Euskadiko lau enpresa eta bi zentro teknologiko, Nurembergeko Zibersegurtasun Azokan

Euskadiko lau enpresa eta bi zentro teknologiko, Nurembergeko Zibersegurtasun Azokan

Countercraft, Globetesting, Keynetic Technologies eta S21sec euskal enpresek eta Ikerlan eta Tecnalia teknologia zentroek parte hartu dute azokan

DVDonostia

Zibersegurtasunari lotutako Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) lau enpresa eta bi zentro teknologiko izan dira IT-SA 2019 azokan, Zibersegurtasunaren Euskal Zentroaren eta SPRI Taldearen standean. Azoka astearte honetatik ostegunera egingo da, Alemaniako Nuremberg hirian, eta gaiaren gainean Europan egiten diren azoka garrantzitsuenetako bat da. Countercraft, Globetesting, Keynetic Technologies eta S21sec euskal enpresek eta Ikerlan eta Tecnalia teknologia zentroek parte hartu dute azokan.

SPRI Taldeko iturriek jakinarazi dutenez, euskal erakusgunea laneko bilerak egiteko eremu gisa diseinatu da. Gainera, euskal ordezkariek hitzaldi batzuetan ere parte hartu dute; Javier Diéguez Zibersegurtasunaren Euskal Zentroko zuzendariak hitz egin du bertan, eta, 'Zibersegurtasunak lehiakortasuna ekarri eta tokiko enplegua bultzatuko du: ikuspegi praktikoa' hitzaldian azalduko du zibersegurtasuna zuzendaritzari lotuta egoteaz gain enpresa arriskua kudeatzeko balia daitekeela eta, horrenbestez, ezin dela gai isolatu gisa hartu.

Halaber, Richard Barrell Countercraf enpresako produktu kudeatzaileak erasotzaileen portaerari eta erasoak saihesteko moduari buruz hitz egin du, eta Jose Aracil GlobeTesting enpresako zuzendari eragileak azaldu du segurtasuneko ingeniariek SecDevOps eredu batean lan egin behar dutela. Aitor Urbieta Ikerlaneko industriako zibersegurtasunaren saileko ordezkariak Mondragon taldeko enpresa industrialen katean zehar dauden erronkez hitz egin du.

Tecnaliako Ana Ayerbe ere izan da IT-SA 2019 azokan, eta Gauzen Interneti esker makinak zuzenean beste batzuetara lotu daitezkeela eta horien artean transakzioak ere egin daitezkeela azaldu du. Bestalde, Keynetic Technologies konpainiako Jon Matiasek adierazi du bere enpresak segmentazioan oinarritzen den teknologia duela 4.0 industriaren erasoei aurre egiteko, eta Igor Unanue S21sec enpresako ordezkariak informazioaren teknologietan eta operazioen teknologietan dagoen zibersegurtasunari buruz duen iritzia eman du.

Azokako foroetan izango diren hitzaldiez gain, Zibersegurtasunaren Euskal Zentroak eta Euskadiko standean izango diren gainerako enpresa eta zentro teknologikoek azoka baliatu dute «zibersegurtasunean Euskadik duen indarra erakusteko» eta nazioarteko beste eragile batzuekin «harreman bideak zabaltzeko».

Temas

Euskera