Elikadura sistema jasangarriak eta osasun sistema aztertzeko europar proiektu baten buru da EHU

EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultatea da 'Renascence Horizon 2020' programaren arduraduna/AFP
EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultatea da 'Renascence Horizon 2020' programaren arduraduna / AFP

Proiektuaren arduradunen arabera, egungo Europako elikadura sistema ez dago etorkizunerako prest, eta «osasun sistemara soilik bideratuta egongo den adierazle sistema bat» lortu nahi dute

DVDonostia

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Ekonomia eta Enpresa Fakultatea 'Renascence Horizon 2020' europar proiektua zuzentzen ari da. Proiektuaren helburua da osasun sistemarentzako tresna erabilgarri bat sortzea elikadura sistema jasangarri baterako bidea egiteko. Osasun sistemak zein profesionalek elikadura sisteman eragin ekonomiko eta sozial handia izan dezaketela iritzi diote proiektuaren arduradunek.

Proiektuaren arduradunen arabera, egungo Europako elikadura sistema ez dago etorkizunerako prest, elikagaiak ekoitzi, prozesatu, garraiatu, kontsumitu eta xahutzeko modua ez baita jasangarria.

«Ingurumenaren degradazioa dakar; osasun arloan obesitate tasak altuak dira eta, aldi berean, jendea gosez hiltzen ari da; Ipar Amerikaren eta Europaren elikagai kontsumoa ikaragarria da, eta aztarna analisiek iradokitzen dute Ipar Amerikak eta Europak planeta asko balira bezala kontsumitzen dituztela baliabideak. Egungo elikadura sistemak hori guztia areagotu egiten du, eta, hortaz, ez da inolaz ere bideragarria. Gainera, populazioa hazten ari da. Beraz, zerbait egin beharra dago», adierazi du Goiuri Alberdi Renascence Horizon 2020 europar proiektuko ikertzaileak.

Alberdiren hitzetan, «Europan gutxi gorabehera 2,5 milioi ohe daude ospitaletan, eta, horrenbestez, esaterako, 2,5 milioi otordu zerbitzatzen dira egunero. Otordu horiek guztiak prestatzeko elikagaien erosketak, prestaketak eta abar modu jasangarri batean eginez gero, eragin handia izan dezake egungo elikadura sisteman, eta bide horretatik egin nahi dugu indarra».

Proiektuaren arduradunen aburuz, Europako osasun zerbitzuen zein profesionalen eginkizuna «oso garrantzitsua da etorkizuneko elikadura sistema jasangarriak hobetzeko«.

Egitasmoa hastapenetan dago, eta bere arduradunek metodologia kualitatibo bat erabiliko dute aurrera ateratzeko. «Momentuz, egungo egoeraren azterketa egiten ari gara. Ondoren, Europako elikadura eta osasun sistemekin zerikusia duten erakundeetako aditu zein profesionalen iritziak eta ekarpenak jasoko ditugu, eta, azkenik, guztiak agertoki errealetan, besteak beste, ospitaletan, nola funtzionatzen duen ikusi beharko dugu», azaldu du Alberdik.

Azken produktu gisa, «osasun sistemara soilik bideratuta egongo den adierazle sistema bat» lortu nahi dute ekimenaren arduradunek, «osasun zerbitzuei beren politika eta estrategietan erabakiak hartzen laguntzeko, betiere elikadura sistema jasangarri bateranzko bidean. Osasun sistemara bideratutako lehenengo adierazle sistema izango da elikaduraren arloan«.

EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultatea da 'Renascence Horizon 2020' europar proiektuaren arduraduna, Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuarekin elkarlanean. Proiektuak bi ardatz nagusi ditu: arlo ekonomikoa eta osasun arloa. Horrenbestez, EHUko lantaldea ekonomialariz zein nutrizionistaz osatua dago eta Goiuri Alberdik, Mirene Begiristainek eta Jon Landetak osatzen dute. Hala ere, proiektu parte hartzaile bat da, eta Europako elikadura zein osasun sistemekin zerikusia duten erakundeen parte hartze oparoa espero dute arduradunek.

Temas

Euskera