«Konfiantza izan behar dugu ikertzaile gazteengan»

Jose Ramon Etxebarria eta Martin Orbe, UEUko zuzendari ohia, bi aitzindadi IkerGazten./
Jose Ramon Etxebarria eta Martin Orbe, UEUko zuzendari ohia, bi aitzindadi IkerGazten.

Unibertsitatea eta euskara uztartzen aitzindaria, Jose Ramon Etxebarria baikor agertu da etorkizunera begira IkerGazte kongresuan

M.I.donostia

Jose Ramon Etxebarria aitzindaria da euskal ikerkuntzaren aldeko lanean. UEUko kide historikoa, idazle, zuzentzaile, ingeniari, fisikan doktore zein itzultzaile, ibilbide emankorra egindakoa urte luzeetan unibertsitatean. Hori dela eta, haren hitzek berebiziko garrantzia hartzen dute Ikergazte bezalako ekimen baten baitan. Argi dauka belaunaldi berriek urte luzeetan eginiko lanari segida emango diotela: Kimu eta belaunaldi berriak sortuko dira eta guk geuk egin ez duguna osatzen jarraituko dute. Gure meritua ezer bada, da katearen mailatxo bat bizirik mantendu dugula eta belaunaldi berriei erreleboa ematen jakin dugula. Hori da gure poza eta gure emaitza.

Ikerketaren eta ikasketaren lehen lerroan jarraitzen du oraindik: Niretzat poz handia da Ikergazte moduko ekimen bat. Gaurkoan gustu hartzera etorri naiz, nola edo hala indarra hartzeko, nahiz eta ni azken fasean nagoen. Beti pentsatu dut unibertsitatearena beti izan dela prozesu oso luzea; belaunaldietakoa. Elementuak prest daukagu, jadanik badaukagu landutako euskara. Sinistu behar dugu euskararen pontentzialitatean. Hizkuntza guztiak berdinak dira ahalmenari dagokionez, eta euskarak besteak bezain beste indar dauka, ez gehiago ez gutxiago.

Ikertzeko bestelako gaitasunik behar ez dela uste du Etxebarriak, pasioa ez besterik. Eta zer da pasioa? Gozatzea zientzia egiten, gauza berriak egiteko gogoa izatea, eta beste gauza asko, baina horretarako lan handia egin behar da, baina disfrutatuz, nahiz eta batzuetan ere sufritu egin behar den.

Konfiantza izan behar da pentsatuz lan eginez gero zerbait berria aterako dela, eta nik horretarako gaitasuna ikusten dut. Ikasle oso onak izan ditut, eta etorkizuna haiena da, baina horretarako konfiantza izan behar dugu haiengan, pentsatuz guk egin genuena egin eta hobetuko dutela. Eta zergatik hobeto? Prozesuan sartuta daudelako. Gaurkoan harrituta geratu naiz Ikergazten dauden gazte guztiak ikusita, orain konfiantza izan behar dugu haiengan, beren lana egingo baitute.

Elkar ezagutzearen garrantzia

Itziar Laka izan da kongresuaren bigarren egun honetako hizlari nagusia. Gogo Elebiduna ikertaldeko zuzendaria da bera eta Ikerbidaia izeneko hitzaldi bat eman du gaur IkerGazte kongresuan.

Bere ikertaldean euskararen prozesamendua eta elebitasuna ikertzen dutela esanaz ekin dio gaurko ekitaldiari, publikoari horren inguruko jakinmina piztu ostean, orain arte lortu dituzten emaitzen laburpentxo bat egiteko sarrera gisa. Euskararen ezaugarri bi erabili ditu horretarako, gaztelaniaren aurkakoak direnak. Batak hitz ordenarekin zuen zerikusia, bestea, aldiz ergatibotasunaren adibidea izan da.

IkerGazte bezalako kongresu batek zer eragingo duen galdetzean, alor ezberdinak ikertzen dituzten ikerlarien bilgune dela azpimarratu du garrantzitsuena bezala. Alor ezberdinetan lanean daudenek elkar ezagutzeko aukera paregabe bezala definitu du kongresua, elkarren ezagutzak partekatu eta euren artean ezagutza berriak eragiteko bilgunea moduan.Hori litzateke Itziar Lakarentzat kongresuaren ekarpenik handiena.

Azkenik, ikertzaile bat zerbait ez jakitean eroso sentitzen den pertsona bat izan behar dela aipatu du, dena jakin behar duen pertsonak ez duela lekurik ikerketa munduan. Ilunpean bizitzen dira ikerlariak Lakaren ustez, zalantza artean uneoro, ikerketa galderen bitartez garatzen, eta errealitate pusketa bat hartu eta hura bere osotasunean deskribatzea ekiditen, hori ez baita ikerketa lana bere aburuz.

Ikertzaile gazteen aukerak

Xabi Paya ikertzaileak, Amaia Zurutuza Grapheneako zuzendariak, Joserra Diez UPV/EHUko irakasle eta ikerlariak eta Goizeder Barberena biomasa energian ingeniariak osatu zuten mahai-ingurua.

Zuek laurok zergatik erabaki zenuten ikertzaile izatea? galderarekin hartu zuen abiada Xabi Payak. Patxada osoz bota zien galdera lau hizlariei, hauek elkarri begira geratu ziren ea nor hasiko, baina jarraian ekin zioten banan banan bakoitzak bere bizipenak kontatzeari. Hizlarietako batek, Iñaki Peñak, kasualitatez hasi zela aipatu zuen bizitza estilo bezala hartu zuela hasiera batetik, astearte bat labunbat batekin ezin ezberdintzeraino. Orokorrean, guztiek azpimarratu zutena zera izan zen, ikerlaria izatea aukera eta pribilegiotzat hartzen dutela, jakinmina asetzeko aukera, hain justu.

Ikerketaren alor akademikoa eta enpresariala izan zen gai nagusietako bat. Akademikoki izan ezean ikertzaile batek dituen lan edota ikerketa aukerak zeintzuk izan zitezkeen eztabaidatu zuten, hau da, gobernuak ematen dituen diru laguntza edota unibertsitateko bekez aparte ze aukera izaten diren. Enpresetan ikerketak jokatzen duen papera nabarmendu zuten guztiek, akademikoki jardun ezean hori dela ikerlari batek egin dezakeen beste hautu bat, oso beharrezkoa dena gainera, nahiz eta emaitzak epe luzera jasotzen diren ohartarazi. Enpresetan interes ekonomikoak ere badaudela gehitu zuen hizlarietako batek, baduela, noalabait, alderdi ilun bat.

Hala ere, enpresa munduan ikerketak garrantzia duela ikusarazteko egiten den lana handia dela eta horretan jarraitu behar dela ondorioztatu zuten. Aurretiaz esan bezala, uzta urte batzuetara bildu arren, oso beharrezkoa dela enpresaren tripetan sartu eta ikerketak egitea, bai produktua hobetzeko edota baita, esate baterako, langileen lan egiteko metodoen inguruan ere.

Alor ezberdinetako lau ikerlari, ibilbide ezberdinekin baina ibilbide horri ekiteko antzeko arrazoiekin, hori izan da mahai-inguru honetan arnastu dena. Ikuslegoa isilik, adi, momentu batean ere hizlariak bistatik kendu gabe -tuiten bat edo beste idazteko ez bazen behintzat- eta Xabi Paya bikain moderatzen, tarteka horren berezkoa duen umore puntua jarriz.

Aurrez aurre zeuzkaten ikerlariei gomendioak emanaz bukatu zen ekitaldia, galduta egon arren lepoa luzatu eta urrunera begiratuz aurrera jarraitzeko esanaz eta bide batez, etorkizun batean jorratu ditzaketen gaiak zeintzuk izan zitezkeen aipatuaz eta ikertzaileak denok garela ziurtatuz.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos