Administrazioarekin harreman gehienak, gailu mugikorrak baliatuta

Administrazioarekin harreman gehienak, gailu mugikorrak baliatuta

Jaurlaritzaren webguneen multzoak 31 milioi bisita jaso ditu; kontsulta gehienak Lanbide, Euskalmet eta Osakidetzan egin dira

DVDonostia

Harreman digitalerako, erabiltzaileek nahiago dituzte gailu mugikorrak. Eusko Jaurlaritzako web-zerbitzuen kontsulta, izapide eta erabileren %51 smartphone eta tabletetatik egiten da dagoeneko. 2019ko lehen seihilekoan, Jaurlaritzaren webguneen multzoak 31 milioi bisita jaso ditu; kontsulta gehienak Lanbide, Euskalmet eta Osakidetzan egin dira.

Hartara, bisitak % 5,71 gehitu ziren 2018ko epe berdinaren aldean. Batez beste, Euskadiko Herri Administrazioko atarien sarean nabigatu zuten pertsonak 3 minutu eta 18 segundo egon ziren bertan.

Guztira, sareak 57 atari biltzen ditu, eta herritarrei Euskadiko Herri Administrazioko zerbitzu guztiei buruzko informazio eta dokumentazio osoa eskaintzen diete.

Azken lau urteko joerarekin jarraituz, gero eta bisita gehiago egiten dira gailu mugikorrak erabiliz, 2015. urtean atari nagusia birmoldatu zutenetik. 2019ko lehen seihilekoan, lehentasun hori mantendu egin da eta gero eta jende gehiagok, % 51k, gailu mugikor bat erabiltzen du euskadi.eusera sartzeko.

Administrazio gero eta irisgarriagoa

Javier Bikandi Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko zuzendariak gogorarazi duen bezala, «Eusko Jaurlaritzaren atarien sarea, euskadi.eus, 2004an sortu zen, zerbitzu publikoaren gogo sendoaz eta Euskadiko herri-administrazio guztien topagune izateko. Bada, gure helburua da herritarrentzat administrazioa gero eta irisgarriagoa, hurbilagoa eta argiagoa izatea. Eusko Jaurlaritzak lan egiten du euskadi.eus-en mendeko webgune guztiek sarbide unibertsala bermatzeko gogo irmoaz, axola gabe zein diren haiek kontsultatzen dituzten pertsonen eta erabilera-testuinguruaren muga tekniko, fisiko, sentsorial edo intelektualak».

Gainera, Eusko Jaurlaritzak aurrera jarraitzen du «Irakurketa Erraza» bere proiektuan, testu errazak eta argiak erabiltzeko eta, hartara, Euskadiko Herri Administrazioko informazio ofizialaren edukia herritarrek erraz uler dezaten. Eusko Jaurlaritzaren helburua da administrazio, ekonomia, zuzenbide eta abarretako hizkera espezializatuak hizkera errazarekin bateragarri egitea.

Sare nagusiak bere gain hartzen ditu Euskadiko beste erakundeen webguneetako estekak: hiru foru-aldundiak, hiru batzar nagusiak, Eusko Legebiltzarra, EUDEL...

Iaz Estatuko Administrazio Orokorrak egindako 'Erabilerraztasunaren Behatokia' delakoak 10etik 9,3ko puntuazioa eman zion. Era horretan, araudia betetzen du ezintasunak dituzten pertsonek informazioaren gizarteari eta gizarte-komunikazioko bitartekoei lotutako teknologia, produktu eta zerbitzuak eskuratzearen gaietan.

Temas

Euskera