Ardien arraza autoktonoen lehiakortasuna handitzeko ikerketa ari dira burutzen

La Leze gaztandegiko latxa ardiak/Rafael Gutierrez
La Leze gaztandegiko latxa ardiak / Rafael Gutierrez

Latxa, Manex eta Euskal-Bearnotar arrazetako esne ardien erraperik onenak nola identifikatu aztertzen ari dira Neiker-Tecnalia erakunde publikoa buru duen ekimen batean, Europako Ardi proiektuaren baitan

DVDonostia

Latxa, Manex eta Euskal-Bearnotar arrazetako esne ardien errapeen morfologian lortutako kalifikazioak bateratu, alderatu eta balorazio genetiko zehatzak egin ahal izateko, arraza horietako esne ardien erraperik onenak nola identifikatu aztertzen ari dira Neiker-Tecnalia erakunde publikoa buru duen ekimen batean, Europako Ardi proiektuaren baitan.

Egitasmoaren arduradunen arabera, Pirinioetako bertako esnetarako ardi arrazen biziraupena mehatxatuta dago, produkzio sistema intentsiboagoak dituzten beste arraza batzuk daudelako. Horregatik, ardi proiektuaren helburu estrategikoa da hobekuntza genetikorako programen kudeaketa komunean aurrera egitea, «Pirinioetako esnetarako ardien arraza autoktonoen lehiakortasuna handitzeko eta asentamendua eta ustiapena indartzeko».

Esparru horretan, «funtsezkoa» da Latxa, Manex eta Euskal-Bearnotar arrazetako esne ardien erraperik onenak identifikatzea, «horien morfologiaren menpe baitaude ekoizteko ahalmena handitzea, errapearen osasuna hobetzea, ardien bizitza baliagarria habetzea, errazago jeztea edo arkumeei titia ondo ematea».

Horrela, Latxa arrazan 2000tik ari dira errapeen morfologia aztertzen eta neurtzen, eta Manex eta Euskal-Bearnotar arrazetan 2015etik. Aitzitik, neurketa horiek egiteko metodologia zein neurtzeko alderdiak ez daude bateratua, eta horregatik da garrantzitsua orain irizpideak adostea.

Parametro desberdinak

Erraperik onenak ondorengo ezaugarriak eduki behar dituela adierazi dute: neurri ona eta ongi lotuta egotea, abdomenetik askatuta egon gabe, eta esne kantitate ona ematen duena. Halaber, gaixotasun gutxi edukitzea, jezteko makinetara ondo egokitzea eta arkumeei titia emateko egokia izatea baloratzen dira.

Errapeak lehenbiziko aldiz erditutako animalietan kalifikatzen dira, edoskitzeko bigarren hilabetetik bosgarrenera, eta, hainbat ezaugarri komun dauden arren (hala nola errapearen lotunearen zabalera, titiaren luzera eta erroen lotura angelua), Pirinioetako bi aldeetan eskala desberdinak erabiltzen dira.

Halaber, baloratzen diren zenbait parametro ere desberdinak dira, esaterako, erdiko lotailu suspentsorea Iparraldean baino ez da neurtzen, eta erroen luzera, berriz, Hegoaldean baino ez da ebaluatzen.

Frantziako INRA (Nekazaritza Ikerketako Erakunde Nazionala), IDELE (Abeltzaintzako Erakundea) eta CDEO (Departamenduko Ardi Aziendaren Zentroa), Nafarroako ASLANA (Nafarroako Latxa Arrazako Hazleen Elkartea) eta ARDIEKIN (Latxa eta Karrantzar arrazetako ardien Hautaketa eta Intseminazio Artifizialeko Zentroa) erakundeak dira egitasmoaren partaideak.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituren Sailak jakinarazi duenez, egitasmoaren liderra bere mendeko Neiker-Tecnalia erakunde publiko da, mugaz gaindiko lankidetzarako 2014-2020 POCTEFA proiektuen 2. deialdiaren barruan. Proiektuaren aurrekontu osoa 1.155.072 euro da, eta POCTEFAk horren %65 laguntzen du diruz.

Temas

Euskera