Azken txanpa abiatu dute EuskarAbenturako espedizioko gazteek

Azken txanpa abiatu dute EuskarAbenturako espedizioko gazteek
Euskarabentura

Uztailaren 31n amaiera ekitaldia egingo dute Getxoko Musikebarri Aretoan 120 neska-mutilek

DVDonostia

Gipuzkoatik Bizkaira egin du salto EuskarAbenturako espedizioak asteburuan. Uztailaren 27a Deban hasi eta Markina-Xemeinen amaitu zuten, 16km oinez egin eta gero. Hurrengo egunean, uztailaren 28an, Gernikarainoko 28 kilometroak egin zituzten oinez. Orain, asteazkena bitarte, hilak 31, azken pausoak emango dituzte taldea desegin aurretik.

Askotariko jarduerak burutuko dituzte egunotan. Besteak beste, Gernikako Juntetxera eta Gaztelugatxera bisita, Athletic Club-eko jokalariekin solasaldia San Mames futbol zelaian, Body Percussion Performancea eta uztailaren 31ko amaiera ekitaldia Getxoko Musikebarri Aretoan.

Horrela, Bizkaian sartu da espedizio ibiltaria, zeharkatuko duen zazpigarren euskal lurraldea. Gipuzkoako hainbat udalerri bisitatu dituzte, Zerainen hasi eta Deba arte.

Uztailaren 15ean heldu ziren Zerainera Araiatik, 19km oinez egin eta gero. Uztailaren 19a bitarte, Tolosa, Hernani eta Irun ezagutu dituzte. Iparraldera egin uzuten orduan salto, Donibane Lohitzune eta Baiona ezagutzeko. Jarraian, Hegoaldera bueltatu ziren, Lezotik Donostiarainoko bidea eginez.

Uztailaren 23an egin zituzten 12km horiek oinez. Gero, Zarautz eta Debatik Markinarako bidea hartu zuten esploratzaileek. Euskal Herriko zazpi lurraldeetako nahiz diasporako gazteek 31 etapa osatuko dituzte guztira, 783 kilometro orotara, horietatik 483 oinez.

Geldialdiak egin dituzte 16-17 urte bitarteko 120 neska-mutilek Done Jakue bide ezberdin horietan barrena; hiriburu guztiak ez ezik, UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatutako guneak bisitatuko dituzte, bai eta basoak, hondartzak, museoak, gari-soroak, leizeak, portuak, gazteluak, belazeak, monumentu nahiz eraikin enblematikoak, herriak, gatzagak edota baserriak.

Temas

Euskera