Ikergazte zientzialari euskaldunen kongresua Baionan egingo dute

Ikergazte zientzialari euskaldunen kongresua Baionan egingo dute
UEU

Maiatzaren 27, 28 eta 29an egingo dute UEUren ekimena. Askotariko alor zientifikoetan sakonduko du: giza zientzietan, gizarte zientzietan, zientzia zehatzetan, teknologian, arkitekturan edota osasunean

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

Maiatzaren 27, 28 eta 29an Baionan egingo dute aurtengo IkerGazte kongresua. UEU Udako Euskal Unibertsitateak antolatzen duen ekimenak askotariko alor zientifikoetan sakonduko du. Besteak beste, giza zientzietan, gizarte zientzietan, zientzia zehatzetan, teknologian, arkitekturan edota osasunean diharduten nazioarteko ikertzaileen komunitate euskalduna saretu nahi dute.

Horrela, «edozein delarik ere zure ikerketa-eremua», kongresuan parte hartzeko gonbitea luzatu dute antolatzaileek. «Egizu bat ikertzaile euskaldunen bilgune honekin, ezagutu itzazu ikerketan diharduten ehunka ikertzaile gazte, deskubritu itzazu zure ikerketa-alorretik gertuko eta ez hain gertuko ikerketa-lanak», esan dute.

Lehen IkerGazte kongresua 2015ean antolatu zuten. 2017an bigarrena egin zuten, eta oraingoan, hirugarren edizioari ekiteko «gogotsu» daude. Durangon hasi zuten ibilbidea, Iruñean jarraitu zuten bidea, eta aurten Baionan egingo dute geldialdia.

Kongresuan Euskal Herriko ikertzaile euskaldunak bilduko dira, «aurreko ediziotan egon ginenok eta, espero dugu, aurrekoetan egon ez zirenak ere. Ikertzaile euskaldunok bagabiltzalako Euskal Herriko unibertsitateetan eta ikerketa zentroetan ikertzen; badaukagulako ikertzen duguna ezagutarazteko ahalmena eta gogoa; nazioartean egiten duguna bertokoari azaldu nahi diogulako; Euskal Herrian zer ikertzen den jakin nahi dugulako; lankide izan daitekeen hori ezagutu nahi dugulako; eta edozein alorretakoak izanik ere, edozertaz euskaraz jarduteko gai garelako».

Kepa Sarasola UEUko Zuzendariak udako ikastaroen aurkezpenean azaldu duenez, «UEU erakunde bizia da. Datorren astelehenean Ikergazte kongresua hasiko da, eta bertan Euskal Herri osoko 150 aditu bilduko dira, beraien ezagutza partekatu eta euskarazko ikerketa lehen lerroan jartzeko asmoz. Bestetik, kongresu horren atarian aurkezten ditugu aurtengo ikastaroak, 'Elkar ekin' lelopean berriz ere. Izan ere, UEU ez litzateke posible izango elkarlanik gabe. Gure izaeran dago elkargune izatea, eta udako ikastaroak ere hori islatzen dute. Ikastaro hauek auzolanean antolatzen ditugu pertsona eta erakundeekin, eta elkarlan horretatik ekiten diegu proiektu berriei, jakintza berriei. Eta horregatik, beste urte batez, bere curriculum profesionala zein pertsonala aberastu nahi duen orok izango du tokia gure udako ikastaroetan».

Temas

Euskera