Biktimen senideek arrosa zuriak utzi zituzten Valentzian burutu zen Estatu-omenaldian. Rober
Iruntzietara

Bihotza altxatzeko gai diren keinuak

Besarkada bat, begirada bat, isiltasuna... arazoen konponbide ez izan arren, badira bizitzaren kolpeak arintzeko edo haiei aurre egiteko adorea suspertzeko ahalmena duten keinuak. Eman diezaiegun balioa

Domingo, 2 de noviembre 2025, 16:51

Alentzia

Sendatu ez diren zauriak ixten laguntzeko ezinbesteko pausoak

Duela urtebete jasandako babesgabetasun haren ondorio krudel eta mingarriak konpontzeko modurik ez dagoen arren, GOIDIak Valentzian, Gaztela-Mantxan eta Andaluzian eragindako 237 biktimen omenezko Estatu-hiletak oraindik ere zauriak itxi ezinik dabiltzan familia horien oinazea gogoratzeko balio izan zuen, bederen, eta euren doluan lagungarri izan daitekeen pauso oro justizia-ekintzatzat hartu behar da. Izan ere, bertan ikusi eta entzundakoek agerian utzi zuten familia horiek erreparazioa behar eta aldarrikatzen jarraitzen dutela, eta epaitegietan ebatziko diren erantzukizunez harago, bestelako erantzunen zain ere badaudela; egun haietan hartu ziren eta hartu ez ziren erabakien erantzuleek euren gain hartu beharko dituztenak.

Publicidad

Movember

Lagun bati babesa emateko jaio zen keinua mugimendu bihurtuta

Momentu zaurgarrienetan laguntza keinu orok duen botereaz jabetuta, 2003 urtean Melbourneko (Australia) gazte talde batek bibotea hazten uztea erabaki zuen, prostatako minbizia zuen lagun bati babesa erakusteko. Hurrengo urtean, Movember (moustache + november) fundazioa sortu zuten dirua bildu eta gizonen osasunari buruzko kontzientzia sortzeko, eta harrezkero Movember mugimendua herrialdez herrialde zabaldu da. Gurera ere aspaldi iritsi zen, eta bereziki errotuta dago Goierrin; aurten ere abian da azaroa iristearekin batera MoHerri taldearen ekimenez eta nahi duenak, Lazkao, Ordizia eta Beasaingo hainbat establezimendutan izango du aletxoa eskaintzeko aukera. Urola Garaian ere gorantz doa mugimendua eta lau herrietan egitarau zabala antolatu dute lau udalen babesarekin.

Bergara

Ingurukoen berotasuna une zailei itxaropenez aurre egiteko

'Txarrenetan ere herria zuekin' zioen pankartaren atzean hamarnaka lagun bildu ziren ostegunean Bergarako San Martin plazan. Hitz eta keinu haiekin euren babesa eskaini nahi zieten une zailak bizitzen ari den herriko familia bati. Izan ere, Bergarako Zezenak ganadutegiak abelburu guztiak, 90 buru, sakrifikatu beharko dituela iragarri du, tuberkulosi kasu bat atzeman zutelako. Ganadutegiko ugazaba Iñigo Almortza bertan egon zen eta eskerrak eman zizkien, hunkituta, bertan bildutakoei. «Une oso zailak bizitzen ari gara, baina guztiaren gainetik gaur bizitakoarekin geratuko gara», onartu zuen babes horren balioan azpimarra jarriz. «Itzuliko gara».

Buruko osasuna

Gertuko sarerik ezean, politika publikoek bete behar dute hutsunea

Aurretik aipatutako guztiagatik bereziki kezkagarria dira Buru Osasuna Euskadik egindako 'Buruko osasun arazoak dituzten pertsonen zahartzea EAEn' azterlanaren ondorioak. Haren arabera, EAEn osasun mentaleko arazoak dituzten lau herritarretik batek ez du familiaren edo gizartearen laguntzarik, ez du gertuko adiskiderik edo sarerik, eta errealitate horri, gainera, egoera ekonomiko ahula gehitu behar zaio. Hala, azterketa honen arabera, EAEn buruko osasun arazoak dituzten pertsonak gainerako biztanleak baino lehenago zahartzen dira, eta baldintza eskasagoetan. Errealitate horri aurre egiteko politika publiko egokiak berebizikoak dira beraz, hemen ere.

11. kilometroa

Kirol hitzordu arrakastatsuenaren indarra laguntza bihurtuz

Errenteriako Gabierrotako Laguntasuna Auzo Elkarteak urteak daramatza, Behobia-Donostia lasterketa bere 11. kilometroan auzotik igarotzen dela baliatuta, korrikalariei euro bateko ekarpena egiteko eskatuz. 11. kilometro horretan olana urdin handi bat jarri ohi dute Mediterraneoa irudikatuz eta bertan bildu ohi dute dirua, gero itsaso horretan ehunka migratzaile erreskatatu dituen Aita Mari ontzira bideratzen dutena. Aurten, gainera, laguntza horren norakoa zabaldu egingo dute eta aldizkako su-etenean bizirauten saiatzen jarraitzen duten gazatarrei babesa emateko.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad