteizen egingo dute, hil honen 16an, Armentia Ikastolak antolatuta. Araba Euskarazeko zirkuitua lau zonaldetan banatuko dute: Prado parkean, Mineral inguruetan, Armentia Ikastolan eta Armentiako zelaietan. Antolatzaileen arabera, festa «parte-hartzailea, dibertigarria eta multikulturala» izango da.

Ikastolak iragarri duenez, egunean zehar bilduko den dirua beka sistema bat sortzeko erabiliko du, besteak beste. Laguntza sistema horri esker, «ikastolako ateak zabalik egongo dira Gasteizko familia guztientzat, euren egoera ekonomikoa ez baita muga edo oztopo izango seme-alabak bertan matrikulatzeko. Ikastolak irakaskuntza eredu inklusiboago batera jo nahi du horrela arlo guztietan, azaldu du. Gainera, espero du diru-bilketak bertako hezkuntza proiektua indartzeko eta kirol instalazioak hobetzeko aukera ere ematea», esan dute.

Aurreko edizioetan ez bezala, aurten, guneak ez dira publikoaren adinaren arabera banatuta egongo. Zonalde bakoitzean publiko mota (haurrak, gazteak, nagusiak) kontuan hartuko den arren, programazioa anitza izango da, eta adin guztientzako aktibitateak eskainiko ditu. «Mugimendua egon dadila nahi dugu, jendeak zirkuitu osoa egin dezan eta ez dadin toki zehatz batean geratu pentsatuz gainontzekoetan ez duela bere gustuko ezer aurkituko». Esaterako, Armentia Ikastolan Haurren Hiria egongo da, eta bertan txikientzako tailer asko antolatuko dira, baina ez da umeentzako leku bakarra izango; jolas eta aktibitate gehiago aurkituko dituzte Prado parkean, Mineralen eta Armentiako zelaietan.

Hain zuzen, publikoaren inplikazio eta parte-hartzea sustatu nahi izan dituzte programazioa prestatzerakoan, aurten jendearen aktibazioa Araba Euskarazen ezaugarri eta gako nagusietariko bat izan dadin. «Festaren parte aktiboa izan daitezela nahi dugu, dantzatu eta abestu dezatela, eta horretarako oso eskaintza zabala prestatu dugu: swing, dantza plaza, zumba, batukada…«. Aurten 'Gertu' da Araba Euskarazen leloa, eta horixe gorpuztu nahi dute, «guztiok elkarrengandik gertu egon gaitezen, hiriko zenbait talde eta kolektiboren parte-hartzearekin. Adibidez, Gasteiz Kantuz eta Afanis-Ras izango dira gure alboan, betiere euskara egunerokotasunera hurbiltzeko eta haren erabilera ohikoa izan dadila sustatzeko».

Musikari dagokionez, Joselu Anaiak ez dira faltako, ez eta Skabidean eta Ze esatek! taldeak ere. Gainera, munduko musikek ere tokia izango dute egunean zehar; zehazki, Kolonbia, Bolivia eta Saharako doinuekin gozatzeko aukera egongo da Armentiako zelaietan.

Temas

Euskera