Altsasuarrak pozik, Tuterakoak lanerako prest

Altsasukoen balantzea eta Tuterakoen asmoak aurkeztu dira asteazken h/NAFARROA OINEZ
Altsasukoen balantzea eta Tuterakoen asmoak aurkeztu dira asteazken h / NAFARROA OINEZ

2018ko Nafarroa Oinezen balantzea eta 2019koaren aurkezpena egin dute asteazken honetan Iruñean

Bat egin dute asteazken honetan Nafarroako Ikastolen Elkartearen egoitzan izan den agerraldian 2018ko Nafarroa Oinez antolatu duen Altsasuko Iñigo Aritza ikastolak eta 2019koaren ardura bere gain hartu duen Tuterako Argiak.

Altsasuarrak oso pozik azaldu dira urriaren 21eeko jaiarekin eta haren emaitzekin. Agerraldia baliatu dute bertaratu ziren «milaka eta milaka euskaltzaleei» eskerrak emateko, baita «auzolanean egun paregabe hura posible egin zuten» Iñigo Aritza ikastolako zein Nafarroako ikastoletako familiei. Balorazioa, beraz, oso ona izan da nahiz eta, azaldu dutenez, «biribilak beti ditu ertzak»; eta ertza, kasu honetan, ikastolako ikasle izandako gazte baten heriotza izan.

Balorazioa beraz, oso ona da, biribila. Oinez egunari dagokionean, esan bezala giro paregabea izan genuen, eguraldi bikaina eta famili giro ederra. Aipagarrien artean, Erronkak mugitu zuen gazte mordoa eta Haurren Hiria, non etxeko txikienak aske ibili baitziren.

Emaitza ekonomikoei dagokienez, «oraindik ez dakigu, zenbateko ekonomikoa zein den. Diru sarrera batzuk falta dira oraindik eta, batez ere, gastuak kontabilizatzen gabiltza orain. Edonola ere, Nafarroa Oinez urtea ekonomikoki ongi aterako dela aurreikusten dugu, baina egia da ditugun behar guztiak asetzeko adina ez digula emango», esan dute.

Altsasuko ikastolako ordezkariek haien «indar eta laguntza» eskaini diote Argia Ikastolari, «argi dugu auzolanean eta elkarrekin egin behar dugula gaurdanik Nafarroa euskalduna», azalduz.

'Izan argi!'

Tuterako Argia ikastolak, berriz, Nafarroa Oinez 2019ren goiburua eta logoa aurkeztu ditu. 'Izan argi!' da, hain zuzen, leloa, eta «hitz-joko horrekin deskribatu nahi izan dute zein den gure ikastolak bizi duen momentua, bai gure hizkuntzaren garapenaren testuinguruan, bai jomugan dugun marko pedagogikoaren aurrean».

Logorako, berriz, eguzkitik abiatu dira: «Argia Ikastolan jaio eta Tutera eta Erribera osoa hartzen ditu bere barne». Horren bidez, «etorkizunera begirako norabidea zehazten dugu, non gure hizkuntza helburu dugun hezkuntza markoaren oinarria izango den».

Argia ikastolako ordezkariek azaldu dute komunitatearen nahia dela Nafarroa Oinez 2019 Erriberako jende guztiaren festa izatea, eta «proiektuak ematen duen oihartzuna Erribera markarentzat erakusleiho izatea». «Besoak zabalik hartuko ditugu Oinezen antolakuntzan eta garapenean lagundu nahi duten guztiak», adierazi dute, nabarmenduz «proiektuaren izaera ibiltariak edizio bakoitza antolatzen duen ikastolaren idiosinkrasia eta bere ingurua errespetatzea» ahalbidetzen duela.

Ikastolari dagokionez, 1984an hasi zen, Beterri peñako lokaletan bost neska-mutil eskolak euskaraz jasotzen hasi zirenean. «Guraso talde baten ekimenari eta ahaleginari esker abiatu zen, haiek egin baitzuten apustua Erriberan aitzindaria zen hezkuntza proiektu euskaldun eta kooperatiba izaerakoaren alde», gogoratu dute.

1984an sortu zen, bost neska-mutikorekin, eta 2006an izan zen legalizatua Erriberako herri askotako ikasleak hartzen dituen ikastola

Etengabe joan zen handitzen, eta 2000. urtean ikastetxea handitzeko lanak egin zituzten. 2006an, berriz, negoziazio luzeen ondoren, Argia Ikastola legalizatu zen, ez-euskalduna izendatzen den eremuan dauden beste ikastolen legalizazioarekin batera. 2006ko urriaren 13an Nafarroako Gobernuak bere itun erregimenean sartu zuen gure ikastola. Behin betikoz «Fontellaseko Argia Ikastolaren irekiera eta funtzionamendua baimendu zituen eta Haur Hezkuntzako bigarren zikloa eta Lehen Hezkuntzako zikloa eman genitzakeen. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako zikloa ere baimendu zen, baina salbuespenezko eta aldi baterako izaerarekin, Heziketa Fisikoa emateko kiroldegi bat edukitzea ezinbesteko baldintza baitzen».

Argia ikastolaren sustraiak Nafarroako Erriberan daude. Herri askotako ikasleak jasotzen dituzte (Tutera, Fontellas, Cintruenigo, Corella, Cascante, Murchante, Alesbes, Cadreita, Arguedas, Castejon, Buñuel, Cortes, Ribaforada...) eta «gure familiek herri horietako bizitza sozial eta kulturalean parte hartzen dute, gero eta aberatsago eta pluralago eginez».

Azaldu dutenez, «Nafarroa Oinezek bultzada ekonomikoa emango digu eta, bultzada horri esker, Argia Ikastolak lanean jarraitu ahal izango du bere kooperatiba ereduan oinarrituz hezkuntza proiektua eta aldi berean soziokulturala den proiektua garatuz, xede taldetzat Erriberako gizartea duena».

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos