«Ahozkotasuna lantzeko ez dugu arau luzeagorik behar, tresna egokiakoak baizik»

Miren Lourdes Oñederra Euskaltzaindiaren Ahos­kera batzordeburua, erdian/Euskaltzaindia
Miren Lourdes Oñederra Euskaltzaindiaren Ahos­kera batzordeburua, erdian / Euskaltzaindia

Ahozko komunikazioa aztertuko dute ostiral honetan Gasteizen, Euskaltzaindiaren mendeurreneko laugarren jardunaldian

N. AZURMENDIDonostia

Gasteizko Artium museoan egingo du Euskaltzaindiak ostiral honetan mendeurreneko laugarren jardunaldi akademikoa. Ibilbidea Baionan hasi zen iazko irailean, eta Donostian amaituko da bidaia, datorren irailaren 12 eta 13an, teknologia berriei eta euskarari emandako jardunaldiarekin.

Gasteizko jardunaldi trinkoak –goizeko saioa da, 9:00etatik 14:00etara bitartekoa–, ahozko komunikazioa du aztergai eta hizpide. Gaiarekiko arreta handiagoa eskatuko balu bezala, 'Eta ahoskera zer?' lelopean izan da deitua. 160 lagunek eman dute izena, eta streaming bidez ere jarrai daiteke, Akademiaren Youtube-ko atarian.

Ahoskera, atzetik

Hasiera ekitaldian Andres Urrutia euskaltzainburuak, Miren Lourdes Oñederra Euskaltzaindiaren Ahos­kera batzordeburuak, Igone Martí­nez de Luna Arabako Euskara foru diputatuak eta Iñaki Prusilla Gasteizko Udaletxeko Euskara zinegotziak hartuko dute parte.

Haien ondotik, hiru hitzaldi. Aurreneko biek ere galdera ikurra dute, gaiaren inguruko zalantza ugarien seinale-edo. Oñederra bera arituko da aurrena, 'Ahoskera arautu eta i(ra)kas al daiteke?', galdetuz, eta antzeko kezka jarriko du mahai gainean Mª Heliodora Cuenca Villarín Sevillako Unibertsitateko irakasleak: 'Irakats al daiteke ahoskera? Eta aldagarritasuna?'. Jardunaldia itxiko duen saioak, itxuraz, erantzunak ekarriko ditu, 'Nola ikasi ahoskerak' gaiaz ariko baita Julia Marín antzerki-itzultzailea.

Lourdes Oñederrak onartzen du orain dela mende erdi hasi zen eus­kararen batasunaren lasterketa modukoan ortografiaren, gramatikaren edo lexikoaren atzetik doala ahoskera, estandarizazioari dagokionez. «Ez dakit kontsolatzeko balio duen, baina beste horrenbeste gertatu da gainerako hizkuntza gehienetan ere», dio.

Batetik, batasuna idatzizkorako irudikatu zelako lehenik eta behin. Euskaltzaindiak ahoskeraz emana duen arau bakarra –'Euskara batuaren ahoskera zaindua', 1998koa– honelaxe hasten da: «Arantzazuko Biltzarrerako prestatu zuen txostenean, Euskara Batua euskara idatzirako zela mugatu zuen Koldo Mitxelenak eta, euskara idatziaren barrutian, irakaste lanetarako», azalduz hala ere «irrati eta telebista euskaldunak ditugunetik bereziki ahoskeran ere batasunerako irizpideak» ematea beharrezko irudi­tzen zaiola «bati baino gehiagori».

Egon da, hortaz, gutxiespen puntu bat ahoskerarekiko. Berariazko zailtasunak ere baditu, ordea. «Iheskorra» da, «likidoagoa», Oñederraren hitzetan. «Ez da ukalondoa jarri eta aditz-formak buruz ikastea bezala. Hori ondo dakigu bigarren hizkuntza bat ikasi dugun guztiok. Menderatu ditzakezu gramatika eta hiztegia, baina ahoskera lantzen ez baduzu ez zara eroso sentituko», dio.

Gauza batek bestea dakarrenez, «bereziki zaila iruditzen zaigu, eta zaila iruditzen zaigulako aparkatu egiten dugu, ez dugu lantzen...». Baina ba­tzuetan «gauzak zailak dirudite tresneria egokia erabiltzen ez dugulako, eta agian ahoskera lantzeko orduan filologoon tresnak baino egokiagoak dira antzerkiko aktoreen trebakuntzan erabiltzen direnak».

Arauaren eragina

Araua, esan bezala, egon badago. Bakarra, 1998koa, laburra. Oñederraren ustez, 'euskara batuaren ahoskera zaindua' finkatzen duen arau edo aholkua «ez da laburregia, nik ez nuke gehiago luzatuko, inondik ere. Egin behar dena da, eta hortik jardunaldia, gauzak ondo ulertu, argitu eta indartu, eta dinamika ahalik eta praktikoena ireki».

Eragin behar da, esaterako, ira­kaskun­tzan. «Ikasleei erakutsi behar zaie ahoskera, horretarako eraginkorrak diren baliabideak erabilita. Azken batean, ahoskera da hiztunaren pasaporteko argazkia bezala, afektibitatearekin zerikusia ere badu», eta nahitaezkoa da halaber «komunikazio ahalik eta onena» berma­tzeko . «Ezin da memoriaz ikasi, baina ikasten duzunean segurtasuna ematen du, eroso sentiarazten du hiztuna», dio. Beste ertz bat ere badu gaiak: euskara batuaren eta berezko 'musika' duten euskalkien arteko harremana. Hori ere landuko da jardunaldian.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos