

Secciones
Servicios
Destacamos
Ari da hainbat elkarte (Amical, Ilusion, Nicolas Guerendain, Memoria Historikoa Bidasoan, Hradistko…) biltzen dituen Deportazioaren Memoriarako Koordinakundea naziek sortutako kontzentrazio/herio/triskantza-esparruetan hil ziren/zituzten/ zizkiguten euskal herritarrok omentzen, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Gogora Institutuaren laguntzaz eta bultzaz. Aldean dute hainbat historiagile eta ikertzaile primerako, hala nola Etxaun Galparsoro, Jose María Lekuona edo Juanjo Diez.
Datorren 26an 88 urte beteko dira naziek, frankistek eta Mussoliniren armadak Gernika birrindu zutela. Oroipen zeremonia, bonbaz kargaturiko hegazkinak bazetozela abisatu zuen sirena soinu eternalarekin hasiko da; antolatzaileek gonbidaturik, aipatu koordinakuntzak eragingo dio adarrari.
Maiatzaren 3an, Memoriaren lekua izendatu berri den Irunen eta Hendaiaren arteko Avenida zubiaren ez hain urrun, Ficoba eremuan, hots, ekitaldi instutizionala gertatuko da, non Lehendakariak ere parte hartuko duen. Nahi dute erakunde guztiek eta Koordinakuntzak inguruetan Oroipen Lorategia sortu.
Jarriko dituzte akaso bertan kontzentrazio/herio/triskantza esparruetan hil zituzten hil ziren hil zizkiguten 63 euskal herritarren izenak. Gehiago, askoz gehiago izan ziren hemengo deportatuak (500 inguru). Oraindik ari dira adituak artxiboak, dokumentuak eta senideen akorduak arakatzen. Agertuko dira akaso beste izen batzuk, beste istorioak, beste…
Informazio bila dihardute jo eta fuego, iragana aztertzeak oraina ulertzen eta etorkizunaz erne ibiltzen laguntzen baitu. Nazismoa, faxismoa ez dira bueltatuko joandako garaietan izan zituzten modu, hitz, uniforme eta manera bertsuekin, gaur egungo gure bizi eta pentsatzeko moduetara ederki egokiturik baizik. Horrexegatik da hain garrantzi handikoa memoria ez galtzea eta 1940tik 1945era hil ziren zituzten zizkiguten horien izen guztiak jakitea eta omentzea.
Hildako horien artean, 1923ko abuztuaren 28an Donostiako Bengoetxea kaleko 4. zenbakian jaio zen Simona Francisca Lelouch Benaiche dugu. 'Paquita' izan zuen izengoitia eta 1942an sefardi judua zen Lazare Liberman-ekin ezkondu zenean, senarraren abizena egin zuen bere. Hori dela eta naziek osaturiko agirietan Simone Liberman gisa agertzen da.
Judu frantziar Aljeriakoak zituen Georges eta Berthe gurasoak Simonek. Larrugintzan egiten zuten lan fina (Donostian finkatu ziren Herzogtarrek nola). Legazpi kaleko 9an zuten Casa Lelouch izeneko denda dotorea, hiriko elegante eta dirudun guztiek bisitatzen zutena.
Asko bidaiatzen zuten Frantziara Lelouchtarrek Parisen baitzuten beren negozioaren egoitza. Frantzian harrapatu zituen gerra mundukoak, naziek okupaturik eta haien esanetara zen Petain Mariskalak gobernaturiko Frantzian.
Hasi ziren orduantxe Lelouchtarren eta Libermantarren garai ilun eta ankerrak, inoiz ez imajinaturiko sufrikario handiak. Majestic hotelean hartu zuten aterpe baina 1943ko irailaren 22ko gauean sarekada bat burutu zuten bai soldadu alemanek bai konplize zituzten jendarme frantziarrek. Sarekada horren biktima suertatu zen Simoneren familia. Baita bera ere. Gestapo beldurgarriaren egoitzak ziren beste hoteletara eraman zituzten atxilo harturik, Drancy izenekoan giltzapetu zituzten Simone eta senarra. Dakizuen legez, naziek burokrazia maite zuten sakon. Dena nahi eta behar zuten zenbatu, idatzi, zerrendatu. Simoneri 5874 zenbakia egokitu zioten, Wikipedia askeak dion legez, 5872 senarrari zegokiola. Lazare, Simone baino hilabete batzuk lehenago sartu zuten Auschwitz-Birkenau esparrurako bidean. Ez dugu bere berririk baina ez zen heriotzatik salbatu .
Simonek infernuzko bidaia bera egin zuen, 1000 launek osaturiko konboi batean. Pelikuletan ikusi eta liburuetan irakurri dugun bezala, tren haietan ez zegoen mugitzeko lekurik, ez urik, ez jatekorik, ez, kasik, arnasa hartzerik, ez esperantzarako zirrikiturik. Bizidunen kaka orkatiletara iristen zitzaion jendeari, espantuakespantagarriak ziren eta gorpuak pilatzen ziren han eta non.
Hasierako ikerketa batzuen arabera, Simone bagoi haietako batean hil zen oinazean. Alta, geroxeago aurkituriko dokumentu hainbatek kontrakoa baieztatzen dute, 5874 zenbakidun donostiarra bizirik (edo) iritsi zen infernuaren ataria zen Auschwitzera eta bertan erail zuten 1943ko abenduaren 17an. Ez zuen ba izan maiatzean bertan akatu zuten Higinia Luz Goñi Aiestaran, Ziraukiko nafarra eta Erresistentziako kidea ezagutzeko paradarik…
5874 zenbakidun donostiarraren izena Parisko Mémorial de la Shoah-ren horman inskribatu zen. 2022an, aldiz Lyongo Mouche hilerrian dagoen Mémorial des juifs d'Auvergne Rhône-Alpes victimes du nazisme-ko horman izkiriatu zuten zizelez. Gogora Institutuak bere berri ematen du Euskaldunen deportazioa Hirugarren Reicheko esparruetara (1940-1945) ikerketan eta Ana Garcia Santamaríak artikulu bat eskaini berri dio Simoneri Antzina: revista de genealogía vasca e historia local delakoan.
63 euskal herritar akabatu zuten naziek kontzentrazio/herio/ triskantza esparruetan, bizi bitez betikotz, Simonerekin batera, gure oroimenetan!
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
No te pierdas...
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.