Aiako Harria ezagutzeko ibilbide gidatuak hastear dira

Txoritokietako dolmena/Lobo Altuna
Txoritokietako dolmena / Lobo Altuna

Parke Naturaleko udako ibilbide gidatuak hasiko dira larunbat honetan, hilak 3. Txoritokieta estazio megalitikoa, Aizpitarte haitzuloak eta Añarbe baso erreserba ezagutzeko egitarauak ere antolatu dituzte

DVDonostia

Kontserbazio Bereziko Eremua da Aiako Harria Parke Naturala. Natura 2000 Sarearen barruan babestua dago, eta zonaldea ezagutzera emateko, ibilbide gidatu eezberdinak eskainiko dituzte larunbat honetatik hasita, abuztuak hiru, eta urrira bitarte. Errenteriako Listorreta Barrengoloia aisialdi gunean hasiko dira.

Oarsoaldean garapen agentziatik jakitera eman dutenez, ibilbideen eskaintza 'Lau Haizeta parkea eta Txoritokieta Estazio Megalitikoa' izeneko bisita gidatuarekin hasiko da aurten. Goizeko 10:00etan ekingo diote bisita elebidunari, San Marko gotorlekuan. Irailaren 8an eta 14an eta urriaren 6an ere egingo dituzte bisitak.

Bisitara animatzen direnek aukera izango dute 600 hektareako naturgune horretan dagoen Txoritokietako estazio megalitikoa bisitatzeko. Bertan ikusi daitezke aintzina hildakoei eraikitako monumentu desberdinak, trikuharriak eta tumuluak adibidez.

Gainera, San Marko eta Txoritokieta gotorleku militarrak eta inguruko baso eta hezeguneak ezagutzeko aukera ereizango da. Guztira, hiru orduko iraungo du bisitak.

Beste bi bisita

Bestalde, orain dela bi urte aurkitu ziren Arte Parietal Paleolitikoko aurkikuntzek berebiziko interesa emango diete Aizpitarte haitzuloetako bisita gidatuei. Aurkitutako grabatuek arbasoen bizimoduari buruzko ezagutza erakusten dute, antzinatasuna, erabilitako teknika eta euren kontserbazioa direla medio. Bisita hau abuztuaren 11 eta 25ean, irailaren 28an, eta urriaren 20an egin daiteke. Haitzuloak itxita daude, eta bisita gidatua eginez baino ezin izan da barruan sartu. Bisitak ordu eta erdiko iraupena izango du.

'Añarbe Baso Erreserba' bisitarekin osatu dute bisita gidatuen eskaintza. Bisita horretan, Malbarzako eta Pagosardeko hezeguneetan aurkitzen diren fauna, flora eta euren berezitasunak ezagutzeko aukera izango da. Ibilbideak aparteko pagadietan barneratuko ditu bisitariak eta baso hauen bioaniztasuna eta beraien kudeaketarekin erlazionaturiko hainbat jokabide ikusteko aukera izango dute. Abuztuaren 17 eta 31an, irailaren 22an eta urriaren 12an izango dira bisitak, eta abiapuntua Susperregi jatetxean izango da. Lau orduko bisita izango da.

Beharrezkoa da Errenteriako Turismo Bulegoan aurretik erreserba egitea edozein bisitan parte hartzeko, 943 494 521 telefonoan edo turismoa@oarsoaldea.eus posta elektronikoan.

Temas

Euskera