Ehun adimendunak sortzeko aukera ari dira ikertzen

Itxasne Azpitarte ikertzailea/EHU
Itxasne Azpitarte ikertzailea / EHU

Erresistentzia handiko polimero bat da Kevlarra, eta sentibera oso: argi ultramorearen eta tenperaturaren aurrean egonkortasun handiagoa nola izan ditzakeen ari dira ikertzen EHU eta CIC nanoGUNEk lankidetzan

DVDonostia

Erresistentzia handiko polimero bat da Kevlarra, altzairua bera bezain gogorra, eta erabilera kritiko askotarako erabiltzen da, hasi kaskoetatik eta askotariko segurtasun-jantzietatik, eta balen aurkako txaleko eta zulatzeen kontrako pneumatikoetaraino. Alabaina, oso sentikorra da argi ultramorearekiko eta tenperatura altuekiko. CIC nanoGUNEk UPV/EHUrekin lankidetzan egindako ikerketa batean, lortu dute tenperaturaren aurrean egonkortasun handiagoa izatea.

Materialaren sentiberatasun horri bestelako konponbide bat bilatu asmoz, Itxasne Azpitarte Irakulis kimikariak beste material batekin hibridatzeari ekin zion, UPV/EHU-ko LABQUIMAC laborategiarekin elkarlanean egindako ikerketan: «Naturan badaude halako egitura duten biomaterialak, frakzio ez-organikoak matrize organikoetan tartekatuta dituztenak». Bide hori jarraituz, Kevlar-zuntzak erabili zituen matrize organiko bezala, eta zink oxidoarekin hibridatu zituen.

Hibridatzean, «tarteko fase bat sortzen da bi materialen artean, biak nahastuta dituen fase bat, eta, gainera, nanometro gutxi batzuetako lodiera duen estaldura sortu genuen Kevlar-zuntzen inguruan. Hala, argi ultramorearen eta tenperaturaren aurrean egonkortasun handiagoa zutela ikusi genuen, eta estaldura eskala nanometrikokoa denez, polimeroak ez du pisu gehigarririk hartzen», azaldu du ikertzaileak.

Ikerketaren bigarren fase batean, aurrekoan lortutako emaitzak hobetzeko asmoa izan zuten. Izan ere, «propietate termikoak eta argi ultramorearekiko sentikortasuna hobetu arren, polimeroa apur bat ahuldu zen, zink oxidozko estaldurak argi ultramorearekin erreakzionatzen duelako», argitu du ikertzaileak.

Horretarako, infiltrazioa egiteko zink oxidoa erabiltzen jarraitu zuten, baina estaldurarako beste metal oxido bat baliatuta: aluminio oxidoa. «Argi ultramorearekiko sentikortasuna erabat gainditzea lortu genuen, tenperaturarekiko sentikortasuna hobetzea eta, gainera, propietate mekanikorik ez galtzea», jarraitu du.

Hobekuntzak horiek lortuta, orain arte izan ez dituen zenbait erabilera izan ahal izango ditu Kevlarrak. «Propietate fotokatalitikoei esker, beren kabuz garbitzen diren ehun adimendunak sortu ahal izango lirateke, adibidez, eguzki-argiaren eraginpean zikina deskonposatuko luketelako. Eroankortasun elektrikoa baliatuz, berriz, gailu elektroniko malguak, edo arropatan txertatuta daudenak, garatu ahal izango lirateke», besteak beste.

Temas

Euskera