Zaldikia omega-3 motako gantz azidoen iturri izan liteke

Zaldikia omega-3 motako gantz azidoen iturri izan liteke

Penintsularen iparraldeko autonomia erkidegoetan merkaturatzen den zaldi haragiaren nutrizio kalitatea aztertu dute

EL DIARIO VASCO

Europako hainbat herrialdetan zaldikia behiarena beharrean saltzeagatik sortutako polemikaz geroztik lau urte igaro dira jada. Osasunerako Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Lactiker ikertaldea azterlan bat egiten ari da, Zaldikia omega-3 motako gantz azidoen iturri izan liteken jakiteko eta, horretarako, penintsularen iparraldeko autonomia erkidegoetako establezimendu handi eta txikietan merkaturatzen den zaldi haragiaren nutrizio kalitatea aztertu dute.

Animalia jatorriko elikagaien kalitatea eta segurtasuna ikertzen duen EHUko Lactiker ikertaldeak, zaldi haragiaren nutrizio kalitatea aztertu du, gantzen kalitatea bereziki. Hain zuzen ere, penintsularen iparraldean giza kontsumorako ekoizten den zaldi haragiaren ekoizpena ikertu dute: zaldi haragiaren ezaugarri sentsorialak, kontsumitzaileen onargarritasuna, genomika, elikadura, autentifikazioa, trazabilitatea eta alderdi etiko eta sozioekonomikoak. Noelia Aldai irakaslearen esanetan, "asmoa da zaldi haragia baldintza iraunkorretan ekoitz dadin sustatzea, kontsumitzaileek erosi ahal izango duten kalitate oneko jaki osasungarri bat lortzeko, ekoizpenaren baldintzak betez eta animalien ongizatea eta ingurumenaren kontserbazioa zainduz".

Ikerketaren zati esperimentaletako batean, Kantauriar mendikatearen albo bietan merkaturatzen den zaldi haragiaren nutrizio kalitatea ebaluatu da. "Diseinu esperimentala egiteko, harategi espezializatuetan eta saltoki handietan merkaturatzen den zaldi haragiaren laginak hartu ziren urteko bi sasoitan, udaberrian eta neguan. Penintsularen iparraldeko sei autonomia erkidegotan hartu ziren laginak: Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan, Kantabrian, Asturiasen, Galizian eta Gaztela eta Leonen", esan du Xabier Belaunzaranek, taldeko ikertzaileak.

Azterlanaren emaitzek erakutsi dutenez, lagin gantzatsuenak Nafarroakoak eta Gaztela eta Leongoak ziren, eta giharrenak, berriz, Asturias eta Galiziakoak. Euskadikoek eta Kantabriakoek, azkenik, tarteko gantz mailak zituzten. "Eskualdeen arteko aldakortasun horrek agerian jarri zuen alde nabarmenak daudela animaliak erabiltzeko moduan, eta badirudi arraza, elikadura eta hiltzeko adina direla faktore esanguratsuenak ondorioztatu du Belaunzaranek. Oro har, omega-3 motako gantz gehiago aurkitu zen neguan bildutako laginetan, seguru asko animaliak mendiko larreetan hazi zirelako udazken bukaerara arte".

Ikerketaren ondorioak

Fase esperimentalaren aurretik, zaldi haragiaren kalitateari buruzko bibliografia berrikusi zen, baita zaldikiaren inguruko ezagutzan zer hutsune eta ikerketarako zer aukera dauden. Berrikuspen horretan, datuak bildu ziren ikusteko ea mundu osoan biztanle bakoitzeko zenbat zaldi haragi ekoizten eta merkaturatzen den eta zenbat dagoen eskuragarri, batetik, eta zaldi haragia formatu handiko espezie gisa erabiltzeak zer ondorio dituen eta kontsumitzaileek zenbateraino onartzen duten, bestetik.

"Animaliok beste espezie hausnarkari batzuen aldean abantailak izan litzakete mendiko larreak erabiltzeko orduan, euren digestio fisiologia dela eta. Izan ere, zaldien digestioak eraginkortasun handiagoz transferitzen ditu omega-3 motako gantzak larreetatik haragira, eta trans motako gantz azido gutxiago metatzen ditu; gainera, berotegi gas gutxiago isurtzen dute ekoitzitako haragi unitate bakoitzeko", esan du Xabier Belaunzaranek.