360.000 euro gastronomiaren sektorea eraldatzeko

360.000 euro gastronomiaren sektorea eraldatzeko

Gastronomia 4.0 programako diru laguntzen 2019. urteko deialdia onartzea erabaki du Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak

EL DIARIO VASCO

Lurraldeko gastronomiaren balio katean dauden enpresei zuzenduta dagoen programak 360.000 euro banatuko ditu diru laguntzetan. Teknologia berriak gastronomiaren balio kate osoan erabiltzea eta, negozio eta kudeaketa eredu berriak sortuz, teknologia berri hauen inpaktuari aurre egitea da diru-laguntza hauen xedea.

Berrikuntza sustatuz, nazioarteko lidergoa bultzatu nahi du foru erakundeak; Imanol Lasa bozeramaileak Gipuzkoa «gastronomiaren arloko erreferente mundiala izaten jarraitzea» nahi dutela adierazi du, «baita XXI. mendeko gizarte berri honetan ere, kalitatezko ezaugarriak edukitzeaz gain, elikadura osasungarri eta jasangarria bultzatu eta teknologia berriak erabiltzea sustatzen duelako, negozio eredu eta soluzio berriak sortzen dituen heinean ».

Teknologiak eskaintzen dituen aukera guztiak baliatuz osagaien eta etxeko gauzen industrian aldaketak eragiteko, jatetxeen eta zerbitzu osagarrien sektoreetan jada dauden negozio ereduen bilakaera sustatzeko eta eredu berriak identifikatzeko bideratuko dira 360.000 euroak.

Iaz, deialdi honen bidez, 19 proiektu babestu ziren, 805.839 euroko inbertsioa mugiaraziz. Gipuzkoaren maila «nabarmena da jatetxeetan eta goi mailako sukaldaritzan, baina baita 'Gastronomia Ekosistema' izeneko beste eragile batzuetan ere, bere balio kate guztian zehar, ekoizleetan hasiz eta prestakuntza eta osagaien industriatik pasatuz, azken kontsumitzailera iritsi arte. Kate horrek jarduera ekonomikoa eta lanpostuak sortzen ditu, eta finkatzen lagundu nahi dugu«, adierazi du Lasak.