Ingurune digitalaz, UEUren udako ikastaroen hasieran

Edurne Koch UEUko Nafarroako arduraduna; Iñaki Alegria UEUko uzendaria eta Irati Iciar Udako Ikastaroen zuzendaria, aurkezpeneko argazkian./
Edurne Koch UEUko Nafarroako arduraduna; Iñaki Alegria UEUko uzendaria eta Irati Iciar Udako Ikastaroen zuzendaria, aurkezpeneko argazkian.

35 ikastaro eta 8 jardunaldirekin, Euskal Herri osora zabalduko da hurrengo asteetan ikastaroen 45. edizioa

EL DIARIO VASCO

'Ingurune digitalaren ikerketak Euskal Herrian' jardunaldiarekin hasi da ostegun honetan UEUren Udako Ikastaroen 45. edizioa, hurrengo asteetan 35 ikastaro eta jardunaldi eskainiko dituena, azken urteetako arrakasta errepikatzeko helburuarekin. Aurtengo leloa 'Elkar Ekin' da (#ElkarEkin ), «udakoak elkarlanean antolatu eta jakintza berriak sortzen direla azpimarratzeko asmoz».

Sorreratik egin izan duen bezala, Udako Euskal Unibertsitateak, udako ikastaroetan zein urtean zehar antolatzen dituen ekitaldi ugarietan, gizartean pil-pilean dauden gaietan jartzen du arreta, ikuspegi zientifikoa galdu gabe baina herritarren kezketatik hurbil gehienetan. Bilboko Azkuna Zentroak hartu duen lehen jardunaldian ere egunerokotasun beteko gai bat izan dute hizpide. Hain zuzen ere, antolatzaileek adierazi dutenez gutxi dira orain arte ingurune digitalaren inguruan Euskal Herrian egin diren ikerketak, ez bada alde teknologikotik. Hutsunea bereziki gizarte zientzietan eta diziplinen arteko ikuspuntutik sumatu du UEUk, eta ari da hutsune hori betetzeko aleak biltzen. Asmo horretan kokatzen dira iaz egin zituzten 'Euskarazko on-line eskaintza unibertsitatean: egoera eta erronkak' jardunaldiak, eta maiatzean egin zen Ikergazte biltzarrean ere gai horiek ardatz dituzten ikerlariak bildu zituzten.

Ikastaroen aurkezpena egin zenean Iñaki Alegria UEUko Zuzendariak adierazi zuenez, «guretzat garrantzi berezia du egitasmo honek, UEUren helburu estrategikoak landuko baititugu bertan: Euskal Herrian Interneten eta IKTen gaineko ikerketa zentro baten beharra jendarteratu eta indartzea; Euskal Herriko zein atzerriko Interneten inguruko zentroen esperientziak ezagutzea eta Unibertsitateak Unibertsitateak, administrazioak eta enpresak elkarlanean jartzeko aukerez hausnartzea».

27 ikastaro eta 8 jardunaldi

Beste ezaugarri bat da 27 ikastaroen (110 proposamen jaso zituztenez, hautaketa zorrotza egin behar izan zuten) eta 8 jardunaldien hedapen gero eta zabalagoa eta, leloak adierazten duen moduan, gero eta ohikoagoa izatea jarduerak beste eragile batzuekin lankidetzan antolatzea. Hori da, esate baterako, Usurbilen bertako Udalarekin eta Jakin-ekin sinatutako hitzarmenari esker uztailean egingo den 'Euskara, generoa, jatorria eta klasea gurutzatzen diren tokia' jardunaldiaren kasua. Esan behar da, bidez batez, iragarri bezain pronto bete zela, eta itxaron zerrenda ireki behar izan zutela antolatzaileek. Ez denez bakarra kasu horretan, interesa dutenei komeni zaie, oraindik egin ez badute, izena ematea ahalik eta azkarren. Ikastaroa hasi baino astebete lehenago ixten denez, zabalik dago orainik horietako askotan parte hartzeko aukera. Izena web gunean eman behar da.

Esan bezala, Euskal Herri osora helduko dira ikastaro eta jardunaldiak, nahiz eta Eibarko egoitza nagusia izan kopuru handiena hartuko duen tokia. Hala, Eibarren 14 ikastaro eta 4 jardunaldi egingo dira, Iruñean 7 ikastaro, Baionan 5 ikastaro eta jardunaldi bat, ikastaro bat Beran eta jardunaldi bana Donostian, Usurbilen eta Bilbon.

UEUren historian horren garrantzitsua den Iruñean egingo diren ikastaroetan iazko berrikuntza nagusiari eutsiko zaio, eta berri bat ere bada. Hain zuzen ere, aurkezpenean Edurne Koch UEUren Nafarroako arduradunak azaldu zuenez, datorren astean egingo dira, ekainaren azkenekoan. «Iaz ikastaroak San Ferminen aurretik antolatzeko erabakia hartu genuen eta erantzuna ikusita, bide berdinetik jarraitzea erabaki dugu», esan zuen. Beste berritasun inportante bat da bi ikastaro Nafarroako Gobernuko Hezkuntza departamenduarekin elkarlanean antolatu direla, eta bi horiek doan eskainiko direla. Bi hitzaldi ere emango dira Nafarroako hiriburuan.