Berdintasunaren foru legea zehar lerro gisa aplikatuko dute Nafarroan

Helburua da berdintasunaren eskubidea «benetakoa eta eraginkorra» izatea

Nafarroako Gobernuak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren inguruko foru legearen proiektua onartzeko erabakia hartu du egindako bilkuran. Horren helburua da, bizitzako arlo eta etapa guztietan, berdintasunaren eskubidea benetakoa eta eraginkorra izateko baldintzak sustatzea, berdintaunaren esparru zehatzetik harago.

Izan ere, proiektuan berdintasun-printzipioaren «zeharkakotasuna» jasotzen da, berdintasunerako eskubidea bermatzeko mekanismo gisa, emakumeen ahalduntzea lehentasunezko ardatza bezala agertzearekin batera.

Modu horretan, arau berriaren xedea da balioen aldaketa bultzatzea, emakumeen maila soziala, ekonomikoa eta politikoa ez ezik, «haien autonomia eta ahalduntzea ere indartzeko, Nafarroako gizarte libreago, zuzenago, demokratikoago eta solidarioago baterako bidean aurrera egitea galarazten edo zailtzen duten eragozpenak kentzeaz gain».

Onarpenaren ondoren, testua Nafarroako Parlamentura eramango da, han eztabaidatu, eta hala behar izanez gero, onartu dezaten.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos