Emakume zientzialarien pisu historikoa aztergai

Petra Rudolf Fisikaren Europako Elkarteko presidentea/Kutxa Fundazioa
Petra Rudolf Fisikaren Europako Elkarteko presidentea / Kutxa Fundazioa

Hitzaldi bat eta bi mintegi emango ditu Donostian Petra Rudolf Fisikaren Europako Elkarteko presidenteak

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

Petra Rudolf Fisikaren Europako Elkarteko presidentea Donostia izango da aste honetan, emakumeak zientzian izan duen papera aztertuko duen hitzaldia egiteko. Donostia International Physics Center-ek (DIPC) gonbidatuta. Hitzaldi bat eskainiko du ZientziaKutxa hitzaldi zikloan, ostegun honetan, eta DIPCeko ikertzaileei zuzendutako bi mintegi, ostiralean, maiatzaren 10ean.

Bi erakundeek jakinarazi dutenez, 'Emakumeak zientzian: ikuspuntu historiko bat' izenburupean, Rudolf-ek iraganeko emakume zientzialariek egindako zenbait ekarpen garrantzitsu aztertuko ditu osteguneko hitzaldian, Ruiz Balerdi aretoan, 18:30ean, Erdi Arotik hasi eta XX. mende hasieraraino.

Gainera, ikertzaile independenteek (Hildegard von Bingen, Trotula, Sybilla Merian, Laura Bassi, Caroline Herschel), senar edo anaia ezagunak izan zituzten laguntzaileek (Sophie Brahe, Marie-Anne Paulze Lavoisier) edota Emilie de Breteuil Marquise de Châtelet edo Maria Angela Ardinghelli bezalako itzultzaileek egindako lanaz ere hitz egingo du.

Halaber, hitzaldian aztertuko du zergatik dauden horren emakume ikertzaile gutxi gaur egun, eta Europan, AEBetan eta Japonian egindako zenbait ikerketa aipatuko ditu. Bukatzeko, emakumezkoek eta gizonezkoek zientzian modu berean lan egiten duten aztertuko du. Hitzaldirako sarrera doakoa izango da aretoa bete arte. Mintzaldia ingelesez izango da, euskarazko eta gaztelaniazko aldi bereko itzulpenarekin.

Ikertzaileei zuzendutako bi mintegi

Bestalde, ostiralean, Fisikaren Europako Elkarteko presidenteak bi mintegi eskainiko ditu DIPCeko ikertzaileei zuzenduta. 'Unconscious bias: how it impacts careers in science and how to mitigate this influence' delakoan, aurreiritzi eta jarrera inkontzienteek ikertzaile baten ibilbidean izan ditzaketen ondorioak aztertuko ditu, eta 'Molecular Motors and Switches at Surfaces'izenburua duenean, organismo bizien mugimenduaren mekanismoan inspiratuta dauden motore molekularren definizioaren eta sorkuntzaren gainean hitz egingo du.

Iaz izendatu zuten Rudolf Fisikaren Europako Elkarteko presidente. Gainera, Belgikako Fisika Elkarteko presidentea (2000-2001) izandakoa da, eta Alemaniako Zientzia eta Ingeniaritza Akademiako kide, Italiako Fisika Elkartearen ohorezko kide eta American Physical Society-ko 'Fellow' izendatu dute. Motore molekularretan egindako lanarengatik 2007ko Descartes Saria lortu zuen. 2013an, Herbehereetako Beatriz Erreginak Orange Nassau Ordenaren Ofizial izendatu zuen.

Kutxa Fundazioak eta DIPCek publiko orokorrari zuzenduta antolatutako dibulgazioko hitzaldi zikloa da ZientziaKutxa. Egungo zientzia gaiak eta interes berezia sortu ditzaketenak aztertzen dira lehen mailako zientzialarien eskutik.

Temas

Euskera