Aurreneko aldiz, euskara plana izango du Osatekek

Artxiboko argazkian, 2015ean inauguratu zuten erresonantzia magnetikoak egiteko ekipo berria. /FRAILE
Artxiboko argazkian, 2015ean inauguratu zuten erresonantzia magnetikoak egiteko ekipo berria. / FRAILE

Aurreikuspenen arabera, datorren urtean 125.000 paziente inguru artatuko ditu, haien hizkuntza eskubideak delarik plan bereziaren xede nagusia

Osatekeko Administrazio Kontseiluak aho batez onetsi du aste honetan sozietate publiko horretan euskararen erabilera normalizatzeko lehen plan berezia. Horrela, adierazi du Osakidetzak ohar bateab, «aurten Jon Darpón Osasun sailburuak Eusko Legebiltzarrean egindako iragarpena betetzen da eta, horrela, Osatekek bere plangintza-tresna izango du 2018-2022 aldirako».

Gaur onetsitako planaren helburua «Osateken euskararen ahozko eta idatzizko erabilera normalizatzea lortzeko aurrerapauso irmoak ematea» da. «Horrela -diote-, pixkanaka eta modu errealistan, batetik, arreta euskaraz jaso nahi duten erabiltzaileen hizkuntza-eskakizunak bermatuko dira eta, bestetik, euskara, gaztelaniarekin batera, lan-hizkuntza izango da sozietate publiko honetan eta administrazio publiko eta erakunde pribatuekiko harremanetan».

Osatek sortu zeneko 25. urteurrenean dago aurten. Bere jarduera da irudiaren bidezko diagnostiko zerbitzuak eskaintzea, puntako teknologia erabilita; erresonantzia magnetikoak egiten ditu, alegia. Gaur egun, Osatekek 16 ekipo ditu, bederatzi lekutan banatuta: bi Araban (AUO Txagorritxu eta AUO Santiago); lau Bizkaian (Bilbo, Galdakao, Areeta eta Urduliz) eta hiru Gipuzkoan (Donostia, Zumarraga eta Eibar). Horrela, EMko 16 makinetatik, 13 ospitale-zentroetan daude, bi anbulatorio-zentroetan eta bat ospitaleko kanpo-kontsultetan. Mende laurden honetan, Osatekek 1.500.000 paziente ingururen erresonantzia magnetikoaren bidezko diagnostikorako lagundu du, eta, hori dela eta, Euskadi erreferente bilakatu da irudi bidezko diagnostikoaren eremuan.

Lehen plana hiru printzipio osagarritan oinarritzen da: pazienteen hizkuntza-eskubideak errespetatzea, Osatekek ematen duen zerbitzuaren kalitatea hobetzea eta progresibitatea. Premisa horiek oinarri hartuta, zenbait helburu zehatz zehazten ditu eta, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak VI. plangintza-aldirako ezarritako irizpide orokorrekin bat etorriz, besteak beste planaren indarraldia amaitzean, 2002ko abenduan, Osatekek ahozko eta idatzizko harremanetan «pazienteen hizkuntza eskubideak % 100ean errespetatu eta bermatzea».

Eta aurrerantzean ere paziente asko izango ditu Osatekek. 2019. urterako erresonantzia magnetiko bidezko 160.000 miaketa baino gehiago egitea aurreikusten da, alegia, 125.000 paziente ingururi; horiek asteko egun guztietan artatuko dira, astelehenetik igandera, goizeko 7etatik gaueko 11etara, etengabe. Horrez gain, 2010garren urtetik gaurdaino, osasun-sistema ez presentzialaren arreta hobetzeko teknologia berriak ezartzen ere aritu da (telelaguntza, telemonitorizazioa, osasun-aholkua, aurretiko hitzordua…), betiere Eusko Jaurlaritzak eta euskal erakundeek sustatutako gizarte- eta osasun-espazioaren esparruan.

Jon Darpón Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua pozik agertu da urrats berri eta esanguratsu horrekin, eta «euskal osasunaren hizkuntza-normalizazioaren pixkanakako baina etengabeko prozesua» dela esan du, «gizarteari erantzuteko».

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos