35.000 ikasle, euskaltegietara bueltatzeko prest

Euskaltegien ordezkari eta agintariak, HABEren matrikulazio kanpainaren aurkezpenean/
Euskaltegien ordezkari eta agintariak, HABEren matrikulazio kanpainaren aurkezpenean

Euskadiko 103 euskaltegiek 35.000 ikasle inguru jasoko dituzte aurki hasiko den ikasturtean zehar, eta inoiz baino diru-laguntza handiagoak jasoko dituzte matrikula ordaintzeko

Euskadiko Autonomia Erkidegoan dauden HABEren 103 euskaltegiek 35.000 ikasle inguru jasoko dituzte ikasturte hasiberri honetan, eta inoizko diru-laguntzarik handienak jasoko dituzte matrikula ordaindu ahal izateko, matrikulazio kanpainaren aurkezpenean azaldu dutenez. Eusko Jaurlaritzak, esate baterako, %44 igo du ikasleentzako diru-laguntzetara bideratutako aurrekontua, iazko 1.250.000 eurokotik, 1.800.000 eurokoa onartzeraino.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak 2018-2019 ikasturterako euskaltegien matrikulazio kanpaina aurkeztu du, Barakaldoko Udal Euskaltegian. Euskaldiko udal euskaltegirik handiena den zentro hori ordezkatuz, Barakaldoko Hezkuntza, Kultura, Euskara eta Gazteria zinegotzi Nerea Cantero izan da, bai eta euskaltegien sareko hainbat ordezkari ere. Euskaltegien ordezkariekin eta aipatu agintariekin batera izan dira, besteak beste, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea, Jokin Azkue HABEko zuzendaria, eta aldundietako, EUDEL, UEMA eta beste erakunde batzuetako ordezkariak ere.

«Euskara era nabarmenean gaztetu eta sendotu da azken hamarkadetan, eta egun bizi duen egoera euskarazko hezkuntzaren aldeko apustua egin duten milaka familiei eta euskara euskaltegietan ikasteko esfortzua egin duten milaka hiritarrei esker izan da posible. HABEren datuen arabera, 1986az geroztik, 460.000 herritar ezberdin izan dira uneren batean euskaltegiren batean matrikulatuta. Apustu hori aitortzera gatoz gaur. Eta euskara ez dakiten herritarrak hizkuntza horretara gerturatzera animatu nahi ditugu. Esfortzu bat eskatu arren, euskara ikasteak ematen dizuna bizitza guztirako da; ziur gaude erabaki horrek ez zaiela damutuko», adierazi du Bingen Zupiriak.

Ikasleei erraztasunak ematea helburu

Zupiria sailburuak Barakaldo jarri du euskarak hainbat tokitan bizi izan duen suspertzearen adibide gisa: udalerri horretan, euskaldunak hiritar guztien %2,6 ziren 1986. urtean; egun, %23 dira. «Orain dela hiru hamarkada, euskaraz aritzeko gai zirenak 2.790 pertsona ziren udalerrian. Barakaldok, egun, 22.000 euskal hiztun ditu; eta euskara ulertzeko gai diren beste 16.000 pertsona. Jauzia izugarria izan da», aipatu du.

Ikasleei erraztasunak emateko apustua izan da, hain zuzen ere, izena emateko epearen irekiera-ekitaldi honetan gehien nabarmendu duten alderdietako bat. Zupiriak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzaren laguntzek %44 egin dute gora. Beste erakunde guztien laguntzak gehituz gero, B2 mailara arteko euskararen ikaskuntza epe laburrean doakoa egiteko apustua lortzetik gertuago daude. «Ikasleei laguntza ekonomikoak eskaintzeko apustua garbia da, eta geroz eta nabarmenagoa. Gainera, euskaltegiek geroz eta erraztasun handiagoak eskaintzen dituzte ordutegien malgutasunari, teknologia berrien erabilerari eta ikaskuntza-epearen bateragarritasunari dagokienez. euskararen ikaskuntza doakoa egitea da helburua, aurki, B2 mailara arte, komunikazioa bermatzen duen maila den heinean», gaineratu du.

Eusko Jaurlaritzak, halaber, %6 areagotu du HABEren (Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea) bidez euskaltegi pribatuei egiten dien ekarpena; eta % 1,5 udal euskaltegiei egiten diena. Guztira, euskaltegien sareak 2018-2019 ikasturterako jasoko duen ekarpena 32.817.000 eurokoa izango da (20.752.000 euskaltegi pribatuentzat eta 12.065.000 euro udal euskaltegientzat).

Ikasleen profila

Iragan 2017-2018 ikasturtean, 34.225 ikaslek eman zuten bere izena Euskal Autonomia Erkidegoan dauden 103 euskaltegietako batean (zenbateko hauen baitan EAEko euskaltegi guzti-guztiak hartzen dira kontuan). Aipatu ikasketa-zentroetan, 1.300 irakaslek lan egiten dute. Ikasleen %80ak euskaltegi pribatuetan eman zuen izena.

Ikasleen erditik gorak B2 (% 25,11k maila hori gainditzeko eman zuen izena) eta C1 (% 28,8ak) mailetan eman zuen izena. Zupiriak datu hori nabarmendu du: «Egun, maila baxuenak ez dira ikasle gehien dituztenak; aldaketa bat eman da maila altuagoen mesedetan. Euskaltegietako ikasle askok beren gaitasuna hobetzea dute helburu, eta hori osoa positiboa da, lotura zuzena baitago hizkuntza-gaitasunaren eta hizkuntzaren erabileraren artean».

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos