Boxeo izarrak

María Jesús Rosa, ezkerrean, Terri Moss estatu batuarrari irabazi zion nazioarteko finalean/EFE
María Jesús Rosa, ezkerrean, Terri Moss estatu batuarrari irabazi zion nazioarteko finalean / EFE

Hil berri da María Jesús Rosa. Seguru aski ez duzue ezagutuko, baina 2003an munduko boxeo txapelketa irabazi zuen. Bere pisua minieulia zen. Behin bakarrik makurtu behar izan zuen arerio baten aurrean. Ez zen makala lehiakidea: Regina Halmich alemaniarra

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESO

Ez zen lehena izan. Ez zen bakarra izan. Ez da azkena izan. Baziren, badira, eta izango dira emakume boxeolariak. Baina errebantxa aukerarik eman ez zion minbiziak jota, 44 urtez abenduaren 17an hil den María Jesús Rosak lortu zuenak pareko gutxi du, bai ringean baita bizitzan ere.

199an egin zuen estreinakoz borroka modu profesionalean. 2002an bazen, jada, Europako txapelduna. 2003an munduko titulua kendu zion gero entrenatzaile markaz kanpokoa izango zen Terri Moss Chicagoko borrokalari berdingabeari. Ez batak ez besteak ez zuen amore eman nahi arrats hartan Madrilen. Ez bata ez bestea ez zen olanara erori. Ederra, bizkorra izan zen kolpe trukaketa hura. Terrik teknika garbiagoa zuen baina María Jesús ederki asko mugitzen zen ringean; dantzari batenak zituen hankak eta Terriren eskuinkada hamaikak airea jo zuen eta ez madrildarraren masailezurra.

Azkenean, epaileek erabaki zuten María Jesús efikazagoa izan zela round guztietan eta txapeldun izendatu zuten. Mundukoa.

Handik bi urtera, María Jesúsek Berlin aldera jo zuen. Txapeldun tituluari eutsi nahi zion. Bertakoa zen beste mito baten aurrean, aurka: Regina Halmich. 50 aldiz lehiatua zen ringean bera. Ez zuen borroka bat ere galdutzat eman. Ez zen inoiz galtzaile suertatu. Zaleek maite zuten. Alemaniako telebistek bere neurketa guztiak ematen zituzten zuzenean. Eta ez ordainpeko kateetan. Irekietan baizik. Printzipioz, María Jesúsek egoera eta giro horretan aukera gutxi izango zuela pentsatzea zilegi zen. Baina madrildarra beldurtuko zuenik ez zen.

Ezta duela egun batzuk bisitan etorri zitzaion herioa ere. Derrepentean etorri ere. Lagunek diotenez, segituan ulertu zuen azken arerio hori handia zela eta estilo handiz, dotorezi sakonaz esan zien ez, oraingo honetan borroka galduko dut, badakit. Hala ere, bi hilabetez iraun zuen harro bukaerako match-ean.

Baina artean, 2005ean geunden. Itzul gaitezen Berlin aldera. Lepo zegoen estadio batean, boxeoaren bi erregina aurrez aurre. Boxeoa ulertzeko bi era ezberdin: inoren aurrean inoiz makurtu ez ziren bi kirolari fier. Round guztietan ibili ziren bihoztun. Azkarra oso zen Regina. Jo ahalmentsua zuen María Jesúsek. Epaileen iritzia berdinketaren aldekoa zen. Baina azkenean puntu pare bat gehiago eman zioten Alemaniako borrokalariari. Askok errezeloz hartu zuten erabakia. Ez da ohikoa lehiakideetako baten aberkidea izatea arbitroen artean. Eta egun hartan horrelakorik bazen ring ondoko epai mahaian.

Ez du inporta

Dageneko ez du inporta. Heriotzaren aurrean galdu duenaz gain, Berlingo hori izan zen María Jesúsek irabazi ez zuen bakarra. Erretiratu zen. Lehiaketa guztietatik. Ez zion utzi ordea neskak entrenatzeari. Ezta emakumezkoen boxeo defendatzeari. Ez pentsa Mayweatherrek eta Pacquiaok euren tituluak jokoan jartzeagatik kobratzen zuten dirutza bertsua jaso izan zuela inoiz neska jator horrek. Ez. María ofizioz garbitzailea izan zen. Etxeak, eraikuntzak garbitzen zituen munduko txapeldunak.

Beilatokian negar egin zuen boxeolari frankok. Gizon zein emakumeek. Eta Joana Pastranak (bi aldiz munduko txapelduna) zin egin zuen María Jesúsek urratutako bideak inork ez zituela inoiz itxiko.

Ez zen lehena. Ez zen bakarra. Ez da azkena. Hamaika neska daude , esaterako, Euskal Herrian entrenatzen. Gimnasioetan gogor. Bizkaian bada bat oso berezia, Neskabox izenekoa. Soraluzekoa dugu Espainiako txapelduna den Ixa Rodriguez eta Soraluzen sortu du berak errobi primerakoa. Ez zen lehena María Jesús. Eta ez da azkena izango. Baina noiztik gaude emakumeok lau aldekoan? 1722tik!!! Urte hartako izkribu askotan Elizabeth Wilkinsonen berri agertzen da. Garai haietan borrokalariek ez zituzten eskularruak janzten. Ukabil biluziez egiten zuten borroka. Eta Elizabeth, maiz garaile. Bai beste emakumeen kontra bai gizonezkoen aurka ere. Badakigu arerio asko eta asko ikaratzen zuen Martha Jones izeneko neska paregabea gainditu zuela. Badakigu sei urtez ibili zela ringetan. Badakigu ezer gehiago ez dakigula Elizabethez. Bat- batean desagertu zen. Inon ez zen gorde bere berririk. Baina bai, bera izan zen lehena. Beste askoren aurretik.

1904ko Joko Oinpikoetan emakumezkoen boxeo erakustaldiak izan ziren baina 2012ko Londresekoak arte ez zuten onartu lehia olinpikoan. Ez du inporta. Izan ziren, dira eta izango dira emakumeak ringean. Agur t´erdi María Jesús.

Hiru gomendio

Hiru gomendio boxeoaz irakurtzeko: lasterrean Temas de Hoy argitaletxeak plazaratuko duen 'Un hombre de verdad'. Bertan, Thomas Page McBee boxeolari transexualaren istorio harrigarria kontatzen da.

Alberto Salcedo Ramosek 'El oro y la oscuridad. La vida gloriosa y trágica de Kid Pambelé' bukatu berri du Amerikan. Kolonbian ez da izan Pambelé baino borrokalari finagorik. Diotenez, behin, Gabriel García Márquez gela batean sartu orduko, Belisario Betancourt presidentea zutitu zen errespetu osoz eta Kolonbiako gizonik handiena agurtu zuen. Gabrielek burua jiratuz, atera begira geratu zen instant batez eta Betancourti erantzun zion: «ez nekien ba Kid Pambelé nirekin zetorrenik».

Capitán Swing argitaletxe primerakoak 'La dulce ciencia' kaleratu du. Askoren ustean, munduan ez dago kirolari buruzko liburu hoberik.

Irakur itzazue. María Jesúsen omenez eta oroimenez.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos