Euskadin Europako Ikerketa Kontseiluaren laguntzak jasotakoen %86 Ikerbasqueko ikertzaileak dira

Gaur egun, EAEk 16 ERC laguntza ditu/Ikerbasque
Gaur egun, EAEk 16 ERC laguntza ditu / Ikerbasque

Arrisku handiko ikerketa berritzaileak garatzea xede duten izen handiko proiektuak finantzatzen ditu ERC-k; aurreko deialdietakoei gehituta, «erabateko errekorra suposatzen dute laguntza kopuruari dagokionez»

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

Arrisku handiko ikerketa berritzaileak garatzea xede duten izen handiko proiektuak finantzatzen ditu Europako Ikerketa Kontseiluak (ERC, ingelesezko sigletan), eta banatutako laguntzetatik 16 eskuratu dituzte Euskadiko ikertzaile taldeek, deialdia 2007an sortu zenetik. 2018ko deialdian beste lau ERC laguntza lortu dituzte, eta, aurreko deialdietakoei gehituta, «erabateko errekorra suposatzen dute laguntza kopuruari dagokionez».

Adolfo Morais Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak eta Fernando Cossio Ikerbasque Zientziaren Euskal Fundazioko zuzendari zientifikoak prentsa agerraldia egin dute astearte Bilbon, ERC laguntzek EAEn izan duten bilakaera ezagutarazteko. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) ERC laguntza dutenen %86 Ikerbasqueko ikertzaileak dira.

Guztira, 27 milioi eurotik gorako balioa dute Euskadik jasotako laguntzek. Bikaintasunezko oinarrizko zientzia sustatzeko, ikertzen jarraitu nahi duten esparru eta nazionalitate guztietako ikertzaileak hautatzen dituzte diruz laguntzeko. Arrisku handiko ikerketa berritzaileak garatzea xede duten izen handiko proiektuak finantzatzen ditu, eta, sortu zenetik, garrantzi handiko eragina izan du Europako ikerketaren arloan.

Gaur egun, EAEk 16 ERC laguntza ditu, hiru modalitatetan banatuta: zazpi Starting Grant, lider independenteak izateko gaitasuna frogatu duten gazte ikertzaileentzat; bost Consolidator Grant, bikaintasunezko ikertzaileei ikerketa talde edo programa propioak bultzatzen laguntzeko; lau Advanced Grant, asmo handi-handiko proiektu aitzindariak dituzten ibilbide luzeko eta lidergo gaitasun aparteko ikertzaileentzat.

Beste lau

Iaz beste lau ERC laguntza lortu ziren Euskadin: bi Starting Grants eta bi Consolidator Grants. Laguntza horiei esker puntako teknologia garatu ahal izan da hainbat esparrutan: Arkaitz Carracedo buru duen CancerAdapt proiektuan, prostatako minbiziak aurrera egiteko erabiltzen dituen mekanismoak ikuspegi berritzailetik aztertu dira; Clara Martín proiektu bat zuzentzen ari da hizkuntza eta elebitasunari buruzko ikerketa bide berriak jorratzeko, adingabeek irakurtzen ikasten dutenean ortografiak hizkuntza soinuen pertzepzioari eta ekoizpenari nola eragiten dien ezagutzeko. Proiektu bakoitzak bi milioi euroko finantzaketa du.

Nazioarteko ebaluazioa egin ondoren, proiektuen %10-15ek baino ez du lortzen finantzazioa. Europako Ikerketa Kontseiluaren laguntza jaso duten ekimenek ospe handia izan ohi dute nazioarteko komunitate zientifikoan, esparru zientifiko guztiei zuzendutako laguntza hauek bikaintasunaren adierazletzat jotzen baitira nazioartean.

Adolfo Morais Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen hitzetan, «ERC laguntzak lortzeak erraztu egiten du Euskadi nazioartean ikerketa aurreratuko eskualdetzat jotzea, nazioarte mailako euskal ikerketa taldeei eta bertan nazioarteko kategoriako ikerketa garatzeko eskaintzen diren baldintza egokiei erreparatuz».

Temas

Euskera