Boluntariotza eta gizarte parte hartzerako hiru euskal agentziek EHUn iragarriko dute euren eskaintza

Boluntariotza azoka, artxiboko irudian/Usoz
Boluntariotza azoka, artxiboko irudian / Usoz

Azoka asteazkenez, irailaren 18an egingo da 11:00etan hasi eta 14:00ak arte, aldi berean unibertsitatearen hiru campusetan

DVDonostia

Unibertsitarioen artean solidaritatea eta gizarte parte hartzea bultzatzeko asmoz, boluntariotzari buruzko IV. azoka antolatu du UPV/EHUk, boluntariotza eta gizarte parte hartzerako hiru euskal agentziak (Batekin, Bolunta eta Gizalde) lagun dituela. Azoka asteazkenez, irailaren 18an egingo da 11:00etan hasi eta 14:00ak arte, aldi berean unibertsitatearen hiru campusetan.

Gipuzkoako Campusean, Ignacio Barriola Zentroan burutuko dute ekimena. Entitate eta jarduera programen erakusketa hau euskal elkarte sozialen lankidetzaz antolatu eta sustatzen da eta 100 bat boluntariotza elkarteren parte hartzea izango du hiru campusetan.

Esan bezala, azokan Euskal Autonomia Erkidegoko 100 bat boluntariotza elkartek hartuko dute parte. Baina, zeharka, azoka honi esker, unibertsitarioek aukera izango dute 300 erakunde sozialen premiak ezagutzeko, une hauetan burutzen ari diren boluntariotza programetara pertsona berriak erakartzeko ahaleginetan baitira.

Inaugurazio ekitaldia 11:15etan hasiko da, boluntariotza agentzien, unibertsitatearen ikasle kontseiluko eta UPV/EHUko gobernu taldeko ordezkariak bertan direla.

Azoka honen bidez, batez ere, abagunea eskaini nahi zaie unibertsitarioei «boluntariotza elkarteek garatzen dituzten lana ezagutu eta balioan jar dezaten», bai eta, «ikasturtearen hasiera honetan, unibertsitateko hezkuntza eta lanaz batera, gizarte konpromisorik har dezaten, abian jarritako boluntariotza programetan parte hartuz». Hiru euskal agentziek azpimarratzen dute «unibertsitarioen multzoa lehenetsitako multzoa dela sentiberatasun ekintzak eta estrategiak sustatzerakoan, boluntariotza programetara erakarri eta beren parte har dezaten».

Standak jarriko dira parte hartuko duten elkarteek esku hartzerako arlo ezberdinetan garatzen duten lana erakusteko. Aldi berean, jarduera osagarriak egingo dira, hitzaldiak, solasaldiak, erakusketa eta beste, boluntariotza talde eta erakundeek esku hartzen duteneko arloetan egiten dituzten jarduerak jakinarazteko eta sakontzeko.

Temas

Euskera