Ahotsetik testurako aldibereko itzulpen automatikoaren proba pilotuak egingo dituzte
Elhuyarrek eta UPV/EHUko Uda Ikastaroek sinatu dute akordioa eta 2023ko udan hasiko da
Elhuyarrek eta UPV/EHUko Uda Ikastaroek ahotsetik testurako aldibereko itzulpen automatikoko sistemarekin proba pilotuak egingo dituzte, bi eragileek sinatutako hitzarmenaren emaitza bezala. Akordioak hizkuntza-teknologien esparruan egingo duten elkarlana jasotzen du eta sinatzeko ekitaldian izan ziren Jon Abril Olaetxea Elhuyarreko koordinatzaile nagusia eta Itziar Alkorta Idiakez UIK-ko zuzendari akademikoa.
Hitzarmenari esker, aurtengo UPV/EHUko Uda Ikastaroetan, hizkuntza-teknologiak baliatuz, aldibereko itzulpen automatikoko sistemak probatuko dituzte ingurune errealetan. Hala, hautatutako ikastaroetako hitzaldiak automatikoki testu idatzi bihurtu, eta automatikoki itzuliko dira, aldi berean.
Aldibereko itzulpenak egin ahal izateko adimen artifizialean oinarritutako teknologiak erabiliko ditu Elhuyarrek, hala nola ahotsaren errekonozimendurako sistemak eta itzulpen-sistema automatikoak.
Alde batetik, UIKrentzat garrantzitsua da proiektua, euskarak programan presentzia handiagoa izateko aukera emango dielako; izan ere, interpreterik aurreikusita ez dagoen kasuetan ere, hizlariek euskaraz hitz egiteko tartea hartu ahal izango dute, eta esandakoaren berehalako itzulpena idatziz jaso ahal izango dute euskal hiztunak ez diren ikasleek, beren hizkuntzan.
Bestetik, Elhuyarrentzat aukera aparta da sortzen duen teknologia ingurune errealean probatzeko. Proba pilotu hauetan baloratuko da sistema nola egokitzen den zenbait hizlari eta egoeratara. Urrats garrantzitsua izango da aldibereko itzulpen automatikoa ahalbidetuko duten teknologiak gizarteratzeko.