'HitzEkin' abesti eta bideoklipa aurkeztu dute
AEK-k eta Korrikak antolatutako 22. ediziorako hitzak Sustrai Colinak egin ditu eta musika Nerea Urbizurena da
Urtebete beranduago bada ere, dena prest dago jada 22. Korrika egiteko eta antolakuntzak eskatu bezala euskara «hitzetatik ekintzetara» eramateko. Covid-19aren eraginagatik 2021eko udaberrian egitekoa zen edizioa 2022ra atzeratzea erabaki zen eta duela aste batzuk 2022ko martxoaren 31n Amurrion abiatu eta apirilaren 10ean Donostian amaituko zela iragarri ostean, 'HitzEkin' abestia eta bideoklipa aurkeztu berri dute Iruñeko Golem Baiona zinema aretoan.
Abestiaren hitzak Sustrai Colina bertsolariak sortu ditu eta hitzei musika Nerea Urbizu musikariak jarri die. Ane García, Anari eta Nerea Urbizu bera dira interpreteak. Urbizuren esanetan, «abestia emozionala da, soziala. Pop kutsua dauka gehienbat, eta hiru adin desberdineko emakumek abestua da, gure helduen eta txikien arteko katearen sostengu eta bitartekaritza irudikatzeko». Mezuari dagokionez, Urbizuk esan du «irekia» izan arren, «balore garrantzitsuak» bultzatzen dituela: «ausarta izatea, ahalduntzea, oztopoen gainetik aurrera egitea edota beldurrak gainditzea».
Zuzendari artistikoaren esanetan bideoklipa «hainbat istorio biltzen dituen film laburra» da, «jendearen korrika egiteko motibazioak» jasotzen dituena. Horrekin alderaketa egitea bilatu du, «Korrikarekin antzeko zerbait gertatzen baita, sentsibilitate desberdineko jendea biltzen du eta indar bat, poz bat, babes bat eragiten digu».
Ekitaldian bideoklipa ere aurkeztu da, jarraian ikusgai dagoena:
Bere aldetik, Asier Amondo Korrikako arduradunak 'HitzEkin' leloaren esanahia azpimarratu nahi izan du. «Hizkuntza bat hitzekin osatzen da, baina ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea», azaldu du. Eta harago joan da, «unea orain dela» esanez, «euskara hitzetik ekintzara pasatzeko unea. Aldekotasunetik konpromisora jo behar da eta konpromisotik eragitera, erakunde orok urrats sendoagoak emateko jendartearen nahiei eta beharrei erantzuteko».
'Hitzekin' lelopean egingo da Pirritx, Porrotx eta Marimotots omenduko dituen 22. Korrika eta euskara «hitzetik ekintzetara» eramateko deia zabalduko du 11 egunez Euskal Herri osora, baita Euskal Herritik kanpo ere. Horretarako 2.500 kilometro inguru korrituko dituzte lekukoak eta haren barruan sartuko den mezuak, azken egunera arte sekretua izango denak. Ibilbide zehatza eta espresuki egindako aplikazioa urtarrilaren 17an egingo den agerraldian zehaztea aurreikusia dago, betiere osasun egoerak baimentzen badu. Hamar egun lehenago, urtarrilaren 7an, omenaldia jasoko dute Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Gure Zirkuak Tolosan jarrita edukiko duen karpan.
Antolatzaileek hainbatetan nabarmendu duten bezala «Korrika lasterketa baino gehiago da» eta asmoa milaka lagun errepideetara ateratzea da. Horri «modu ahalik eta ohikoenean» eusten saiatuko dira unean uneko egoeraren arabera.