Gipuzkoar kostaldeko mikroplastikoak biltzeko ikerketa egingo du EHUk

Uste da urtero zortzi milioi tona plastiko botatzen direla itsasora/Fotolia
Uste da urtero zortzi milioi tona plastiko botatzen direla itsasora / Fotolia

Lortutako emaitzak ebaluatu egingo dira zehazteko eremu bakoitzeko mikroplastikoen edukia eta mikroplastikoen ezaugarri fisiko-kimikoak. Datu horiekin mikroplastikoen jatorria zehaztea da asmoa

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

Gipuzkoako kostaldean mikroplastikoen presentzia kuantifikatzeko, ikerketarako akordioa sinatu dute Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak, Aquariumarekin lankidetzan. Zehazki, Donostiako Badiaren urak eta kostaldeko beste bi eremu aztertuko dira, azken hauek zeintzuk izango diren zehaztu ez badute ere.

Aquariumeko teknikarien laguntzaz, unibertsitateko Materialak + Teknologiak taldeak iragazketa sistema bat garatuko du, uretan dauden mikroplastikoak biltzeko aukera emango duten instalazioetako ur hornidurako hartuneari egokitutakoa. Ondoren, laginak karakterizatuko dira; ahalik eta ezaugarri fisiko-kimiko gehien zehazteko, azken helburua izanik hondakin horien jatorria zehaztea. Partikulen bereizketa egin ondoren, hondar masa unitateko eta hondartza azalerako partikula kopurua zehaztuko da eta tamaina, mota, forma eta kolorearen arabera sailkatuko da. Karakterizazioan lortutako emaitzetatik abiatuta, ebaluatuko da ikerketa eremu bakoitzean identifikatutako mikroplastikoen jatorria.

Ikerketa honen ardatz itsasoko hondakinen artean oso ohikoak diren hiru polimero izango dira, hala nola, polietilen terftalatoa (PET), polietilenoa (PE) eta poliamidak (PA). Lehenengo biak, gehienbat, ontziratzearekin lotutako produktuetatik datoz, eta poliamidak, berriz, arrantza sareetatik eta ehunetatik.

Lortutako emaitzak ebaluatu egingo dira zehazteko, batetik, ikerketa eremu bakoitzeko mikroplastikoen edukia eta, bestetik, mikroplastikoen ezaugarri fisiko-kimikoak. Datu horiekin mikroplastikoen jatorri primarioa edo sekundarioa zehaztuko da. Horrez gain, ikerketa eremua eta lortutako emaitzak kontuan hartuta, mikroplastikoen jatorriari buruzko proposamenak egingo dira.

Urtero, zortzi milioi tona plastiko itsasora

XXI. mendearen ingurumen erronkarik nagusienetako bat da itsasoak babestea. Zehazki, uste da urtero zortzi milioi tona plastiko botatzen direla itsasora, kalte handiak eraginez faunan, floran eta bentosetan; baina, nolanahi ere, kalte horiek areagotu egiten dira plastikoak duen egonkortasun handiagatik, 100 urte inguru behar baitu mineralizatzeko.

Ingurumeneko diputatu José Ignacio Asensiok gogorarazi du, hain zuzen, plastikoen bidezko itsas kutsadura dela ingurumen arazo nagusienetako bat, eta bere Departamentua LIFE LEMA proiektua zuzentzen ari dela, datozen hiru urteetan 100 milioi tona plastiko Gipuzkoako kostaldeetan biltzera bideratutakoa. Asensioren esanetan, abian jarritako ikerketa lerro berria aurrerago doa; izan ere, «funtsezkoa da gure itsas hondoak zaintzea, eta gure itsasertzean plastikoen presentzia ezagutzea hondakin horien metaketari aurre egiteko modu eraginkorra da».

Proiektua UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumen Ingeniaritza Saileko irakasle den Kristina Peña doktoreak zuzenduko du. Ikerketa lerro berriaren aurrekontua 60.000 eurokoa da, eta Ingurumeneko Departamentuak jarriko ditu bi entitateek sinatutako hitzarmenaren esparruan.

Gaur egun, zortzi milioi tona plastiko iristen dira itsasora, eta kalte handiak sortzen dituzte faunan eta itsas hondoetan.

José Ignacio Asensio: «Funtsezkoa da gure itsas hondoak zaintzea, eta gure itsasertzean plastikoen presentzia ezagutzea hondakin horien metaketari aurre egiteko modu eraginkorra da»

Temas

Euskera