640.000 euro datorren ikasturtean Eskola Agenda 21 garatzen jarraitzeko

Eskola Agenda 21eko plenoa Irungo udaletxean, iazko ekainean./
Eskola Agenda 21eko plenoa Irungo udaletxean, iazko ekainean.

Unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen %70ak parte hartzen dute programa honetan, ingurumenari buruzko proiektuekin

EL DIARIO VASCO

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak 640.000 euro bideratuko ditu 2017-2018 ikasturtean ingurumenari eta garapen iraunkorrari buruzko proiektuak aurrera eramango dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeei diruz laguntzeko.

Eskola Agenda 21eko diru-laguntzak jaso ahal izateko deialdia datorren ekainaren 1ean hasten da eta gehienez sei hilabeteko epean ebatziko da emaitza. Hala geratu da jasota Ingurumen eta Hezkuntza Sailen aginduan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, maiatzaren 31n argitara aterako den horretan.

Eskola Agenda 21 garrantzizko hezkuntza-estrategia da iraunkortasunaren alde, eta ikasleen funtsezko partaidetza-lerro bilakatzen ari da udalerrietako ekintza-planetan. 2002az geroztik Euskal Herriko udaletan Tokiko Agenda 21 abian jarri zirenetik aukera eman zieten eskolari eta udalerriari euren ingurumen-programak integratzeko. Era horretan hasi zuen bere ibilbidea hurrengo urtean Eskola Agenda 21ek. Orain, derrigorrezko hezkuntzako ikastetxeen ia %70 daude programan (220.000tik gora ikasle), eta horietatik ia %20k dute Eskola Jasangarria ziurtagiria.

Eskola Agenda 21 ikastetxeen, Hezkuntza eta Ingurumen Sailen eta udalen arteko lankidetzan oinarritzen da, eta horregatik ditu laguntza nabarmenak (baliabide ekonomikoak, aholkularitza eta prestakuntza). Eskola-curriculumeko oinarrizko gaitasunak garatzeko tresna eraginkorra izateaz gainera, sentsibilizatu egiten ditu ikasleak ingurumen-arazoetan eta premia hauetan: kutsadurari aurre egitea, biodibertsitatea zaintzea eta klima-aldaketaren eragina mugatzea, Garapen Iraunkorraren Euskal Ingurumen Estrategia 2002-2020ren helburuak, hain zuzen ere.

Datorren 2017-2018 ikasturterako finkatutako laguntzak unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publiko eta pribatu itundu guztiek eska ditzakete. Horretarako, proiektu bakar bat ikastetxe bakoitzeko aurkeztu behar dute tramitazio elektroniko bidez. Proiektuak iraunkortasunaren aldeko hezkuntzaren arloan burutu behar diren jarduera guztiak bildu behar ditu, eta aurrekontu bat erantsi behar zaio.

Aginduak zehazten duenez, eskatzen dituzten eta ezarritako baldintzak betetzen dituzten ikastetxe guztiek jasoko dituzte diru-laguntzak. Diru-laguntza horien zenbatekoa aurkeztutako proiektuaren araberakoa izango da, eta gehienez 5.000 eurokoa izango da Eskola Jasangarriaren ziurtagiria duten ikastetxeen kasuan, eta 3.000 eurokoa gainerakoentzat.

Aurreikusitako jarduerak garatzeko garaian, dagokion Ingurugelako (ingurugiroarekiko irakasbideen hezkuntza eta ikerketarako ikastegia) lankidetza, prestakuntza, aholkularitza eta laguntza teknikoa izango dute ikastetxeek.