Berretsi dute hiruko akordioa, hizkuntza, hezkuntza eta ikerketa mugaz harago babestu eta sustatzeko

Ezker eskuin, Beñat Arrabit EEPko presidentea, Bingen Zupiria sailburua eta Ana Ollo kontseilaria/Irekia
Ezker eskuin, Beñat Arrabit EEPko presidentea, Bingen Zupiria sailburua eta Ana Ollo kontseilaria / Irekia

Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak hizkuntza politika gaietan lankidetzan aritzeko aurtengo plana zehaztu dute

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

Hiruko Itunaren baitan, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak hizkuntza politika gaietan lankidetzan aritzeko konpromisoa berretsi dute hirugarren urtez. Helduen euskalduntzean, hizkuntza gaitasunen egiaztapenean, euskararen erabileraren sustapenean edota euskararen inguruko ikerketan lanean arituko dira hiru elkarteak elkarrekin.

EEPk Baionan duen egoitzan egindako prentsaurrekoan, Bingen Zupiria sailburuak, Ana Ollo kontseilariak eta Beñat Arrabit EEPko presidenteak sinatu dute Baionan 2017an adostu zuten hitzarmenaren aurtengo eranskina.

Akordioaren aurtengo eranskina aurkeztu dute, 2019an zehar lankidetzan burutuko diren ekimenak zehazte aldera. Hiruko Itunaren ondorioz euskararen lurralde osoan hizkuntza politika kudeatzeko ardura duten erakundeen artean «inoizko elkarlanik eraginkorrena» garatzen ari dira, aurreratu dutenez.

Beñat Arrabit EEPko presidenteak lankidetza honen izaera estrategikoa azpimarratu du aurkezpenean, besteak beste, badirelako «Iparraldearentzat baitezpadakoak diren proiektuak; hala nola, Eskola Futura edota euskara irakasle izateko lehiaketa berezira hautagaien kopurua handitzeko helburua daukaten mugaz gaindiko dispositiboak«.

Hiru erakundeek urtero zehaztu behar dute zertan gauzatuko den hizkuntza politikaren inguruko lankidetza, eranskin baten bitartez. Oraingoan, hezkuntza eta helduen euskalduntzea, euskararen erabileraren sustapena, euskararen aldeko sentsibilizazioa eta gogoeta guneak, ikerketa soziolinguistikoa eta euskararen corpusa eta Europako markoan lankidetzak sustatzea dituzte helburu.

Ana Ollo kontseilariak azpimarratu duenez, ituna «naturala eta batez ere, beharrezkoa« dela adierazi du, lankidetzari erreferentzia eginez. Bingen Zupiria sailburuak, bestalde, hitzarmenaren eraginkortasuna nabarmendu du, »euskararen lurralde osoan hizkuntza politika kudeatzeko ardura dugun erakundeon arteko inoizko elkarlanik eraginkorrena«.

Hezkuntzari dagokionez

Hezkuntzari dagokionez, ikasleen mugikortasuna eta trukeak erraztea adostu da. Ikasketak euskaraz jarraitu nahi dituzten ikasleentzat EAEko unibertsitateetako sarbidea errazteko, aukera ezberdinak aztertuko dira selektibitatea oztopo gaindiezina izan ez dadin. Iaz jaiotako Eskola Futura proiektua ere sustatuko da aurten. Euskadi-Nafarroa-Akitania Berria Euroeskualdearen baitako ekimen horren helburua da mugaren bi aldeetako Magisteritzako ikasleak irakasle elebidunak bihurtzeko. Horrez gain, Euroeskualdearekin eta Euroeskualdeko Unibertsitateekin elkarlanean diploma edo titulu binazionalak sortzeko aukerak aztertuko dira.

Hizkuntza gaitasunen egiaztapenari dagokionez, Iparralderako, Eusko Jaurlaritzako Baliokidetza batzordearekin B1 mailako agiriaren baliokidetza gauzatzeko azken urratsak emango dira.

Erabileraren sustapena

Euskararen erabileraren kasuan, gazteei zuzendutako egitasmoak, ingurune digitalari lotutakoak eta arlo sozioekonomikoaren gainekoak lehenetsiko dira. Horrela, aztertuko da hiru erakundeen elkarlana eramatea Euskarabentura, Bertso Udalekuak, Mingaina dantzan edota Euskal Kirolari bezalako proiektuetara. Mugaz gaindiko egonaldi proiektu esperimental bat antolatzea ere aztertuko dute hiru erakundeek. Ingurune digitalari dagokionez, Euskarazko Wikipediaren proiektuaren inguruan sustatuko da elkarlana. Euskaraldia da hiru erakundeak partekatzen ari diren programa nagusia.

Ikerketa soziolinguistikoaren alorrean, elkarlana batik bat euskararen egoeraren inguruko informazioa era planifikatuan eta sistematikoan eskaintzen duen Euskararen Adierazle Sistemaren (EAS) inguruan sustatuko da. EASek euskararen lurralde osoa hartzen du barne eta hainbat ikerketa ezberdinetatik ateratako datuak eskaintzen ditu: 2019an zehar erronka izango da Euskararen Adierazle Sistema garatzea eta lurralde bakoitzaren errealitateak hobeto hartzea kontuan. Horrez gain, Euskaraldiaren emaitzen ikerketa burutuko da eta komunikabideei buruzko azterketen metodoa partekatuko da.

Euskararen corpusa handitzeko bidean, 2019rako partaideek adostu dute Hegoaldean garatu diren dispositiboak aztertzea, Euskararen Aholku Batzordearen Terminologia Batzorde-atal Berezian hiru lurraldeetako adituak integratzea eta Eusko Jaurlaritzako terminologia adituekin lankidetza egonkortuko da, Iparraldeari berezituak zaizkion terminoak sartuz Euskalterm terminologia datu-basean.

Temas

Euskera