Ospitaleetako infekzioen eragile den bakterio baten biziraupen-estrategiak aztergai

Maite Urruño ikertzailea/EHU
Maite Urruño ikertzailea / EHU

ZIUetako infekzio-agerraldi errepikakorren balizko eragilea da A. baumannii; askotariko azaleratan duen iraunkortasun handia aztertu du UPV/EHUk

Ospitaleetako zainketa intentsiboko unitateetan gertatu ohi diren infekzio asko eragiten dituen Acinetobacter baumannii bakterioaren biziraupen-gaitasun handia, bizirik irauteko erabiltzen dituen estrategiak sakon aztertu ditu UPV/EHUko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saileko talde batek. Bakterioa gai da denbora luzez ingurune likido zein gainazal solidoetan bizirik irauteko, baita desinfektatzaileen eraginpean egonda ere.

Patogeno ezaguna da Acinetobacter baumannii: ospitaleetan behin eta berriz gertatzen diren infekzio-agerraldi, edo agerraldi nosokomial, larriak eragiten ditu. Askotariko infekzioak —pneumonietatik hasi eta odoleko infekzioetaraino— eragiten dizkie ospitaleratuta dauden pertsonei, eta, bereziki, zainketa intentsiboko unitateetan daudenei. UPV/EHUko ikerketak aztertu du «zer iraunkortasun-gaitasun duen bakterio horrek ospitale-giroan dauden ingurune desberdinen moduko kondizioetan, zer biziraupen-estrategia ibiltzen dituen eta zer erresistentzia duen desinfektatzaileekiko», azaldu du Maite Orruño Beltrán Biologian doktore eta ikerketaren egile nagusietako batek. Journal of Hospital Infection aldizkariak berriki argitaratu ditu ikerketaren emaitzak.

30 egunez inkubatutako bakterioak

Ikerketarako, «A. baumanniiren lau andu erabili genituen, bai kultibo-bilduma estandarretakoak bai Valdecillako Ospitalean eskuratutako isolatu klinikoetakoak —deskribatu du Orruñok—. Biziraupen-azterketak egiteko, anduiak 30 egunez inkubatu genituen elikagairik gabe, tenperatura desberdinetan (20 eta 37 gradutan) eta ingurune desberdinetan (likidotan eta zenbait gainazal solidotan). Eta, beste alde batetik, ospitaleetan erabili ohi diren desinfektatzaileek zer eragin duten ere aztertu genuen. Aldian-aldian, laginak hartu genituen ikusteko zenbatek jarraitzen zuten izaten kultibagarri eta/edo bideragarri».

Desinfektatzaileak alde batera utzita, ikusi ahal izan dute bakterioen biziraupena tenperaturaren eta inguru edo gainazalaren arabera aldatzen dela. Ikertzaileak nabarmendu duenez, «frogatu dugu 20 gradutan eta gainazal solidoetan jarritako bakterioek kultibagarri izaten jarraitu dutela 30 eguneko aldia pasatuta ere, itxuraz batere aldatu gabe. Esperimentu batzuk 90 egunera luzatu eta populazioa artean ere kultibagarria zen».

37 gradutan izandako bakterioek biziraupen txikiagoa izan dute. «Tenperatura hori hazteko egokiena da, baina ez elikagairik ez dutenean bizirik irauteko. Kondizio horietan, bakterioak, oro har, hobeto eusten diote tenperatura baxuagoetan», azaldu du Orruño doktoreak.

Hala ere, egiaztatu dute zelula askok bideragarritasuna galduta ere, «zelula-populazioaren zati bat, batzuetan handiagoa eta besteetan txikiagoa, oraindik ere kultibagarria dela, hildako zelulen elikagaien bizkar bizi baita».

Temas

Euskera