Araba Euskaraz, bosgarren aldiz Bastidan

Arabako ikastolen festaren aurreko edizio bateko argazkia./
Arabako ikastolen festaren aurreko edizio bateko argazkia.

Errioxako zenbait herritako ikasleak eskolaratzen dituen Bastida Ikastolaren eskutik egingo da igande honetan, ekainak 18, Arabako ikastolen jaia

EL DIARIO VASCO

Gela bakarra. Andereñoa ere, bakar bat. Ikasleak, berriz, zazpi. Horrela abiatu zen 1979an Bastidako ikastola. Gaur egun hamar gela ditu, hamairu irakasle eta 165 ikasle. Horietako asko, gainera, inguruetako herrietatik joaten zaizkie, Errioxako zenbait herritakoak barne: Miranda de Ebrotik, Zanbranatik, Salinillas, Briñas eta San Vicente de la Sonsierratik... Haro, Casalarreina, Cuzcurrita, Ollauri eta Castañareseko umeak gerturatzen dituen beste autobus bat ere badute,

Etengabe hazi da Bastida Ikastola, baina ez du dagoen horretan gelditu nahi, ezta gutxiago ere. Suziriaren martxa hartu nahi du, eta horrelaxe eraman euskara berez euskaldun kopuru txiki samarra duen Arabako Errioxara. Hori dela eta, suziri baten irudia eta komikietan harridura adierazteko erabiltzen den 'Wow' onomatopeia lelo hartuta antolatu du igande honetan, ekainak 18, Bastidan egingo den Araba Euskaraz, lurralde horretako ikastolen jaia.

Bastida Ikastola ez dago eskarmentu faltan, aurretik lau bider arduratu baitira Araba Euskaraz antolatzeaz. Bosgarren honetan, aurrekoetan bezala, egitarau zabala prestatu dute, espazioko abentura kutsuari eusten dioten hiru guneetan. Festaren ekitaldi nagusiak hartuko dituzten guneek, hain zuzen, Esnebidea, Andromeda eta Prometheus dira. Aurrenekoa gunerik zabalena izango da, eta bertan burutuko dira kontzertuak, tailerrak eta dantzaldiak. Horko agertokian ariko dira Oihan Vega, Huntza eta Hesian taldea igoko dira oholtza gainera. Denetarik pixka bat izango da Andromeda gunean, musika barne eta txikienei zuzendutako ekitaldiak hartuko ditu nagusiki Prometheusek, hala nola puzgarriak, pailazoak eta tailerrak. Erronka osatuko duten probak, berriz, hiru guneetan jokatuko dira.