Berdintasunerako Legearen eraldaketarako hiritarrek ekarpenak egiteko epea irekitzear da Emakunde

Berdintasunerako Legearen eraldaketarako hiritarrek ekarpenak egiteko epea irekitzear da Emakunde
Irekia

Apirilaren 12ra arte, zirriborroa ikusi eta ekarpenak egiteko aukera izango dute hiritarrek, «emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean instituzioen erantzuna hobetu eta indartuko duen tresna arauemaile bat» prestatzeko

DVDonostia

Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak Berdintasunerako Legearen eraldaketarako zirriborroa audientzia publikoan jarriko du asteartean, martxoaren 12an, eta horrela, zirriborroa ikusteko eta ekarpenak egiteko aukera emango zaie hiritarrei, apirilaren 12ra arte, Emakundek astelehen honetan jakinarazi duenez.

Emakunde lanean ari da azken urteotan emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean instituzioen erantzuna hobetu eta indartuko duen tresna arauemaile bat prestatzen. Horretarako, 2017an eta 2018an zehar egin zen parte hartze prozesua funtsezkoa izan zen erronkak eta hobekuntza guneak identifikatzeko, bai eta horiei aurre egiteko lege formula egokiena zein den argitzeko ere.

Lege berriak ekarriko duen aldaketa nagusia izango da Istanbulgo hitzarmenera egokituko dela: «genero arrazoiengatik ematen den diskriminazioaren eta emakumeen kontrako indarkeriaren artean dagoen lotura azpimarratu behar da». Hain zuzen, horregatik erabaki dute emakumeen kontrako indarkeriaren alorrean berezitako lege baten aldeko apustua egin beharrean, dagoena moldatzea.

Lan horren emaitza da Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea aldatzeko lege aurreproiektuaren zirriborroa. Emakundeko Zuzendaritza Kontseiluak joan den asteazkenean egindako bileran aurkeztu zen zirriborro hori. Aurkezpena egin eta gero, entzunaldia eta jendaurreko aldia irekiko da asteartean, martxoaren 12an, eta apirilaren 12ra arte luzatuko da. Irekia web orrian eta Emakunderen webgunean egin daitezke proposamenak.

Horrez gain, aurreproiektuan interesa izan dezaken edozein pertsona, eragile edo erakunderentzat zabalik egongo diren hiru saio antolatuko dira. Martxoaren 20an Donostian izango da saioa, eta 25ean Gasteizen eta Bilbon; hirurak Jaurlaritzaren egoitzetan izango dira.

Emakundek nabarmendu duenez, legearen aldaketaren bidez, «berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren kontrako politika eta herri itun handi bat» ahalbidetu nahi dira, politika horiek indartzeko eta araudiaren eta gizartearen testuinguru berriaren ondoriozko behar berriei egokitzeko.

Temas

Euskera