405.000 euro euskara ingurune digitalean sustatzeko

Interneten edukiak euskaraz soilik hedatuko dituzten egitasmo ez komertzialen artean 300.000 euro banatuko dira/Fotolia
Interneten edukiak euskaraz soilik hedatuko dituzten egitasmo ez komertzialen artean 300.000 euro banatuko dira / Fotolia

Gobernu Batzordeak euskara ingurune digitalean sustatu, garatu eta normalizatzeko diru laguntzak onartu ditu. Berritasunak dauzka aurtengo deialdiak

DVDonostia

Jaurlaritzak 405.000 euro onartu ditu euskara ingurune digitalean sustatzea helburu duten proiektuak laguntzeko. Deialdiak bi modalitate izango ditu aurten: batetik, Interneten edukiak euskaraz soilik hedatuko dituzten egitasmo ez komertzialak lagunduko dira; bestetik, interneten euskaraz gain beste hizkuntza batean edo batzuetan zabaltzen diren egitasmo ez komertzialetako euskarazko bertsioak diruz lagunduko dira.

Aurtengo deialdiak, gainera, berritasunak dauzka. Ingurune digitaleko komunikazio proiektuak aurten indartu eta berritu diren hedabideentzako diru laguntza deialdien bidez lagunduko dira; ondorioz, komunikabide digitalak ez dira deialdi honen bitartez lagunduko.

Gainera, Jaurlaritzak eta hiru aldundiek 10,5 milioi euro jarriko dituzte, urtero, euskarazko hedabideak laguntzeko, orain arte jartzen zutena baino 3,1 milioi euro gehiago. Igoera horren ondorioz, Internet bidezko komunikabide guztiak hedabideen deialditik diruz lagunduko dira. Bestetik, lehen laguntzen ziren app-en ebaluazioa egin ondoren, erabaki da horiek beste bide batzuetatik diruz laguntzea.

Interneten edukiak euskaraz soilik hedatuko dituzten egitasmo ez komertzialen artean 300.000 euro banatuko dira. Alde batetik, modalitate honen bitartez lagunduko dira 2019an abian jarriko diren egitasmo berrien garapena eta horiek hornitzeko euskarazko edukiak. Era berean, diruz lagundu daitezke lehendik abian dauden egitasmoetan funtzionalitateak hobetzea edo gehitzea, edota egitasmoak hornitzeko euskarazko edukiak.

Bestalde, interneten euskaraz gain beste hizkuntza batean edo batzuetan zabaltzen diren egitasmo ez komertzialetako euskarazko bertsioen artean 150.000 euro banatuko dira. Modalitate honen bitartez ere 2019an abian jarriko diren egitasmoen garapena eta horiek hornitzeko euskarazko edukiak diruz lagunduko dira. Horrez gain, lehendik abian dauden egitasmoetan funtzionalitateak hobetzea edo gehitzea, edota egitasmoak hornitzeko euskarazko edukiak lagunduko dira.

Temas

Euskera