Etorkizuna nanokableetan barrena

Aurelio Mateo, ikerlari taldeko burua/
Aurelio Mateo, ikerlari taldeko burua

Elektronikan aurrerapausoa ekarriko du zirkuitu elektronikoen miniaturizazioak

EL DIARIO VASCO

Tamaina txikiko gailu elektronikoen egungo eskariari erantzuteko, diseinuaren alorrean ikerketa norabide berriak beharrezkoak dira. Horregatik, Aurelio Mateo Alonso (UPV/EHUri atxikitako POLYMAT Bikaintasunezko Euskal Ikerketa Zentroko Ikerbasqueko ikertzailea) buru duen nanokableei buruzko ikerketa gaur argitaratu da Nature Communications aldizkari zientifiko ospetsuan.

Nanokable edo kable molekularren familia berri bat garatu dute Mateo Alonsoren gidaritzapean, elektronika molekularrari bide berriak eta aukera berriak irekitzeko asmoz. Ikerketa Nature Communications aldizkari zientifiko ospetsuan argitaratu da. Gero eta gailu elektroniko txikiagoen eskariak hartu duen goranzko bilakaeraren ondorioz, nahitaezkoa da ahalik eta osagairik txikienak dituzten zirkuituak sortzea, eta horretarako, hurbilketa berriak behar dira diseinuari dagokionez.

Horren harira, elektronika molekularrak jakinmin bizia piztu du azken aldi honetan, izan ere, molekulak erabiliz zirkuitu elektronikoak fabrikatu ahal izango balira, horrek izugarri murriztuko luke zirkuituen tamaina. Nanokableak, zirkuitu horien barruan korrontea garraiatzeaz arduratzen diren neurri molekularreko hari eroaleak dira. Hortaz, kable hauen eraginkortasuna garrantzi goreneko erronka da. Izan ere, Aurelio Mateoren taldeak garatutako nanokable edo kable molekular familiaren berritasun nagusietako bat bere eraginkortasun-maila altuan datza, sekulako aurrerapausoa ekarriko baitu zirkuitu elektronikoen miniaturizazioan.