Cannesko artefaktuak

Almodovarren 'Dolor y gloria' filmeko fotograma/
Almodovarren 'Dolor y gloria' filmeko fotograma

Asteazkenean hasi eta datorren igandean bukatuko, munduko lau iskin zeluloidezkoetan ez da parekorik. Cannes Zinemaldiak ez du lehiakiderik inon. Kasik ezta Oskarretako gauean ere. Zinemagile askok propio egiten dituzte filmak bertako Grand Auditorium Lumièren ikus ditzan esperantzaz

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESODonostia

Lehiakiderik ez. Etsaiak bai, ordea. Bat, bederen. Indar handikoa. Ahalmentsua, oso. Zale amorratuen armada garaiezina du aldean. Milioika konta daitezke bere ikusle-soldaduak. Libreak, libreak oso direla uste duten irudi-jaleen tropak. Dirutza gastatu du arerioak armada hori prestatzen. Orain arte Canneskoak ziren eremuak konkistatzen. Ez, Kosta Urdineko zinemaldiak ez du lehiakiderik. Ez Berlinen ez Venezian ez Donostian baina badu bere ospeak merezitutako kontrakoa. Bakarra. Baina indartsua zeharo: plataformak, zinema ekoitziten/burutzen/erosten/saltzen duten plataforma digitalak. Ekoitzi, burutu, erosi, saldu alokatu. Guk gure gaurko gailuetan ikus dezagun. Aretoetara arrimatu gabe. Etxeko zein poltsikoko gailuetan.

Borroka honetan Cannesek kiderik ez du. Ez du aliaturik La Mostrak onartu egiten ditu Netflixek, Applek, Amazonek edo Prime Videok eginiko zinema bere sail nagusian. Berlinek eta Donostiak ontzat ematen dituzte plataforma horiek proposaturiko telesailak. Cannesek ordea ez. Aurten, errefus, muzin, uko egin dio Scorseseren azkenari. Denok dakigu hainbat borroka irabazi arren, gudua galduko duela Niza ondoko zeluloide festak. Baina igual dio. Cannes Cannes da. Harroxko. Oldar. Belauniko ez da inoren aurrean inoiz ez jarriko. Apal agertu, sekula ez.

Hemen, urtero zinema berpizten baita. Zinema itxuraldatzen da kostalde honetan. Zinema hil eta jaio egiten da maiatzaren 12 egun urrezko hauetan. Hemen ez dagoena ez da existitzen. Hona ez datorrenak negar egiten du urte betez ez baitu izango jaio berria den zinemaren notiziarik. Hona etortzeko erabaki aitorrezinak hartzen dira. Sail Nagusirako hautatua ahal espero desesperatuan hainbat egilek Cannesek, omen, uste, bide, maitatzen duen zinema motako filmak asmatzen dituzte.

Aukeratzaileen aurrean aukera bat sikiera izateko asmotan, intentzioetan, ametsez. Ez didazuela sinesten? Zin dagizuet ez naizela ez gezurretan ez txantxetan ari. Har ezazu adibide Almodovarren azkena, 'Dolor y gloria' hori. Ezin hobe, maltzur oso, modu bikainean zen neurtua tamainaz, estiloz, maneraz, kolorez, musikaz, estetikaz, etikaz Canneseko hautatzaileen gustukoa izan zedin. Pedrok bertako ikurra, urrezko palmondo hostoa izen oneko hori, eskuratzea izan du beti amets. Eta azken pelikula berea horretarako taxutu zu(t)en. Eskubide osoz, jakina asko. Konkistatu nahi duzunaren gustuak, ahuleziak, gurak, desirak ezagutzea buruzagi on baten zeregina da. Eta Almodovartarrak (ez ahaztu anaia Agustin dela Pedroren zinemaren ekoizlea) gerlari finak dira. Pantailetan zein tauletan. Negoziazioetan zein erabaki garrantzitsuetan hartzen diren festa, korridore eta saloietan.

Ikusi orduko gutako askok sumatu/susmatu genuen Asier Etxeandia protagonista duen pelikula hori Cannesen onespena lortu ahal izateko sortua zen artefaktu fina genuela. Eta halaxe suertatu zen. Estreinatu bezain pronto Cannesek sariketarako aukeratu zuen. Ea destainaz diodan? Ezta pentsatu ere. Mirespenaz ari naiz. Ezagutza sakona eta abilezia aparta behar baita munduko zinema festarik garrantzitsuenak nahi duena, desira duena burutu ahal izateko. Nik pelikula ez dut gogoko (hain da akatsik gabea, orbangabea), baina ulertzen dut arras ondo zergatik den Canneseko kuttunetako bat.

Oraindik eguna pila falta dira amaierarako. Zonbi pelikula batek eman zion hasiera (Jim Jarmuschen 'The Dead Don't Die', Iparraldean ikusgai dena) eta lehengo egunotan beldurrezko zeluloidearen langile primerakoa den John Carpenterrek jaso zuen Zinemagileen Hamabostaldiaren aitortza beroa. Tarantinoren eta Malicken esperoan, Sylvester Stalloneren ikasgai magistrala entzungo dugu begirune eta poz handiz. Segizioan egingo diegu Canneseko artefaktuei. Batzuk lehertu egingo dira. Eta oihartzuna etxondoko pantailetan adituko duzue. Seguru.

Temas

Euskera