Afrika Arantzazun dago

Nollywoodeko film bateko irudia/Reuters
Nollywoodeko film bateko irudia / Reuters

Atzo ospatu zen planetan barrena Afrikaren Eguna. Gurean ere. Dantzak izan ziren. Musika izan zen. Zinema. Antzerkia. Pintxo potea. Tailerrak. Ipuin kontalariak ibili ziren iskin askotan. Hitzaldiak izan ziren. Errebindikazioak. Ezer ez da, ordea, bukatu. Afrika egunero hasten delako. Hemen Han.

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESODonostia

Afrika. Hemen eta han. Atzo. Orain. Bihar. Afrika. Ebola birusak aurrera egiten du bertan. Ikaragarria da triskantza, baina Afrikako jendea ohituta dago hiltzen. Malariak hiltzen ditu afrikarrak. Hiesak hiltzen ditu afrikarrak. Goseak hiltzen ditu afrikarrak. Anaiak anaia hiltzen du Afrikan.

Semeak aita. Naturak hiltzen ditu afrikarrak. Zuriek utzitako miseriak hiltzen ditu, oraindik ere, afrikarrak Afrikan. Kongoko Errepublika existitu existitzen da. Izena duelako eta izena duen orok, esaera zaharrak dio, izana du. Baina Belgikako zikoitz krudel horiek alde egin zutenean, 13 unibertsitario baino ez ziren bertan. Askoz gehiago ziren gorpuak, esklabo izandakoak, gorputzean zein ariman zauriak zituztenak. Kongo existitzen da, baina ez du herrialde batek behar duen hezurdura, ezinbestekoa den herri armazoia. Ez erakunderik, ez gobernurik. Aurrera egiten du Ebolak Kongon. Baina ohituta dira Afrikan hiltzen.

Ederra da Nigeria. Bere zinema industria, Nollywood izenekoa, sekulakoa da. Sekulakoa. Hamaika, ziento, mila film eta bat egiten dira egunero han. Gauero ere. Indiako Bollywoodek bakarrik eusten dio Nigeriak jarritako zeluloide erronkari. Hollywoodek aspaldian galdu zuen gerra. Pantaila gutxi daude Nigerian, baina poltsikoko telefono, ordenagailu eta tableta ugari. Gailu horietan ikusten du jendeak ziztu batean, umore eta akzio handiz sortutako irudi sorta amaigabe hori.

Ederra da Nigeria. Ustelkeriaz blai dago. Aberatsa da lehengaiez. Pobrea demokraziaz. Egun, Espainian lan egiten duten prostitutak gehienak nigeriarrak dira. Baina Nigeriako zinema industriak milioiak mugitzen ditu. Ederra da Nigeria, bai.

Etiopiako Presidentea emakumea da. Shalework Zewde du izena. Namibiakoa emakumea da. Saara Kugongelwa du grazia. Munduak daki Afrikako etorkizuna emeen eskuetan dagoela. Eta ez bakarrik gobernuetan. Ez bakarrik parlamentuetan. Baita herrixka txikienetan ere. Emakume fin horiek. Emakume eder, dotore, oldar horiek. Aita semeak tabernan daude. Ama alabak soroetan, merkatuan, Kongresuan. Baina Boko Haram taldeko terroristek neskatoak bahitzen dituzte. Nigerian.

Eta sexu-esklabo eta errukigabeko soldadu bihurtu. Afrikako biharkoa emakumeek erabakiko dute. Baina oraindik ablazioa jasaten dute, mutilazio genitala. Gizonezkoek beldurra diotelako emakumeen plazerari, emakumeen indarrari. Emakumeak bizitza sortzen baitu.

Nosa Igbinomwania Marshal musikariak, Donostian dabilen kantautore apartak, Afrika lur gozo eta librea dela dio. Eta hala da. Egiatan. Baina Naturak, Politikak, Lurrak emandako ondasun amaiezinek hiltzen dituzte afrikarrak Afrikan. Munduak egunero akabatzen du Afrika.

Berpiztuko da egun batean Afrika. Berpizten ari da. Egunero hasten da pizkunde harrigarria. Gaztea da kontinentearen populazioa. Gaztea oso. Gure zaharkituriko lurraldeetara dator gazteria hori. Mundu hobe baten desiraz. Baina aldi berean Afrikara bueltatzeko asmoz. Afrika berpiztu nahi dutelako askok. Gaztea da Afrika. Emea da Afrika. Gozoa da Afrika.

Ekainaren batean, Arantzazun TAU Fundazioak ekingo dio, aurten ere, 'Al encuentro de África/ Afrikarekiko Topaketa' izena duen egitasmoari. Sakonak izango dira hausnarketak. Alaiak dantzak. Itxaropenaz gainezka kontatuko diren ipuinak. Zehatzak merkatu, industria, merkataritza azterketak. Eta ez, ez dute bakarrik zuriek hitz egingo. Gehiegi hitz egin dugu europarrok Afrikaz. Gehiegi eta, maiz, debaldetan. Ez, oraingoan afrikarrek egingo dute berba. Afrika afrikarrena delako. Behar du izan. Izango da. Ez, ezin dute gehiago itxaron. Ederra da Afrika. Gozoa. Libre.

Temas

Euskera