Nanofikziozko komiki bat, zientzia eta artea uztartzeko

'Dayanne eta Murillo. Nanozientziaren indarra', iazko kanpainaren emaitzetako bat./
'Dayanne eta Murillo. Nanozientziaren indarra', iazko kanpainaren emaitzetako bat.

CIC nanoGUNE eta DIPC ikerketa-zentroek nanoKOMIKen bigarren edizioa antolatu dute

EL DIARIO VASCO

CIC nanoGUNE eta Donostia International Physics Center (DIPC) nanozientzian eta materialen zientzian espezializatutako ikerketa-zentroek nanoKOMIK 2017 proiektua kaleratu dute nanofikziozko komiki parte-hartzaile bat sortzeko asmoz.

Nanozientziaren eta nanoteknologiaren alorrean egiten diren aurrerapenek eskaintzen dituzten aukerak gizartean hedatzea eta gazteen sormena piztea du helburu proiektuak. Horretarako, 2017ko nanoKOMIK erronka jarri da martxan. Desafioa, «nanoboteredun» superheroi bati buruzko istorio grafikoa sortzean datza, alegia, nanozientziari eta nanoteknologiari esker gaitasun bereziak bereganatzen dituen pertsonaia bati buruzko komikia.

2017ko edizioan, erronkak bi adin-kategoria izango ditu: 14-18 urtekoa eta 18 urtetik gorakoa. Erronkan aurkezten diren istorioek nanoboterearen oinarri zientifikoak izan beharko ditu abiapuntu bezala, eta haren erabilgarritasuna islatu. Horretarako, www.nanokomik.com webgunean informazio ugari eta bideo-sorta bat dute eskuragarri parte-hartzaileek;alde batetik, materiak nanoeskalan dituen propietate harrigarriak zientzialariek beraiek azalduta; bestetik, marrazkilari batek komikiak egiteko gakoak erakutsiko dizkie pausoz pauso. Lanak webgunean bertan aurkeztuko dira ekainaren 11ra arte.

Bigarren fasean, helduen kategoriako irabazleak nanofikziozko komiki parte-hartzailea egiteko aukera izango du, gazteek erronkan sortutako istorio originaletan eta ideia berritzaileetan oinarrituz. Berriztapen honekin proiektuaren izaera parte-hartzailea nabarmendu nahi da, komikilari berrien lana ezagutzera ematearekin batera.