María Isabel Arriortua, Aitziber Lopez-Cortajarena eta Maia García Vegniory ikertzaileen lana aitortu dute

Maribel Arriortua, Aitziber López Cortajarena eta Maia García Vergniory emakume ikertzaileek aintzatespen bana jaso dute beraien ikerketa-karreragatik/Irekia
Maribel Arriortua, Aitziber López Cortajarena eta Maia García Vergniory emakume ikertzaileek aintzatespen bana jaso dute beraien ikerketa-karreragatik / Irekia

Emakundek proposatutako metodologiari jarraiki, Ikerbasquek gizon eta emakumeen arteko berdintasun plana garatu zuen iaz; 7 ekintza proposatu ziren, eta horietako bat da emakume ikertzaileen aitorpena egitea

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

María Isabel Arriortua, Aitziber Lopez-Cortajarena eta Maia García Vegniory ikertzaileak omendu dituzte Fernando Cossío Ikerbasqueko zuzendari zientifikoa eta Euskadiko unibertsitate, ikerketa-zentro eta zentro teknologikoen ordezkariak bildu dituen ekitaldian.

Burututako ibilbide zientifikoagatik, ikerketa esparru batean izandako lidergoagatik eta emakume ikertzaile gazte batek egindako ekarpen nabarmenagatik egin diete aitortza. Emakume ikertzaileei egindako lehenengo aitortza-ekitaldia izxan da.

Ikerketa arloko karrera osoaren aitorpena María Isabel Arriortuari egin diote. UPV/EHUko Kristalografia eta Mineralogiako katedraduna da 1992az geroztik, eta bertan prestaturiko lehenengo emakume irakasle titularra izan zen, baita UPV/EHUn katedra lortu zuten lehen emakumeetako bat. IMaCris/MaKrisI ikerketa-taldea sortu zuen eta aitzindaria izan da ingurumen nahiz energiaren esparruan aplika daitezkeen sistema multifuntzionalei buruzko ikerketan. 2010ean, Euskadiko Ikerketa Saria jaso zuen Zientzia eta Teknologia modalitatean, eta 2012an, Zientzien, Arteen eta Letren Euskal Akademiako (Jakiunde) kide oso izendatu zuten.

Aitziber López-Cortajarena proteinen ingeniaritzaren arloan lortutako lidergoagatik aitortu dute. UPV/EHUn Biokimikan doktoratu ondoren, zazpi urte egin zituen Estatu Batuetako Yale Unibertsitatean, proteinen diseinu, egitura eta funtzioei buruzko zereginetan. 2011n Europara itzultzea erabaki eta ikerketa-taldea sortu zuen Madrilgo IMDEA-Nanozientzian, nanoegitura biofuntzionalen sorkuntzarako proteinak diseinatzeko asmoz. 2016an, Ikerbasque Research Professor bezala sartu zen CIC biomaGUNE zentroan Nanoteknologia Biomolekularreko taldea zuzentzeko, ERC-Consolidator Grant deritzon ikerketa arloko laguntza garrantzitsua jaso duelarik.

Azkenik, Maia Garcia Vergniory (1978) material topologikoen esparruan egin duen ekarpen nabarmenagatik aitortu dute. Materia kondentsatuaren fisikan doktoratu zen UPV/EHUn. Ondoren, Max Planck Institute of Microstructure Physics zentroan lan egin eta doktorego ondoko egonaldia egin zuen Estatu Batuetako Lawrence Berkeley National Laboratory delakoan. Egun, DIPCi atxikitako Ikerbasqueko Ikertzaile gisa lantzen ari da material topologikoei buruzko ikerketa-jarduna. 2017an L'Oreal-Unesco for Women in Science saria jaso zuen eta 2018an QUO 2018 zientzia-selekzioko kide izan zen.

Aitortutako emakume ikertzaileak aukeratzeko, Ikerbasquek Euskadiko 300 emakume ikertzaileren baino gehiagoren ekoizpen nahiz ekarpen zientifikoei buruzko datuak aztertu ditu. 2018an, Emakundek proposatutako metodologiari jarraiki, Ikerbasquek gizon eta emakumeen arteko berdintasun plana garatu zuen. Prozesu horren emaitza gisa, eta berdintasuneranzko bidean aurrera egiteko asmoz, 7 ekintza proposatu ziren; horien artean, emakume ikertzaileen aitorpena.

Temas

Euskera