Rafael Yuste eta Francisco Guinea, DIPCren bi fitxaketak

Rafael Yuste zientzialaria/DIPC
Rafael Yuste zientzialaria / DIPC

Rafael Yuste neurobiologoa eta Francisco Guinea fisikari teorikoa hasiko dira DIPCn, Ikerbasque professor gisa. Yuste eragin handieneko neurozientzialarietako bat da mundu mailan, 'Brain' proiektuaren bultzatzailea; Guineak, berriz, grafenoaren abangoardiako ikerketan lanean dihardu

DVDonostia

Neurobiologia eta fisikaren alorretako goi-mailako bi zientzialari gehitu berri dira Donostia International Physics Centerreko (DIPC) lantaldera, Rafael Yuste eta Francisco Guinea, hurrenez hurren. «Rafael Yuste eta Francisco Guinea DIPCn sartzeak agerian uzten du Euskadiko zientziaren bikaintasuna, eta Donostia lehen mailako erakarpen zientifikoko gune bilakatu dela demostratzen du», adierazi du Ricardo Diez Muiño DIPCko zuzendariak.

«Gaur egun, sormen-talentuaren gailurrak aukeratzen du zer zentrotan jardun nahi duen, eta Rafael Yustek eta Francisco Guineak DIPC aukeratu dute. Zintzo eta harro gaude», adierazi du Pedro Miguel Etxenike DIPCko presidenteak.

Guineak eta Yustek gertutik ezagutzen dute DIPCko jarduera. Guineak urteak daramatza zentroa bisitatzen eta bertako zientzialariekin lankidetzan aritzeko egonaldiak egiten, nazioarteko bisitarien programari esker. Yustek, bestalde, harreman estua du erakundearekin; joan den udaberrian, neurofisikari buruzko ikastaro bat eskaini zien DIPCko zientzialariei; neurofisika zientziaren arlo ezberdinak elkartzen dituen ikerketa-eremu berri bat da. Gainera, DIPCtik bultzatzen diren dibulgazio-jardueretan parte hartu du Yustek duela hamarkada bat geroztik.

Bestalde, Adolfo Morais unibertsitateetako eta ikerketako sailburuordeak hau adierazi du atsegin handiz: «Eusko Jaurlaritza politika zientifiko egokia garatzen ari da Guinearen eta Yusteren profiletako ikertzaileak erakartzeko gai bada».

Fernando Cossío Ikerbasqueko zuzendari zientifikoak adierazi duenez, «Euskadin maila horretako pertsonak izatea ekarri handia da. Oso pozik gaude». Rafael Yuste, New Yorkeko Columbia Unibertsitateko Biologia Zientzietako eta Neurozientziako irakaslea, Etxe Zuriaren 'Brain' proiektuaren bultzatzaile nagusia da.

Proiektu horren helburu nagusia da garuneko zirkuitu neuronalen funtzionamendua argitzea. «Beharrezkoa da gure burmuinaren funtzionamendua ulertzea edo, gutxienez, haren zati txiki bat —esaterako, garun-azala— ulertzea, hobeto ulertzeko nola pentsatzen dugun, nola ikasten dugun, nola gogoratzen dugun eta abar. Garun-azala neurozientziaren erronka handiena da; izan ere, garun-azalean dago gizakion jarduera intelektuala», azaldu du Yustek.

Yusteren etorrerak abangoardiako ikerketa-lerro bat abiaraziko du DIPCn: neurofisikarena. Izan ere, azpimarratu du «Ikerbasquen lanaldi partzialean arituko naizenez irakasle gisa, New Yorkeko laborategiko lana ere mantentzeko aukera dut, eta horrek guztiak sinergiak indartzeko aukera emango digu; han egin ezin ditudan gauzak hemen egin nahi ditut, eta alderantziz».

Fisika teorikoan aditua

Francisco Guinea fisikaria, grafenoaren fisika teorikoaren alorreko munduko aditu nagusietako bat da, eta DIPCko lantaldeko kide bilakatuko da lanaldi partzialean. Zientzialari madrildarrak Andre Geim eta Konstantin Novoselov Manchesterreko Unibertsitateko ikertzaileekin batera egin du lan; 2010eko Fisikako Nobel Saria eman zieten bi aditu horiei, lehenengo aldiz grafenoa isolatzeagatik 2004an. Guineak ere bere ikerketarekin jarraituko du Madrilgo IMDEA-Nanociencia Institutuan.

«Zientzian beti egon da lehia gauzarik finena lortzeko eta gailu elektronikoak miniaturizatu ahal izateko. Arazoa da zenbat eta meheagoak izan atomo gutxiago dituztela eta, oro har, inperfektuagoak direla. Grafenoa, ordea, xafla meheena eta perfektuena da. Inork ezin zuen halako zerbait imajinatu», adierazi du Francisco Guineak. Fisikari madrildarrak material topologikoekin ere lanean dihardu; mundu osoko fisikarien arreta piztu dute material berri horiek ezaugarri elektroniko bereziak dituztelako —ezagunenak isolatzaileak dira barruan eta eroaleak, berriz, gainazalean—. Mota guztietako material topologikoak aurkitu daitezke naturan, eta horrenbestez, material horiek erabiliz osagai elektroniko berriak sortzeko hautagai onenaren bila dihardute zientzialariek.

Temas

Euskera