Burujabetzari teknologiaren talaiatik begiratuko diote informatikari euskaldunek

Teknologiaren aldetik globala den mundu batean, nola izan burujabe? Alde askotatik helduko diote gaiari topaketan./
Teknologiaren aldetik globala den mundu batean, nola izan burujabe? Alde askotatik helduko diote gaiari topaketan.

Zabalik da maiatzaren 17an Donostian egingo den Informatikari Euskaldunen XI. Bilkuran izena emateko epea

«Gaur egun, nazio baten burujabetzaz hitz egitean, ezinbestekoa eta kritikoa da, segurtasun digitalari buruz hausnarketa sakon bat egitea. Azken bi urte hauetan azpiegitura teknologikoen kontrako erasoak eta IKT erabiltzaileen pribatutasunari egindako urraketak, bolo-bolo ibili dira komunikabideetan», gogoratu du ostegun honetan Donostian, Informatikari Euskaldunen XI. Bilkuraren aurkezpenean, Edurne Larrazak topaketaren koordinatzaileak.

«Alorreko erreferentzia» bilakatu den bilkura maiatzaren 17an egingo da, Interneteko nazioarteko egunean, Donostiako Miramon Teknologi Elkargunean. Bilkura UEUko Informatika sailak, Miramon Enpresa Digitalak eta Donostiako Udaleko Euskara zerbitzuak antolatu dute eta, Larrazak azaldu bezala, hamaikagarren edizioko gai nagusia burujabetza teknologikoa izango da. Saioa amaitzeko, PuntuEUS Fundazioak hirugarren urtez jarraian antolatu duen Euskarazko Internet Eguna ospatuko da. Matrikula doan da baina izena eman behar da.

Edurne Larrazarekin batera, Iñaki Alegria UEUko zuzendari-ohiak eta Josu Waliñok, PuntuEUS Fundazioko zuzendariak, parte hartu dute aurkezpenean. Euskarazko Internet Eguna aurten berezia izango dela azaldu du Waliñok: «Testuinguru berezian, burujabetza digitalaren testuinguruan eta UEUrekin elkarlanean» egingo baita. «Izan ere, burujabetza digitalaz ari garenean hizkuntzaz ere ari gara. Erronkak eta helburuak buruan Euskara Interneten bizirik dagoela ospatzea da asmoa, eta datozen urteotan are biziago egon dadin konpromisoa dugula aldarrikatuko dugu Euskarazko Internet Egunean, modu irekian eta jai giroan. Gainera, erronka berri bat jarriko dugu jomugan: '10.000ra goaz. Bazatoz?'».

Iñaki Alegriak UEUren izenean hitz egin du, eta gogoratu du hutsune nabarmen bat betetzeko antolatu zuela lehendabiziko aldiz topaketa UEUko Informatika sailak «duela bi hamarkada baino gehiago, profesional eta zaletu euskaldunek esparru bakoitzean sortzen diren kezka, iritzi eta gai desberdinak komunean jar zitzaten. Gaur aurkezten duguna hamaikagarren edizioa da, eta zalantzarik gabe esan dezakegu arloko erreferentea bihurtu dela denbora honetan». Amaitzeko, Alegriak UEU, Miramon Enpresa Digitala eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren arteko elkarlana azpimarratu du: «hiru elkarteon arteko elkarlana berme bat da bilkurarentzat. Aurrerantzean ere elkarlan honek aurrera egitea espero dugu».

Azalpena eta esperientziak

Bilkuraren helburuak Edurne Larrazak azaldu ditu. «Aurtengo Informatikari Euskaldunen Bilkurak burujabetza teknologikoaren gaiari heldu nahi dio. Pil-pilean dagoen gaia da burujabetzarena, ertz asko dauzkana, eta guk, informatikari euskaldunok, teknologiaren talaiatik begiratu eta aztertu nahi genukeena. Teknologiak gure bizitzako alderdi guztiak zeharkatzen dituen garaian, gutako bakoitzak bere erabilera eta garapenean egiten duen ekarpenari aurrez aurre begiratu nahi genioke. Jendarte antolatu eta burujabe bat lortzeko bidean teknologiek jokatu beharreko papera izango dugu eztabaidagai. Burujabetzaren oinarri izan daitezkeen proiektuei buruz hitz egiteko eta teknologia horien ideazio eta ezarpenerako bideak aztertzeko helburuarekin, entitate ezberdinak sartu nahi izan ditugu eztabaidan: instituzioak, herrigintzatik abiatutako ekimenak, arloko profesionalak eta baita akademia bera ere», esan du.

Nabarmendu du, halaber, arreta guneak askotarikoak direla: zein azpiegitura teknologiko behar diren, hezkuntza sisteman eduki eta teknologien planteamenduak, parte hartze digitalerako tresnak, hizkuntza teknologiarekiko estrategiak, garapen ekonomikorako ereduari lotutako apustu teknologikoa, garapen aurreratuak eta joeren azterketa, konfidentzialtasuna eta arlo etikoak...

Lau bloketan banatu dute eguna, esperientzia zehatzen aurkezpenaro tarte zabala eskainiz. «Burujabetza teknologikoaz ari garela ezin aipatu gabe utzi, sare libre eta neutralak. Irrati espektro libreen bidez, zuntz optikoa desplegatuz edota zerbitzari autonomoak martxan jarriz, azpiegitura teknologikoak eta telekomunikazio sareen hedapena bilatzen duten proiektuak bereziki. Horretarako, Ermuko Udal Zuntz Optikozko sare neutralaren (Fibermua) arduradun teknikoa den Gorka Areitoaurtena Abaitua izango dugu bere esperientzia kontatzen. Arlo komunitario-kooperatiboti aldiz, Izarkom, Euskal Herriko telekomunikazio operadore kooperatiboan lan egiten duen Asier Garaialde Etxaburu izango dugu, proiektua eta honekin harremana duen Guifi.net sareari buruzko zehaztapenak emanez.

Burujabetzara heltzeko nahian egiten den ibilbidea, burujabetza bera baino garrantzitsuagoa dela esan genezake. Ibilbide horretan, hezkuntza da hasierako urratsik garrantzitsuenetako bat, horregatik, eskolen helburua beharko luke ikasleak gizarte libre, adeitsu, kooperatibo, independente, trebe, indartsu, hau da burujabe baten parte izan daitezen trebatzea. Gaur egun trebakuntza hori ezin pentsa liteke teknologia digitalen parte hartzerik gabe? Horren inguruan arituko zaizkigu, batetik Sagra Crespo, Donostiako Berritzeguneko IKT arduradun gisa eta 'Hezkuntzan ere librezale' herri mugimenduko kide gisa ikuspuntu bat baino gehiago erakutsi ahal izango diguna, eta bestetik Galder Gonzalez, gaur egun munduko entziklopedia libre handiena, hau da, ezagutza libre gehien pilatzen duenaren, Wikipediaren euskal elkarteko hezkuntza programaren arduraduna, eta hezkuntza prozesuan Wikipediak zertan lagun dezakeen azalduko diguna.

Nortasun digitala eta ziber-krimenari buruz eztabaidatuko dugu saio honetan: sarearen neutraltasuna, delitu digitalak, nortasun digitalaren lapurretak, azpiegitura kritikoen kontrako zibererasoak...

Mikel Iturbe (EuskalHack, Mondragon Unibertsitatea) eta Iñaki Mora (S21Sec) solaskide izango ditugu gure saioan. Mikel azpiegitura kritikoei eginiko erasoez ariko da, azken batean, eraso hauek zuzen-zuzen eragiten baitiote gizartearen ongizateari, eta burujabetzaren aurkako erasoak dira, finean, gizarte bati bere azpiegiturak erabiltzea galarazten baitzaio. Iñakik, berriz, nortasun digitala eta ziber-krimenari buruz mintzatuko da, berauek definituz eta gaur egungo gizartean ze garrantzia duten argituz.

'Ezinbesteko softwarea herri eta herritar burujabeagoak izateko' saioan, azkenik, elkarren osagarri izan daitezkeen bi ikuspegi azalduko ditugu. Alde batetik IXA taldeko Iñaki Alegria eta Olatz Perez de Viñaspre izango ditugu, akademiaren talaiatik softwarearen eta hizkuntza-teknologien izango dituztenak aztergai; eta, bestetik, Arrate García Campos (Ibatuz) eta Paul Gurmendi Cullak (Tech For Society) parte-hartze plataformak eta Gobernu Irekia izango dituzte hizpide.

Lau saio horien ostean, aplikazio eta esperientzia ezberdinak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da, aurretik zabaldutako gaietan sakonduz eta aberastuz. Bazkariari tartea egin ostean, arratsaldez, lan-taldeak eratuko ditugu goizean landutako lau saio nagusien inguruan: ekarpen berriak jaso eta talde-eztabaida sustatzea izango da helburu nagusia. Hau hasiera baino ez dela jakitun, bertan neurtuko ditugu burujabetza teknologikoak planteatutako erronkei heltzeko euskaldunok daukagun indarra», esan du Edurne Larrazak.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos