Zientzia-sistemaren eta gizartearen arteko tartea txikiagotzeko

Zientzia-sistemaren eta gizartearen arteko tartea txikiagotzeko
Elhuyar

Bilera «emankorrak» izan dira Elhuyarrek sortutako 'Zientziakide' ekimenarenak: ezinbestekotzat jo dute erakundeek RRI ikuspegiaz diseinatzea finantzazio-programak zein Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza planak

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

Zer esan nahi du Ikerketa eta Berrikuntza Arduratsuak (RRI) euskal ikerketa-sarearentzat? Galdera horri erantzuteko sortu du Zientziakide proiektua Elhuyarrek. Hiru jardunaldi egin dituzte RRIaren alderdi teorikoa zein praktikoa lantzeko. Bilera «emankorrak» izan dira.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, RRIa aplikatzeko ikertzaileek dituzten ikuspegiak, kezkak eta praktikak elkarrekin partekatzeko aukera paregabea izan da. Hala, parte-hartzaileek RRIa gauzatzeko egungo ikerketa-sistemak dituen mugak identifikatu, eta paradigma aldatzeko eman beharreko lehen pausoa ere zehaztu dute: ezinbestekotzat jo dute erakundeek RRI ikuspegiaz diseinatzea finantzazio-programak zein Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza planak (I+G+B).

Jardunaldietan, Rosina Malagrida Escalas eta Gema Revuelta de la Poza adituak aritu dira gidari-lanetan. Han bildutako iritzi, esperientzia eta ondorioekin txostena ere osatu du Elhuyarrek, Andoni Eizagirre Eizagirre Mondragon Unibertsitateko ikertzailearen laguntzarekin, eta denen eskura jarri du Zientziakideren webgunean.

Ikerketa eta Berrikuntza Arduratsua Europar Batzordeak sustatutako zeharkako kontzeptua da, hau da, ikerketa guztiei eragiten die. Zientzia-sistemaren eta gizartearen arteko tartea txikiagotzea da Ikerketa eta Berrikuntza Arduratsuaren azken helburua.

Jardunaldiotan ondorioztatu dutenez, sei gako ditu. Hiritarren parte-hartzea ikerketa-prozesuetan sustatzea; genero berdintasuna bultzatzea zientzia-sisteman; zientzia-hezkuntza prozesuak hobetzea gazteen artean bokazio zientifikoak hobetzeko; etika, osotasun zientifikoa sustatzea; sarbide irekia informazio zientifikora; eta gobernantza-hitzarmenak sustatzea, interes-taldeen eta erakunde publikoen artean.

Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Kutxa Fundazioaren eta Zientzia eta teknologiarako Espainiako Fundazioa (FECYT) erakundearen laguntza jaso du.

Temas

Euskera