Aldi baterako enplegu publikoko lehen 163 lan poltsak sareratuko ditu Jaurlaritzak, web orri berrian

Aldi baterako enplegu publikoko lehen 163 lan poltsak sareratuko ditu Jaurlaritzak, web orri berrian

Lan poltsan daudenek, besteak beste, datu pertsonaletara eta harremanetarako datuetara sartu eta horiek eguneratu ahal izango dituzte, enplegu bilaketarako lehentasunetara jo eta aldatu, eta poltsa bakoitzerako eginiko kontratazioen xehetasunak kontsultatu

DVDonostia

Eusko Jaurlaritzak web orri berria jarriko du abian uztailaren 1etik aurrera, euskal administrazio publikoaren lan poltsak kudeatzearekin zerikusia duten izapide guztiak sarean kudeatzeko. Atari berria gaur egun Euskadiko Administrazio Orokorrean, Justizia Administrazioan eta Segurtasunean (ez Ertzaintza) dauden 163 lan poltsekin abiatuko da.

Hala ere, Erkorekak ostiral honetan Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan zehaztu duenez, Jaurlaritzaren helburua da pixkanaka jardun eremua zabaltzea eta euskal sektore publikoko erakunde guztiek erabili ahal izatea webgunea, hala nahi badute, langileak hautatzeko eta hutsik dauden postuak betetzeko prozesuak kudeatzeko.

Gaur egun, ia 57.000 pertsonak eman dute izena aipaturiko 163 lan poltsetan: Euskadiko Administrazio Orokorrean 114 lan poltsa eta 27.515 pertsona; Justizia Administrazioa lau lan poltsa eta 20.599 pertsona; Segurtasunean 45 lan poltsa eta 8.445 pertsona.

Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez, zerbitzu berria «jauzi kualitatiboa» da lan poltsen kontsultan eta kudeaketan, bai euskal administrazio publikoarentzat, bai hiru eremu horietan aldi baterako enplegu publikoa eskatzen duten 57.000 pertsonentzat. Giza baliabide eta material ugari aurrezten du, eta horrela, admninistrazioa eta zerbitzu publikoaren eraginkortasuna hobetu egiten dira, aurrerantzean, 163 poltsa horien izen-emate, kontsulta eta kudeaketa sarean egin ahalko baita, urteko 365 egunetan eta eguneko 24 orduetan. Edozein gailutatik egin ahalko da, baldin eta Interneterako konexioa badu, ataria erabat erabilgarri egongo baita mugikorretatik eta tabletetatik.

Webgunearen erabilerak

Lan poltsan daudenek, besteak beste, datu pertsonaletara eta harremanetarako datuetara sartu eta horiek eguneratu ahal izango dituzte; enplegu bilaketarako lehentasunetara jo eta aldatu; dDitzeko egoerara jo eta aldatu (eskuragarri edo arrazoitutako aldi baterako baja); poltsetako egoera simulatu, aurretik zenbat pertsona dauden eskuragarri jakiteko, lehentasunen eta hizkuntza eskakizunaren arabera; poltsa bakoitzerako eginiko kontratazioen xehetasuna kontsultatu.

Gainera, ataria berritzen jarraituko dute, urtea amaitu aurretik zerbitzu gehiago eman ahal izateko, hala nola lan eskaintzak jaso eta onartzea, erreklamazioak eta errekurtsoak aurkeztea, curriculum vitae zabaltzea, zerrenden birbaremazioetara jotzea edota desgaitasunen bat egiaztatzea.

Datorren astelehenetik aurrera, ekainaren 17tik, Eusko Jaurlaritzak informazio gutunak bidaliko dizkie 163 lan poltsetan izena eman duten ia 57.000 pertsonei, uztailaren 1etik aurrera atari hori erabilgarri egongo dela jakinarazteko.

Temas

Euskera